Jokin Aspuru: 'Aurten, barrikuntza lez, itsasoan, ur ganean irudi batzuk ipiniko doguz'
2011-08-29 12:55 BarriketanZahartzaroari gorazarre egingo deutso V. GetxoPhotok irailaren 1etik 30era. Bigarrenez komisario lanak egingo dituan Frank Kaleroren ardureagaz, zahartzaroa biziteko hainbat modu desbardin jasoten dituen hogei bat lan ikusi ahal izango dira, jakituria (Andrew Zuckerman), nagusientzako edertasun lehiaketak (Luis Cobelo), bizitza geriatrikoetan (Josep Echaburu), urietako ortuak (Vicente Paredes), transexualidadea hirugarren adinean (Sander Marsman), ehun urte betetearen poztasuna (Patrick Duncan) edo bizitzatik heriotzara dagoan iraganbidea (Walter Schels) lako gaiak jorratzen dituen historiak.
Nazinoarteko Argazkigintza Jaialdia, Getxo udalerriko kaleetan garatzen da eta aurten be Ereagako hondartzatik Algortako Portu Zaharrera bitartean egongo dira erakusketak. Baina bisita gidatuak, tailerrak eta bestelakoak be izango dira.
Hona hemen GetxoPhotoko zuzendariak, Jokin Aspuruk, kontau deuskuzanak:
1.- V. GetxoPhoto hasteko egun batzueren faltan, zelan doaz azken orduko lanak? Zein da burukomin nagusiena orain?
Urte osoan lanean ibili ostean, gauzak ondo doaz, gehiena bideratuta dago eta orain azken orduko montajeakaz gabilz, argazkiak kokatzeko euskarriak jarten eta abar. Montaje guztiak kalean diranez, arlo asko koordinau behar dira, gremioak, baimenak, egiturak eregiteko prozesua... Baina bost urteko eskarmentua daukagu eta jaialdiaren aurreko azken egunotan badakigu ondo zer egin behar dan.
2.- Gaztetasuna goresten dan garaiotan, zaharrei, zahartzaroari gorazarre egitea erabagi dozue. Zergaitik?
Erantzun bat baino gehiago dagoz. Programazinoaren arduraduna, artistak aukeratzen dituana Frank Kalero komisarioa da, aurten bigarrenez izan dau zeregin hori eta datorren urtean be geugaz izango da. Igaz, beraz, Kalero jn.agaz adostu genduan hiru urteko aldian, urtero gorazarre bat egitea; igaz aisialdiari gorazarre egin geuntsan; aurten zaharrei egitea erabagi dogu eta datorren urtean erabagi barik dago oraindino nori edo zeri egingo deutsagun gorazarre.
Zahartzaroa harmoniaren sinonimoa eta jakituria iturria izan da beti. Zaharrak kontuan hartuak izan dira erabagiak hartzeko momentuan baina gaztetasuna goresten dan garaiotan, emoten dau zaharra izatea ez dala egokia. Zaharren kontuei ez jake arretarik jarten, publiko orokorrarentzako ez diralako atseginak, jatorkuna begiratu eta ikusteko bildurragaitik. Zaharrak zelan bizi diran, zelan maitatzen daben, zelan ondo pasetan daben, zelan gaixotzen diran edota zelan hilten diran ikustea, ia tabua da gure gizartean.
Esandakoak esanda, hasierako dudak baztertuta, gure gizartea gero eta zaharragoa dala, gero eta zahar gehiago dagoala ikusirik eta komunikabideek emoten daben irudia ikusirik, izan be, zaharrak gaisorik edo hilzorian dagozan personak dirala emoten dau, zahartzaroa aro aberatsa dala pentsetan dogu, edadekoek asko daukiela erakusteko eta eskaintzeko eta bizitzako aro edo aldi horri aurrez aurre begiratu gura izan deutsagu ezelako bildur eta konpleju barik.
3.- Hogei bat lan ikusi ahal izango dira aurten eta egileen artean Ricky Dávila bilbotarra, Andrew Zuckerman AEBetakoa, Sacha Goldberger frantsesa, Peter Granser alemaniarra eta Ricky Dávila bilbotarra azpimarratu daitekez. Zer esan zeinke aurtengo argazkilariei buruz?
Aukeratutako 20 lanak sano interesgarriak dira eta kanpoan be asko geratu dira; beraz, gatxa izaten da bata ala bestea nabarmentzea. Ricky Davila bilbotarragaz hasita, GetxoPhotoko edizino honetarako aukeratutako argazkietako batzuk Getxoko 2007ko San Isidro jaietan egin zituan. Biologian lizentziau zan EHUn eta Argazkilaritzan graduau New York-eko ICP-n. El Sol egunkariko argazkilaria izan da, Cover agentziako kidea, EGM-ko editore grafikoa eta El País Semanal-eko kolaboratzailea. Bere lanak komunikabide nazional zein internazionaletan argitaratzen ditu. I. World Pressphoto Masterclass-en parte hartu dau eta sari garrantzitsuak irabazi ditu, besteak beste, Ortega y Gasset, Fotopress, Best American Picture of the Year eta bigarren saria, Erreportaje atalean, World Press Photo-n.
Inguruko egileakaz jarraituz, Vicente Paredes, Orihuelan jaioa izan arren 20 urtetik gora daroaz Bilbon eta uriaren inguruko ortuetan ataratako argazkiak jarriko doguz ikusgai. Kazetaritzan lizentziau zan Euskal Herriko Unibersidadean eta Argazkilaritza ikasketak egin zituan Londreseko Westminster College-n.
Kanpotarren artean, Andrew Zuckerman argazkilari ezaguna da munduan, New Yorken, Manhattannen dauka estudioa, atara kontuak. Zinemagilea eta argazkilaria da. International Center of Photography-n ikasi eban eta New York-eko Visual School of Arts-en Arte Ederretan graduau zan. Belaunaldi batek beste bati egin leikion erregalurik handiena bizitzak emondako esperientzia, eskarmentua dala inspirazino moduan hartuta, Wisdom proiektu multimediaren buru ia berrogeita hamar idazle, artista, diseinatzaile, aktore, politiko eta erlijino-buruzagi ospetsuren (65 urtetik gorakoak) ahotsak, presentzia fisikoak, hitzak eta ideiak islatzen ditu. Eskaintza ezin hobea, beraz, aurtengo GetxoPhotorako.
4.- Artea herritarrei hurreratzeko asmoz kalearen erabilerea aldarrikatzen dozue. Artea kalean eta doban, ez da gitxi egungo egoeran...
Kalearen erabilerea aldarrikatzearena GetxoPhotoren estiloa da. Arteaz gozetako bide asko dagoz, galeria, museo eta bestelakoetan, eta danak dira gogoan hartzekoak baina guk beste bide batzuk erabili doguz hasieratik, museo, galeria eta ohiko lekuetara hurreratu nahi ez dabenak erakarteko. Dakizunez, artisten obrak neurri handian, oihaletan erakusten doguz eraikinetako hormatan, beren beregi eregitako egituretan eta bestelakoetan eta, beraz, obrakaz gozetako ez da behar aparteko ahaleginik.
5.- GetxoPhotok ohikoak ez diran gune eta formatu adierazgarriak erabiltearen aldeko postua egiten dau urtero. Jentea, ikusleak erakarteko estrategia da hori?
Bai. Baina lehen esan deutsudan lez, gure jarrerea eta gure gogoa da hori. Argazkiak erakusteko modu asko dagoz baina guri argazkiak gizarteratzeko ohikoak ez diran bideak erabiltea gustetan jaku eta horretan gabilz. Aurten, barrikuntza lez, itsasoan, ur gainean irudi batzuk ipiniko doguz eta, ondo ataraten bada, GetxoPhotoren eredurik argiena izango da.
6.- Irailaren 1ean, 20:00etan, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan, jaialdiaren edegiera ekitaldia izango da eta hor GetxoPhotoren azken bost urteak errepasauko dira irudien bidez. Aurten parte hartzen daben autore batzuek euren obrea aurkeztu eta proiektauko dabe. Eta ekitaldia, Michael Ackerman-en lanaren proiekzino berezi bategaz amaituko da, Mursegok zuzenean musikea jarrita. Bost urte joan dira konturatu barik...
Ezer baino lehen gogoratuko dot zabaltze ekitaldira joan gura izan ezkero, nahitaezkoa dala izena emotea ondorengo helbidean: opening@getxophoto.com. Zabaltze ekitaldian ahalegintzen gara GetxoPhotoren aurtengo edizinoaren laburpentxua edo egiten. Argazkilariei aukerea emoten deutsegu jentaurrean euren lanak azaltzeko. Horrezaz gan, aurten Michael Ackerman-en lanari buruzko proiekzino berezia preparau dogu. Sona handiko argazkilaria da, zuri-baltzean ataraten ditu beti argazkiak eta argiztapen-egoera oso mugatuetan egiten dau lan, beste edozein argazkilari ausartuko ez litzatekeen egoeretan.
Ekitaldiari amaierea emoteko, Mursego artista gipuzkoarra izango dogu zuzenean.
Bestetik, egia da, bost urte joan dira; urtero 20 bat argazkilari izaten doguz eta, beraz, 100 bat argazkilari izan dira protagonista Getxon. Zeozelan urteurrena gogoratzeko bideo berezi bat preparetan gagoz bost urte horreen laburpen moduan.
7.- Programautako ekintzen artean azpimarratzekoa da Arianna Rinaldo-k edizino grafikoari buruz eskainiko dauen tailerra. Noiz izango da? Zelan parte hartu daiteke?
Irailaren 2an eta 3an egingo dan tailerraren izenburua The art and relativity of photo editing da eta Arianna Rinaldok eskainiko dau. Hamabost plaza egozan eta honezkero ez dago aukerarik parte hartzeko. Arianna Rinaldo, Colors aldizkariko editore grafikoa izan da eta gaur egun lan bera egiten dago D Magazine-an, Italiako La Republica egunkariaren domekatako gehigarrian. Aldi berean, OjodePez aldizkariko zuzendaria be bada.
Lantegian edizino grafikoaren alde desbardinak jorratuko dira. Batetik, Ariannak bere ibilbide profesionalaz eta aldizkarien edizinoaz egingo dau berba. Erredakzino lana, publizidadearen 'arazoa'... Bestetik, lantegiak alde praktikoa be izango dau: portfolioak begiztatuko dira, sekuentziez berba egingo da eta parte-hartzaileen lanez osotutako balizko ale bat imajinauko da.
8.- Ibili, bisita gidatuen programea, Photo Walk, argazkilaritza estudio eta galerietara bisitak eta Papel deituriko argazkilaritzeari buruzko liburu eta aldizkarien kontsulta-guneak be izango dira aurten. Jenteak zelan erantzuten dau?
Oro har jenteak ondo erantzuten dau. Aitatu dozuzan horreez gan, 1-100 ekimena azpimarratuko neuke, herri partaidetzeari jarraipena emonez, aurten Pop Proiekzinoa argazkiak erakusteko horma bihurtuko da. Bertan 1/100-n parte hartuko dabenen irudiak ikusgai egongo dira hormirudi erraldoian. Jenteak aukerea izan dau argazkia bialdu eta GetxoPhoto'11-n parte hartzeko baina honezkero irudiak aurkezteko epea amaituta dago.
Horrezaz gan, GetxoPhotok eta Begihandi Kolektiboak beste talde batzuekaz egiten dauen alkarlana be nabarmendu gura neuke. Igaz De Balde aldizkariagaz kolaborau genduan eta aurten be bai; bertoko artista baten lana eta bertoko zaharren bizimoduaren alderdi bat erakutsi guran, Txikiteroak gaia hartuta, argazkiak, egutegi moduan argitaratuko dira. Edozein taberna, etxe, denda, bulego edo hormatan eskegita, urte osoan ikusgai egongo dan erakusketea izango da. Argazkilaria Yosigo izenez da ezaguna, Jose Javier Serrano (1981) argazkilari donostiarra. Yosigo-k Algorta eta Bilboko txikitero koadrila bana erretratau dau 2011ko abuztuan.
9.- Reycling GetxoPhoto kontzeptupean, aurten be, 2010eko piezak berreskuratu eta objektu barri bihurtu dituen diseinatzaileen kolaborazinoa izan da. Olanean inprimidutako argazkiei bigarren bizitza emotea helburu dauen proiektua tarteko, bizikletarako alforjak, amantalak, boltsak zein ordenagailu eroangarrirako zorroak egin izan dozuez. Aurten besterik ikusiko al dogu?
Berrerabilpena eta transformazinoa. Horixe da erakusketea amaituta Jaialdian parte hartutako egileen argazkiak birziklatzearen helburua. Barriro egin dogu diseinatzaile taldeen eskutik. Eskulanak Bilboko lan munduan txertatzeko enpresea dan Liburki-renak dira. Aurten kit berezi bat diseinau dabe, pic-nic-a egiteko oihalezko boltsea, hain zuzen be. Eta beti lez, irabaziak Atfal Getxo Pro-Sáhara alkarteak jasoko ditu.
10.- Marcos López argentinarraren Sireno del Río de la Plata argazkiaren aldi baterako instalazinoa aspalditik ikusgai dago Algortako Portu Zaharrean. Iragarritako egunetatik kanpo, GetxoPhotori zeozelan jarraipena emoteko ekimena da hori? Antzekorik ikusiko al dogu?
Sireno del Río de la Plata argazkiaren aldi baterako instalazinoa da Portu Zaharrean ikusgai dagoana. Moilan bertan ipinitako irudiak irakurketa desbardinak eskaintzen ditu marearen arabera: itsasgoran gorputz-enborra biluzik dauen gizon baten argazkia baino ez da ikusten, eta marea bajatzen doan neurrian, itsasoko izaki bat dala ikusten da, Sireno bat. Imajinazinoa astintzen dauen personaia.
Arte publikoaren beste adierazpide bat da hori. Kaleetan ohikoak diran eskultura eta holakoak barik, barritzaileagoa dan argazki bat proposatu geuntsan Udalari eta berehala jaso genduan oneretxia. Honezkero, Getxoko Sireno bihurtu da, instalazino horrek adierazoten dau hemen badagoala obrak erakusteko kalea erabilten dauen argazki jaialdi bat eta Sirenoa horren ikono be bada.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!