Agus Barandiaran: 'Urratsa lanagaz pausu bat aurrera egin gura dogu, gauza barri bat eskaini publikoari'

Nagore Ferreira Zamalloa 2011-09-05 12:38   Barriketan
Korrontzi taldekoa

Lan eta lan lan dabilz azkenaldian Korrontzi eta Oinkari Dantza Taldekoak, Infernuko hauspoa proiektua Euskal Herrian zein kanpoan aurkezten. Horrezaz aparte, egitasmo barria estreinauko dabe laster, hain zuzen be Getxo Folk jaialdian, irailaren 8an; Urratsa da behar barriaren izenburua, eta Korrontziren musikea eta Oinkariren jantzez gan, osogai berezia izango dau: Igor Yebra jantzariaren ekarpena. Getxorako beren-beregi sortu dabe Urratsa, ganera emonaldi bakarra egingo dabe. Korrontzi taldeko buru Agus Barandiaranek lan barriaren zehetasunak kontau deuskuz.


1.- Zelan sortu zan Urratsa egiteko ideia?

Orain dala hiru urte hasi ginan Villabonako Oinkari jantza taldeagaz lanean: Oinkarikoek Korrontziren musikea hartu eta, eta horren ganean koreografiak sortu. Korrontzik beti gura izan dau trikitixa eta herri doinuak eguneratzea. Oinkarik be nahi hori izan dau hasieratik; jantza eta koreografia barriak sortzeko gogoz ibili da. Plaza askotan ibili gara alkarregaz, eta igaz, Durangoko Azokan dvd-a atara genduan: Infernuko hauspoa. Euskal Herriko jantza tradizionalak egiten dituan talde batek gure musikea zelan ulertzen dauen badakigu, baina pausu bat gehiago (hortik hartu dogu ikuskizunaren izenburua) emon gura izan dogu. Proiektu honegaz pausu bat aurrera egin gura izan dogu, gauza barri bat eskaini publikoari. Horregaitik jo dogu Igor Yebrarengana. Folkagaz, herri musikea eta jantzakaz ezelako zerikusirik ez daukan jantzari bat behar genduan, eta hortxe Igor Yebra. Getxo Folk jaialdiko zuzendari Marta Herrerari proposamena egin geuntsanean pozik hartu eban, eta gu segiduan hasi ginan beharrean.


2.- Igor Yebra lehenagotik ezagutzen zenduen? Zergaitik egin zeuntsien berari konbitea?

Ez, ez dogu ezagutzen izan. Jantzari bat behar genduan, hurrekoa, euskal musikea eta jantzea ezagutzen ez dauena. Euskal Herrian jantzari potenteak dagoz folk munduaren inguruan lanean dabilzanak, Aukeran taldekoak, esaterako, edo Kukaikoak. Herri jantza eta musikearen inguruan jarduten dabe horreek, eta guk beste arlo bateko personea topau gura genduan. Proposamena Igor Yebrari egin geuntsan.


3.- Zelan erantzun eban Igor Yebrak? Harrituta?

Ba, bai, hasieran harriduraz erantzun euskun; berak ez dauela mundu hori inondik inora ezagutzen, ez dakiela holangorik jantzan egiten... Harridurearen ostean, gustura hartu eban konbitea. Hasieratik izan genduan baiezkoa. Ganera, Igor asko inplikau da proiektuan. Azkenengo momentura arte beharrean egongo gara. Gatxa da beragaz egotea, behar guztia Internetez egin dogu, guk musikea bialdu eta berak jantzen bideoak. On-line egin dogu lan. Guretzako bere koreografiak ia beti ondo dagoz, baina berak beti dauka zer hobetu, zer aldatu... oso perfekzionistea da. Deitzen deutsadan bakotxean lehenengo gauzea galdetzen dodana da ia non dagoan, beti dabil kanpoan, Frantzian, Errusian eta Italian...


4.- Korrontziren doinuei koreografiak egitea gauza barri-barria izango da berarentzat, ezta?

Euskal jantzak ezagutzen ditu, badaki zer diran, baina ez ditu sekula jantzan egin. Dana dala, esan euskunez, hemengo jantzen zati batzuk, aurreskuak esaterako, balleteko pausu batzuen antz handia daukie. Korrontzirentzat oso garrantzitsua da Igor Yebra moduko jantzari ezagun batek gure musikearen ganean koreografiak sortzea, geure musikeak zer transmitiduten deutsan ikusteko aukerea izatea.


5.- Aurreratu leike zeozer Urratsa-ren ganean?

Oinarrian Korrontziren musikea dago, kanta guztiak geureak dira. Oinkarik eta Igor Yebrak doinu horreen ganean egin dabe behar. Gure musikea ulertzeko modu desbardin bi izango dira eszenatokian. Hemeretzi kanta izango dira, eta danak daukie koreografiaren bat. Jantza batzuk herrikoiak dira, beste batzuk modernoagoak edo. Oinkarikoek 40 jantzari ekarriko ditue Getxora, eta Igor Yebrak emakumezko jantza-bikotea izango dau. Horrezaz aparte, nazinoarteko jantzari batek be parte hartuko dau, baina hori ezin neike kontau, sorpresea da eta.


6.- Irailaren 8an, Getxo Folk jaialdiko lehenengo egunean aurkeztuko dozue Urratsa. Emonaldi gehiago egingo dozue?

Ez, Getxokoa da bakarra. Ez da beste emonaldirik egingo. Proposamena Getxo Folkeri egin geuntsan, eta eurentzat egin dogu lana. Korrontzik eta Oinkarik segiduko dabe lanean, baina Igor Yebrarena gauza berezia da.


7.- Korrontzi eta Oinkari, Euskal Herrian zein kanpoan, topera ibili dira aurten. Urte amaierea be lan askokoa izango da?

Urtearen amaieran Brasil eta Cabo Verdera joango gara, eta tartean beste emonanaldi batzuk be badaukaguz. Korrontzi taldea hasiera-hasieratik asko ibili da kanpoan: 2004an sortu zan, eta 2005ean kontzertu piloa emon genduan kanpoan, berton baino gehiago. Aurten be asko ibili gara: Kroazia, Maroko, Italia, Frantzia, Galizia eta abar. Korrontzi garelako baino egiten dogunagaitik ezagutzen gaitue, euskal folka egiten dogulako. Urteotan ezagunak egin gara folk zirkuituan. Gure emonaldien bitartez Euskal Herriko kulturea, musikea eta jantzea eroaten doguz, eta jenteak gustukoa dau hori. Euskal Herriko kulturearen lagin baten antzera hartzen gaitue. Gure lana dala-eta zoriondu egiten gaitue, diskoak be saltzen doguz, eta gu pozarren gagoz.


8.- Zelango izaten da harrerea hain leku desbardinetan?

Ba, oso gustura ibilten gara, eta oso ondo hartzen gaitue leku guztietan. Abuztuaren hasieran, esaterako, Galizian izan ginan, folk jaialdi baten. Kontzertura 5.000 lagun batu ziran. Jente asko. Bai Galizian eta bai Katalunian harrera berezia egiten deuskue. Trikitixeagaz hasi nintzanean pentsau be ez neuke egingo munduan zehar ibiliko nintzanik. Emonaldi guztietan ahalegintzen gara bertako hizkuntzan berba batzuk esaten, publikoarengana hurreratzako, eta eurek, barriz, geuri euskeraz egiteko eskatzen deuskue, gure hizkuntzea gura dabela entzun. Emozionau egiten gara holangoetan.


9.- Folk eszenea indartsu dago? Jaialdien zirkuitua zabala da?

Herri musikearen inguruan zirkuitu ederra dago eta jarraitzaile asko. Galizian hamaika festibal dagoz, eta jente asko joaten da. Folkaren bitartez gure herriaren nortasuna ezagutzera emoten dogu. Jente asko erakarten dau musika mota horrek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu