Egoitz Bijueska skaterrak brontzea irabazi dau Ostiako Munduko Kopan

Bizkaie! 2026-06-15 09:57   Kirola

Naia Lasok zazpigarren postuan amaitu dau emakumeen finalean.

Egoitz Bijueska. | Ikusi handiago | Argazki originala

Egoitz Bijueskak eta Naia polito dabiz Kaliforniako Olinpiar Jokoetarako bidean. Ostia 2026ko Munduko Skateboarding Kopeak (Erroma) aparteko inportantzia dauka World Skateko munduko zirkuituko lehen geldialdi puntuagarri ofiziala dalako 2028ko Los Angeleseko Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko. Lehiaketa honek inaugurau dau Park modalidadeko ziklo preolinpiko globala (1. Fasea), eta Basque Teameko skater bik argi itxi dabe prozesu honetan zeresana emoteko hautagai nagusienetakoak dirala.

Egoitz Bijueska skatearen munduan entzutetsua da gaur egun. Gaztea bada be, ez da promesa, errealidadea baino. Igaz Ostiako Munduko Kopako urreak, mugarri izan zanak eta, batez be, aurtengo martiaren hasieran Sao Paulon irabazitako munduko tituluak. Hitzordu haretan ikusi genduan Egoitz goi mailakoa dala, kirol honetako izarra izateko eta garai bat marketako jaio dala. Bikaintasunaren alde hasieratik izan dauen jarrerea oinarrizkoa izan da, eta AEBetan egin dauen prestakuntzeak, podium olinpiko bategaz ames egiteko aukerea emoten deusku.

Astegoienean, Ostian, final-laurenetan hasi zan lehiatzen, serieburu, eta kanporaketa horretako onena izaten emon zituan lehenengo pausuak. Hasieran 90.34 puntu lortu zituan, baina 90.67 bigarrenak hobetu egin eban aurrekoa eta finalerdietarako txartela irabazi eban. Kanporaketa horretan bigarren izan zan eta Issei Sakurai japoniarra izan zan nagusi, 94.98ko balorazinorik onena lortuz. Lehenengo saioan 92.18 puntu atara zituan, bigarrenean 66.05 eta hirugarrenean 93.45.

Finalean Egoitzek 89.47 puntu atara ditu lehen txandan eta 92.41 bigarrenean, azken honegaz Golden Roundean, onenen txandan, parte-hartzea ziurtatuz. Txanda horretan Egoitzek postuari eutsi deutso, 93.00 markeagaz eta brontzea eskuratu dau. Issei Sakurai japoniarrak irabazi dau lehiaketea (94.00), eta ondoren Tom Schaar estadubatuarra (93.15) izan da bigarren.

Bestalde, Naia Laso aspaldi dago eliteko skater onenen artean. 2024an brontzea irabazi eban Ostian jokatutako Munduko Txapelketan eta urrea Dubaiko Munduko Kopan. Olinpiko ne izan da Pariseko Jokoetan, parkeko finalean sartuz, eta zazpigarren postua lortuta, diplomea eskuratuz.

Egoitzek bezela, bermeotarrak be sailkapen-probea jokatu barik ekin eutson ibilbideari Munduko Kopa honetan, serieburua zalako. Lasok zazpigarren amaitu eban final-laurenetan, eta bere kanporaketarik onena izan zan lehenengoa, 81.50eko puntuazinoagaz. 16 onenak igaro ziran hurrengo fasera. Finalerdietan zazpigarren izan zan baina final-laurenetako emoitzea hobetuz. Lehen txandan bere trikimailuek 83.65 puntu emon eutsezan eta nahikoa izan ziran finala jokatu daben zortzi skater onenen artean sartzeko.

Azken burruka horretan Naiak ezin izan dau ere skateboarding onena erakutsi. Atrebidu arren, ezin izan dau errondarik osotu ohikoa dauen dirdireagaz. Lehenengo txandan jausi egin da (21.00 puntu), baita beste bietan be (61.44 eta 21.10). Ezin izan dau Golden Rounderako txartela eskuratu, zazpigarren amaitu baitau. Mizuho Hasegawa japoniarrak (96.33) irabazi dau urrea, Sky Brown britainiarrak (93.38) zidarra eta Cocona Hiraki japoniarrak (89.00) brontzea.

Munduko Kopa honetan Gadea Moja izan dogu emakumezkoen taldean, sailkatze txandea igarotea lortu ez ebana eta Peio Gonzalez eta Alain Kortabitarte gizonezkoetan, final-laurenak jokatu zituenak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu