Irailaren 11n, frankismoaren biktimei gorazarre egingo jake Berrizen
2011-09-06 15:52Berrizko Udalak aurten be, irailaren 11n, frankismoaren biktimei gorazarre egingo deutse. Berrizko herriak 1936ko estadu kolpe faxisteari aurre egitearren fusilautako zein kartzelan hildako berriztar guztiak oroitu eta goretsiko dira. Irailaren 11n, domekan, goizean egingo dira oroimen ekitaldiak.
Berrizko Udalak aurten be, irailaren 11n, frankismoaren biktimei gorazarre egingo deutse. Berrizko herriak 1936ko estadu kolpe faxisteari aurre egitearren fusilautako zein kartzelan hildako berriztar guztiak oroitu eta goretsiko dira. Irailaren 11n, domekan, goizean egingo dira oroimen ekitaldiak. Hauxe da egitaraua:
11:00 Oroimenaren Bidean, fusilatuen eta kartzelan hildakoen oroigarriaren inaugurazinoa. Bertsolariak, jantzariak eta lore eskaintzea.
12:15 Kultur Etxean, Debekatuta dago oroitzea dokumentalaren proiekzinoa (Egileak: Txaber Larreategi eta Josu Martinez). Ondoren luntxa.
Oroigarri barria
Oroimenaren Bidean jarriko da biktima guztiak gogoratuz eta batez be fusilau eta kartzelan hildakoak aitatzen dituan oroigarria. Hildakoen izenak eta eurek idatzitako eskutitzen pasarteak irakurri daitekez oroigarrian.
Irailak 11, zergaitik?
Felipe Urtiaga alkate izan zana eta Jose Agirre guardia herritarra 1937an fusilau zituen eguna da. Uda horretan, abuztuaren 4an Gregorio Urkijo herriko forala fusilau eben. Agustin Milikua herritarra, kartzelan sartu eta gaixotu egin zan. Egoera penagarrian egoan arren ez eben askatu eta 1938ko zemendiaren 28an hil zan. Fermin Aranguren berriztarra Asturiasen atxilotu eben eta 1939ko abuztuaren 10ean fusilau. Bost berriztar horreen heriotzeagaz batera, kartzeleratu eta errepresaliautako herritar asko gogoratzeko eguna izentau da Berrizen irailaren 11.a.
Felipe Urtiaga Españako II. Errepublikako aginte demokratikoan Berrizko herriak hauteskunde demokratikoetan aukeratutako alkatea izan zan. Alkate zala, 1931tik 1936ra, herriak hobekuntza handiak izan zituan: frontoia egin zan, Olakueta plazea barritu, Berrizko auzoetan eskolak eregi ziran edo ur biltegiak egin eta etxeetara ura eroan, besteak beste.
Felipe Urtiagak, 1936ko garagarrileko 18ko militarren kolpea izan zanean, orduko gobernu demokratikoa defendidu eban. Alkatea zanez, herriko Defentsa Komite buru izan zan 1936ko zemendiaren 29an udal batzarrak berrantolatu arte. Gregorio Urkijo eta Jose Agirre Defentsa komite horretarako lan egiten eben; janari horniketan, herriko segurtasuna bermatzen, ebakuatuak antolatzen, eskumakoak kontroletan etab. Frankisten tropak 1937ko apirileko 25ean sartu ziran eta hurrengo urteetan frankismoaren errepresinoa izan zan nagusi. Felipe Urtiaga Berrizko alkatea, eta Jose Agirre 1937ko irailaren 11n hil zituen, fusilauta, Derioko kanposantuan. Gregorio Urkijo be Derion fusilau eben.
Gregorio Urkijo, Jose Agirre, Felipe Uriarte, Agustin Milikua, Fermin Aranguren, beste askoren antzera, biktimak izan ziran. Berriz 1936 Gogoratzen alkartearen ekimenez askoren izenak ezagutu dira. Halan da be, oraindino be ikerketa eta izen batze lanak ez dira amaitu.
Egun honen aurrekariak
2005ean, Felipe Urtiaga izeneko plazan, haren omenezko oroigarria inaugurau eban Berrizko Udalak, Gerediaga Alkartearen ekimenari erantzunez.
2007an, Felipe Urtiaga eta Jose Agirre fusilau zituela 70 urte bete ziranean, Berriz 1936 Gogoratzen alkartea gehitu zan omenaldi-ekitaldietara, eta alkartea jentaurrean ezagutzera emoteko balio izan eban. Urtebetean, sasoiko jazoerak ikertzen jardun izan dabe alkarte honetako kideek.
2008. urtean, Berrizko Udala, Berriz 1936 Gogoratzen eta Gerediaga Alkarteak alkarregaz egun osoko omenaldia egin eben eta udalbatzak erabagita, udalerrian jai-eguna izan zan. Udaletxe aurrean, Oroimenaren Bidea inaugurau zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!