Xenpelarren bizimodua eta ekarria (II)

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2011-09-09 11:43   Bertsolaritzea

Xenpelarren bizimodua eta ekarria I-en Senperelarre baserrian agurtu genduan Juan Frantzisko Petriarena Xenpelar gure protagonistea.

Beinke, tertzio ederrean natortzue… Ia abuztu bezperan eta paparra atarata holan akabau neban azken artikulua: Artikuluaren bigarren zatia leidu ahal izateko, abuztura arte itxaron beharko dozue. Ondo pasau bakazinoetan. Eta abuztuan ez da Xenpelarren bizimodua eta ekarria II-ren notiziarik egon. Baina neure kautan zera pentsau neban: artikulua eginda be, bakazinoatan dagoanari ernegazo ez jakonez egin behar, hobeto bertso-ardura barik nasai dagozala.

Aurreko guzurtxo hori egia be ez da eta, akorduan euki zaituet bakazino guztietan; batez be, abuztuaren erditik aurrera. Opor osteko depresinorik ez, baina artikulua dala eta ez dala, oporretako buruko minen bat euki egin, egin dot. Neu be, zeuon moduan seguru, hara-horra –etxe ondoan bada be– parau barik ibili naz eta zereginak beti pitin bat atzeratu guran. Baina urri lehenengoa ailegau da; danok gagoz, halanda ze, itxi ateak!


Senperelarretik fabrikara

Xenpelarren bizimodua eta ekarria I-en Senperelarre baserrian agurtu genduan Juan Frantzisko Petriarena 'Xenpelar' gure protagonistea. Ez zan luzerorako izango ze, XIX. Mendeko industrializazinoak mobimentua eta fabrika ugari eroan zituan Errenteriara. Bertan behar egiteko gogoagaz, baserria itxi eta Xenpelarren ama eta hiru seme-alaba (Jose Mari, Maria Luisa eta Xenpelar bera), Errenteriako Maddalen kalean egoan etxe baten parau ziran biziten. Etxe horrexetan ezkondu zan gure bertsolaria 1859ko abenduaren 22an Maria Josefa Retegi Mitxelenagaz eta, gerorantza, hiru alaba euki be bai.

Baserritik industrializazinorako bidea derrigorrean eta ato baten egin behar izan eban Xenpelarrek. Lehen aitatu dan legez, fabrika asko altzau ziran herrian eta horreetako bat 1845eko Sociedad de tejidos de lino izenekoa izan zan, oraindino be errenteriar askok Fabrika handia deitzen deutsiena. Xenpelarrek eta Maria Luisa bere arrebeak bertan egiten eben behar. Bertsoak eta istorioak bat baino gehiago landu eta galduko ziran lino artean, baina bat sikeran bai, danon gogoan parau da: Xenpelar ez zan fabrikako behargin-bertsolari bakarra. Bizente Retegi Iriberri 'Musarro' oiartzuarra be beragaz egoan. Musarrok, beharrean ebilela be, erretzeko afizino itzela ei eukan. Halango baten, Xenpelarrek Musarro pipeagaz harrapau eta, ailegoan hasita, hurrengoa bota eutsan:

Aizak hi, mutil mainontzi,
nagusiari goraintzi:
Ez al hakiken hor pipa hartzia
ez zela lizentzi?


Gazteegi hil

Xenpelarren ekarria galanta izan arren, konturatuko zinien -(1835-1869)- bere bizimodua ez zala hain luzea izan. Orduko denporan edozein gaixok ekarten zituan andariak etxe-portalera eta, gaixoa kutsakorra bazan, txarrago oraindinokarren: norbere etxetik urten barik eta bertara inor sartu ezinda –gura bez, sarritan- itxaron behar izaten jaken hil-kanpaiei.

1869an nafarreria zabaldu zan Errenterian. Bertsolariaren etxean beste mundura joaten lehenengoa bere andrea izan zan, hogeita hamabost urte bete barri. Baten baino gehiagotan leidu behar izan dot ze, ikaragarria izan zan Maria Luisak, Xenpelarren arrabeak, egin ebana: lau urteko alabatxoa gizonagaz itxi eta umedun egoala, bere nebea eta loba gazteak jagoten joan zan.

1869ko abenduaren 8an hil zan Xenpelar, 35 urte bete barik, arrabea ondoan eukala. Egun berean jaio zan Maria Luisaren alabatxoa, baina abenduaren 17an hil zan eta hurrengoa egunean Maria Luisa bera. Hori bai, Xenpelarren alabek aurrera egin eben. Aita Zavalaren datuak kontuan hartuta, 1869ko urriaren 10etik 1870eko urteilaren 17ra bitartean, 29 herritar eroan zituan nafarreriak.


Xenpelarren itxurea eta bertsoak

Erretratu faltan egonda, ezin geinke jakin zelangoa zan Xenpelar, itxuraz, behintzat. Txikia eta estua ei zala bai eta begi biziak –demonientroarenak be igual- eta arpegiko kolorea berdezkea eukala hurrean. Aurreko teoriakaz fietan ez bazarie leidu egizue zer kantau eutsan Olloki bertsolariak Xenpelarri: Honoko txiki honek astinduko gaitik.

Ikonografian gelditu jakun irudia Antonio Valverde 'Ayalde'k Antonio Lekuona 'Matxio' oiartzuarra eredu hartuta egin ebana da. Aitatu danez, esan lei ba ze, handia, behintzat, ez zala, baina bere bertsoei kasu egin ezkero bakezalea, bai. Iya guriak egin du bertso-sortan zera eskribidu eban 1872ko azkenengo karlistaldia baino lehenago: Ez naiz ni gerraren zale, baizik pakearen alde. Kristinaua be bazan eta jesuitak Espainiatik botatearen kontra egoan: Lehengo legerikan nahi/ez bazuten galdu/jesuitak zertako kanpora bidaldu?

Abadeak kobrau ez izateak be grazia handirik ez eutsan egiten: Debaldekua dala/haur bataiatzia,/gainera hiltzen dana/enterratutzia;/ez bazaie tokatzen jornalik hartzia,/alferrik da orduan/estudiatzia. Foruzalea be bazala dinoskue bere bertsoek: Lege onetan gauden/ganbiatu gabe,/inor egin ez dedin/euskaldunen jabe. Karlisten alde be egin ez arren, liberalak ez zituan begiko: Liberalak diote egoteko umil/lehengo lege zaharrikan/eztutela nahi hil/gu tontuak bagina/horiek beti abil/oraindik asuntua/fandanguan dabil.

Bertsokerea indartsua, umorea, ironia, bertso argia, errimea ona… ezagun da bere beharretan. Iya guriak egin du; Betroiarena; Aizak hi mutil mainontzi… Nik neuk, sikeran, gustura leiduten dodazanak. Lastimea, bere bertso-paper asko galduta egotea.

Artikulua akabauaz be badoa eta, Xenpelar bera eta bere bertsoak hobeto ezagutu gura badozuez, aukera bi emongo deutsuedaz: bata, Armiarma weborrian sartzea eta bigarrena, Elixabete Perez Gazteluren Bidegileak bildumako Juan Frantzisko Petriarena 'Xenpelar' liburutxoa begiratzea. Badakizue, bertatik atara dodala Bizkaie!-rako Xenpelar-en laburpentxoa.

Ni neu, hil honetako 26ra arte agurtuko naiatzue. Atzerapen barik bueltauko naz eta sorpresa eta guzti. Ondo bizi!

Erantzunak

baze-si-zuk-in-dok-yo-la! 2011-09-12 23:25 Erantzuna | #1

Esne! zer esan gurok, artikuloa Elixabeten librutik plajiau dokela? Arean disimulau edo, oso nozeapein idatzi arren be, pentsaik beti despistauen batek leidu ahal jaukela! jeje!
Artikuloa bera, interesante. Erdiko zatie astuntxo parau jatak, \"espesito\"; baie ostean ondo e! Idazkerea bera, ederra!!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu