Euskadik goi-mailako kirola eguneratu dau

Bizkaie! 2026-06-15 07:30   Kirola

Kirol arloko egungo erronketara egokitzeko.

Eusko Jaurlaritzea Goi Mailako Kirolaren Dekretu barria izapidetzen dabil. Araudi horrek 2010etik indarrean dagoan dekretua ordezkatu eta Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Lege barrira egokituko da. Helburua Euskadiko goi-mailako kirolaren eredua eguneratzea eta elitean lehiatzen diran kirolarien eta erakundeen beharrei erantzun hobea emotea da: goi-mailako kirolak erreferenteak sortu, belaunaldi berriak inspirau eta Euskadi mundura zabaltzen laguntzen dau. Horregatik bultzatzen gabiz Goi Mailako Kirolaren Dekretu barria: hamabost urte baino gehiago indarrean egon dan araudia eguneratzeko eta gaur egungo kirolaren errealidadera egokitzeko, adierazo dau Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.

Sistema modernoagoa eta gaur egungo errealidadera egokitua

Dekretuaren barrikuntza nagusienetakoa da goi-errendimenduko kirolaren kategoria sortzea. Horri esker, nazinoarteko mailan lehiatzen dabizan baina oraindino goi-mailako elite gorenera heldu ez diran kirolariak autortu eta babestu ahal izango dira. Kategoria hau bertako kirol modalidadeetako kirolariak autortzeko be sortu da, besteak beste, Arrauna, banku finkoko modalidadean, Herri Kirolak edo Euskal Pelotea. Izan be, modalidade horreek ez dira kategoria olinpikoak, baina baditue euren egutegian munduko txapelketak. Aurreko dekretuan, kirol horreetan maila gorenean lehiatzen diran euskal kirolariak ezin ziran goi mailako kirolaritzat halakotzat hartu. Dekretu hau eguneratuz, autortza hori emoten jake. Gainera, promesen eta talentuen kategoriak modu argiagoan txertatzen dira, erakundeen arteko koordinazinoa indartuz eta sistema progresiboagoa eratuz. Izan be, kategoria bi horreek Foru Aldundien eskumena dira. Dekretu honetan, Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien arteko lan-esparru bat sortu da, etorkizun handiko kirolarien eta talentudunen kudeaketa eta arretea koordinetako, erakundeen arteko batzorde espezifiko bat sortuz.

Goi-mailako kluben autortzea

Lehen aldiz, araudiak berariaz autortzen ditu goi-mailako kirol klubak, bai maila goreneko lehiaketan beteten duten eginkizunagaitik, bai oinarrizko kirola sustatzeko daben garrantziagaitik be.

Babes handiagoa kirolarientzat

Dekretu barriak kirolarien babesa indartzen dau umealdia, amatasuna/aitatasuna edo adopzinoa lako egoeren aurrean, eskubideei eta onurei eutsiz.

Era berean, lesino larrien ondorioz aldi baterako lehiatu ezin daben kirolarientzat luzapen mekanismoak aurreikusten ditu.

Kirol inklusiboagoaren alde

Araudi barriak kirol egokituaren trataerea eguneratu eta erespide homogeneoago eta inklusiboagoen alde egiten dau.

Era berean, beharrezkoa dan modalidadeetan kirolariaren laguntzaile figurea autortzen dau.

Kirola eta ikasketak buztartzeko aukera gehiago

Dekretuak indartu egiten ditu kirol ibilbidea eta prestakuntza akademikoa bateragarri egiteko neurriak, kirolariek ikasketak eta lehiaketa uztartu ahal izan ditzaten.

Administrazio arinago eta digitalagoa

Araudi berriak eskaeren eta ziurtagirien izapidetze elektronikoa ezartzen du, prozedurak erraztuz eta goi-mailako aitortzari lotutako eskubide eta onuretara iristea erraztuz.

Euskadiko kirol sistemeak beste bultzada bat behar dau

Eguneratze honen bidez, Euskadik goi-mailako kirolaren aurrean konpromisoa indartzen dau, elitean lehiatzen diran personen babesa hobetu eta erreferenteak sortzen, oinarrizko kirola sustatzen eta Euskadi nazinoartean zabaltzen laguntzeko eredua sendotzen dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu