Aiko-k 'Dantzaldi Ibiltaria'-ren edizino barria aurkeztu dau jantza tradizionalaren mundua kaleko jenteari zabaltzeko asmoz

Bizkaie! 2011-09-09 15:49   Kulturea

Aiko-k Dantzaldi Ibiltaria ikastaroen edizino barri bat aurkeztu dau gaur Bilbon. Holan, hasibarriei zuzendutako oinarrizko jantza ikastaroagaz batera, asteroko topaketak antolatuko dira oinarrizko ezaguerak dituen jantzazaleentzat, eta joteari buruzko espezializazino-ikastaro monografiko bat. Ohitureari jarraituz, jarduera horreen osogarri, hilero erromeriak egingo dira Durangoko Plateruena Kafe Antzokian.

Euskal ondare musikala barritzea helburu dauen Aiko taldeko musikari eta jantza-irakasleek jantza tradizionalari buruzko Dantzaldi Ibiltaria ikastaroen edizino barri bat aurkeztu dabe gaur Bilbon. Holan, hasibarriei zuzendutako oinarrizko jantza ikastaroagaz batera, asteroko topaketak antolatuko dira oinarrizko ezaguerak dituen jantzazaleentzat, eta joteari buruzko espezializazino-ikastaro monografiko bat. Ohitureari jarraituz, jarduera horreen osogarri, hilero erromeriak egingo dira Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Aiko taldeak proposamen interesgarri, dinamiko eta jostaria aurkeztu dau, jantza tradizionala kaleko jenteari hurreratzeko asmoz, jantzan egitea eta jantzaz gozetea erraztuko dauen ingurune erakargarri baten laguntzaz.

Aiko taldeak Dantzaldi Ibiltariaren barruan programau dituan ekimenek arrakasta handia lortu dabe. Igaz, 500 ikasle baino gehiagok emon eben izena Sopela, Erandio, Gernika, Galdakao, Durango, Zarautz eta Zaratamon antolatutako ikastaroetan. Horrezaz gan, Plateruenan antolatzen diran hileroko erromeriak ezinbesteko topaleku bihurtu dira jantzatzaleentzat, eta aparteko jarduerek (Durangon abenduan eta bagilean ospatutako Dantzazale Eguna, Zaratamon eta Zarautzen antolatutako Herriz Herri Dantzan edota Zarauzko dantza-barnetegia) egundoko arrakastea lortu dabe programazino nahiz parte hartzeari jagokenez. Ondorioz, Aikoko musikari eta maisuek hastear dagoan ikasturterako eskaintzea berregituratu dabe. Matrikulea egiteko epea zabalik dago honezkero, eta Internet bidez be egin daiteke, www.aikotaldea.com webgunean.

Hastapenak

Aurreko urteetan legez, lehenengo pausuak emon nahi dituen zaletuek, Aikok asterik aste, urritik bagilera bitartean eskainiko dituan jantza tradizionaleko eskolak hartu ahal izango ditue herri desbardinetan. Oinarrizko Jantza Ikastaroak Aikok proposatutako irakaskuntza-ereduaren arabera eratutako hastapen-ikastaroak dira. Dibertimendua helburu dauen ikasketa-prozesu xume baten bidez, jantza tradizionalaren errepertorio-aukerak irakatsiko deutseez ikasleei. 90na minutuko iraupeneko saio horreetan, gorputz koordinazinoa eta koordinazino erritmiko-musikala lantzeko ariketak egingo dira, euskal jantza nagusiez (soka-jantzea, jotea, porrua, baltsa, mazurka, txotisa, pasodoblea, polka, kontradantzea, kontrapasa, etab.) osotutako errepertorioari aplikauta.


Trebatuta dagozanentzako

Oinarrizko ezagutzak dituenentzako, Aikok barrikuntza garrantzitsua abiarazo dau ikasturte honetan: Dantzaguneak izeneko jantzan egiteko esparruak sortu ditu. Jantzazaleei zuzendutako ekimen honen bitartez, asteroko topagunea eskainiko jake jantzak praktikau eta jantzaz gozetako aukerea izan deien. Jantza-saiootan, oinarrizko ezaguerak dituen jantzazaleek alkarregaz batu eta alkarregaz jantzan egin leikie jantza-maisuaren gidaritzapean, teknikea hobetu eta pausu eta jantza barriak ikasteko aukereagaz. Saio horreek be ikasturtea amaitu arte antolatuko dira, urritik bagilera bitartean.


Jota/fandangoari buruzko monografikoa Zarautzen

Aurten, barrikuntza lez, jantza-mota jakin bati buruzko ikastaro monografikoak antolatuko dira. Ikastaro horreetako lehenengoak jotea izango dau ardatz. Jantza honen oinarrizko pausuetatik abiatuta, jantzatzale, jantzari eta jantza-irakasleek aldaera, apaindura eta eboluzino desbardinetan mobiduteko aukerea izango dabe. Hilero, urritik bagilera bitartean, zapatu goizez, Aiko taldeak batzeko topagunea sortu nahi dau Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian, jatorri tradizionaleko jota edo fandangoa ulertu, ikasi eta horren inguruan inprobisetako interesa daben Euskal Herri osoko jantzazale, jantzari eta jantza-irakasleentzat.

Aiko musika eta jantza maisuek osotutako taldea dan neurrian, eta bere helburua musikea eta jantza tradizionalaren mundua zabaldu, irakatsi, bultzatu, ikertu eta gizarteratzea dala gogoan hartuta, jota errepertorioaren ezinbesteko osogai bilakatu da taldearentzat, jantza-estilo tradizionalaren nondik norakoak ezagutarazoteko tresna bikaina, hain zuzen. Esangura horretan, Aikok jotearen jatorrietara itzultzeko egin dauen proposamena taldearen ibilbide eta asmoen sintesia eta isla dala esan daiteke.


Hileroko erromeriak Durangoko Plateruenan

Aurreko urteetan legez, aitatutako ekimenen osogarri, jente guztiarentzatz abalik egongo dan erromeria egingo da hilean behin Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, antxinako jantzaldi herrikoien jai-giroa berreskuratzeko asmoz. Herri erromeria horreek (zapatuetan egingo dira beti, 19:00etan, sarrerea dobakoa dalarik) egun honeetarako programauta dagoz: irailaren 17rako, urriaren 29rako, zemendiaren 19rako, abenduaren 17rako, urtarrilaren 21erako, zezeilaren 25erako, martiaren 17rako, apirilaren 14rako, maiatzaren 19rako eta bagilaren 23rako.


Aiko Taldea

Aiko irabazi-asmorik bako kultur alkartea da, musika eta jantza maisuek osotutakoa, musika eta jantza tradizionalaren mundua komunikau, ezagutarazo, garatu, zabaldu, irakatsi, sustatu, bultzatu, ikertu, popularizau eta gizarteratzea helburu dauena. Musika eta jantza talde moduan errepertorio tradizionalaren interpretazinoan, transmisinoan eta pedagogian egiten ari dan lan trinkoagaz batera, Aikok hainbat liburu, partitura, CD eta DVD grabau eta produzidu ditu, horreetako azkena, Bikaña izenekoa, bi gaita eta tanbor batez joten dan jantzarako musikeari zuzenduta dago. Gaur egun, Aiko agortuta dagozan bere lan batzuen berrargitalpena preparetan dabil, baita jantzarako errepertorio orokorrari eskainitako CD barri bat (bere lehenengo CDaren lorratzari jarraituz), eta jantza tradizionalari buruzko zenbait bideo didaktikoren argitalpena be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu