Manuel Antonio Luzarraga, Mundakakoa baina Ekuadorren bizi zan oligarkea
2026-06-16 07:40 Antxinakoak GeureraMundakan jaio zan 1796an.
Konbentzino gerrea amaitu eta urtebetera. Konbentzino Gerrea askotan jorratu dogu eta, beraz, esan geinke garai gorabeheratsu eta gatazkatsu batean jaio zala. Gaztetan, 15 urte zituala, Espainiako Armadan sartu zan. Bolada horretan frantsesak berriro Iberiar peninsulara sartu zirala ezin dogu ahaztu, 1811n oraindino Independentzia Guerrea martxan egoala eta oraindino be espainiarrak frantsesen okupazinoa sufriduten egozala. Aldi berean, okupazino horren kontra burrukan ebizan. Luzarragaren bizitzan zehar liberalismo politikoak aparteko garrantzia izan eban eta ideologia eta sistema politiko hori defendidu zituen, segurutik frantsesen eraginagaitik. Egia da, Garai haretako euskaldun askori hori be jazo jaken. Kontuak kontu, Independentzia Gudea amaitu ostean, 1814an, 18 urte zitualarik Ekuadorrera joan zan. 1814an oraindino Quiton bizi zan Espainiako erregeordea, izan be, Ekuador oraindino Espainiako Koroako lurraldea zan.
Gure protagonistea, Manuel Antonio Luzarraga, Ekuadorrera heldu eta handik gitxira Espainiako armadan egoteaz aspertu eta han negozioak egiten hasi zan. Gauzak holan dirala, 1818an beste bizkaitar bategaz, Manuel Lorogaz batu eta merkataritza soziedade bat sortu eben. Horrezaz gan, sasoi haretan luxu handikoa zan itsasontzi bat erosi eben: goleta bat, hain zuzen be.
Arazoa heldu zan 1820an, Ekuadorreko elitea Espainiako Gobernuaren kontra jarri zanean. Errebeldeak Guayakilen altzau ziran eta Luzarraga jaunak azkenean erabagi eban kriolloakaz bat egitea eta Espainiako gobernuaren contra egiteko. Berehala Guayakileko portuaren kapitain izentau eben eta bere boterea Ekuadorren areagotzen joan zan ziztu bizian. Gerrea amaitu eta gero eta errebeldeek boterea lortu eta gero bere merkataritza soziedadea eta etxea indartzen eta hazten joan zan. Orain, bere negoziazinorik oparoena kakaoan oinarritzen zan, kakaoren produkzinoan.
Urteak aurrera egin ahala Guayakileko portuko arduradun edo kapitan nagusi izateari itxi eutson eta beste kargu baterako izentau eben: suhitzaileen arduradun nagusi, hain zuzen, 1827an. Beharrean arrasto handia itxi eban, hain handia ze 1867an bere ohorez suhiltzaileen konpainia bat sortu baitzeben, Compañia Luzarraga izenekoa, hain zuzen be.
Beste alde batetik, Luzarragak sortu eban maileguak emoteko bulegoa 1860an banku pribatua sortzeko eskaerea egin eban eta proiektua onartu eutsen. Haren enpresan billeteak eta txanponak egiten hasi ziran Ekuadorreko Gobernurako. 1834an kontralmirantea izentau eta horren ondorioz, karrera militarrean igoten jarraitu eban boterea handitzen joan zalarik. Handik aurrera diplomazia lanetan be ibili zan eta Mexikogaz akordio historiko bat sinatu eben herrialde bien arteko hartu-emonak indartuz.
Hurrengo urteetan Ekuadorreko presidenteei laguntzen jarraitu eban eta orduko Ekuadorreko gizartean figura inportante bihurtu zan. Hurrengo urteetan konspirazinoetan jarraitu eban eta finantziau zituan bai gobernuaren aurkako altxamenduak baita gobernuak bideratutako eta sustatuko zapalkuntzak be.
Dana dala, 1852an Mundakara bueltetea erabagi eban eta urte horretan bertan emaztea hil eta jaioterrira joan zan. Gauzak holan dirala, Ekuadorren negozio handiak zituan arren eta kargu inportanteak dana itxi eta Bizkaira bueltau zan. Gogoan izan behar dogu Luzarragak ez ebala sekula galdu loturea Bizkaiagaz. Kakaoa saltzen ebanean Bizkaiko persona garrantzitsu eta Bizkaiko lurraldeko landa munduko beste produktore indartsu eta boteretsu batzuekaz hartu-emonak izaten jarraitu eban. Bilbotik Mundakara joan zan nahiz eta bere osasunez makalik baebilen be, haren bataioa egin eban eleizeari brontzezko kanpai bat oparitu eutsan.
Azkenean, Manuel Antonio Luzarraga 1855ean hil zan Cadizen bihotz arazoak zirala eta. Oligarka bizkaitar eta ekuadortar honek errastu handia itxi eban oraindino hain gaztea zan Ekuadorreko Estadu berrian, baita bere etxean, Mundakan be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
