Kirmen Uribe: 'Bilbok izaera ausarta dauka, modernoa eta zabala'
2011-08-16 11:13 BarriketanBilboko Aste Nagusiko pregoilaria
Kirmen Uribe idazle ondarroarra izango da aurtengo Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria. Pozarren hartu eban barria, eta pregoilari ona izaten ahaleginduko dala agindu dau. Pregoia irakurteaz gan, ekitaldiz ekitaldi ibiliko da, eta gustura ibili be, berak autortu deuskunez. Aste Nagusia hasi baino egun batzuk lehenago egin dogu berba beragaz; hemen daukazuez Bizkaie!-ri kontau deutsazanak.
1.- Zelan hartu zenduan pregoilari izendapena? Ezuste handia izan da?
Poz handiz hartu neban albistea. Hasieran ezustekoa izan zan, bai, eta gero poz handia sentidu neban. Bilbo nire uria da, eta Aste Nagusia bizkaitar danon jaia da.
2.- Aste Nagusia beste ikuspegi batetik gozetako aukerea eukiko dozu aurten...
Bai, niretzako aukera benetan polita da jaiak beste modu batera biziteko. Bizitzan behin pasetan dan gauzea da pregoilari izatea. Jente oso ona egoan aukeratzeko. Konparsek aukeratutakoa, udaletxeak aukeratutakoa, bueno, jente askoren hautaketea izan da. Eskerronekoa izan behar da, eta danei erantzun behar jake.
3.- Harro egoteko modukoa da hainbeste lagunek gogoko izatea, ezta?
Bai, oso harro nago. Emon deustien saririk politena dala esango neuke, herrikoia dalako, eta herritik sortutakoa dalako.
4.- Eta zein izango da zure beharra jaietan?
Pregoilariaren lana da jentea animetea, ezta? Aurten neu naz pregoilaria, baina uste dot idazle guztiak izango garala pregoilari. Azkenean idazleoi egiten jakun omenaldi txiki bat da, sari txiki baten antzekoa. Holantxe ikusten dot nik behintzat. Euskal idazle guztiak izango gara aurten pregoilari.
5.- Pregoia prest daukazu? Zeozer aurreratu zeinke?
Hor nabil, hor nabil... Baikorra izango da, seguru. Euskal Herrian momentu honetan bizi dogun egoereagaz bat etorriko da. Ate bat daukagu zabalik, eta pregoian hortik joko dodala uste dot. Poetikoa be izango da, jakina, idazlea nazen aldetik. Eta umoretsua. Euskaldunok badogu umore puntu bat, eta Bilbo, batez be, umore berezia daukan uria da. Umore hori atara egin behar da. Baikorra izango naz, jaietan berez gara baikorrak, eta bizi dogun egoeregaz gehiago izan behar dogu.
Duda barik, Aitzol Aramaio lagun hilbarria, ondarroar bilbotartua be aitatuko dot...
6.- Jaietan be parte hartu beharko dau pregoilariak, ezta?
Bai, ekitaldietan parte hartuko dot, ahalik eta gehienetara joango naz. Pregoilari ona izaten ahaleginduko naz, hurrekoa.
7.- Zer da Aste Nagusia Kirmen Uriberentzat?
Jai politak dira, eredugarriak, oso parte-hartzaileak diralako. Ez da bazterketarik egoten, ez dira jai elitistak. Horregaitik, jenteak, bai bertokoek bai kanpokoek, maite ditu Bilboko jaiak. Barriak dira, beste zentzu batean eginda dagoz, eta igarten da. Ez dira jai zaharrak, ez dagoz antxinako eran eginda.
8.- Eta, Bilbo, zer da Bilbo zuretzat?
Niretzat Bilbo gauza asko da. Gaztetatik, txikitatik benetan gustuko neban Bilbora joatea. Bilbo euskal uria da, kanpoan Bilbo dala-eta ezagutzen gaitue. Horrezaz guztiaz gan, bere izaerea azpimarratuko neuke: Bilbok izaera ausarta dauka, modernoa eta zabala. Bilbon dana egin daitekela uste dot, sensazino hori izan dot beti. Aukera asko emoten dauen uria da, nire eretxiz.
9.- Bilboko jaiak orduko, Ondarroakoak. Danetara ailegauko ete zara?
Bilbokoak baino astebete lehenago dira Ondarroakoak. Bietan egongo naz, jakina. Ondarroan lasaiago ibiliko nazela pentsetan dot. Ondarroako jaiak oso politak dira, kanpoko jente asko batzen da herrian, gipuzkoarrak, nafarrak, eta bizkaitarrak be bai. Jai bizi-biziak izaten dira. Bertakoa izanda, jai bereziak dira niretzako. Dana dala, aurten pena bat daukat, lagun handi bat ez da egongo-eta. Aurtengo jaiak ez dira betiko bardinak izango Aitzol Aramaio laguna barik, igarriko dogu bere faltea.
10.- Jaietako biharamonaren ostean, ze proiektu daukazu? Liburu barririk edo...
Nondik jo pentsetan nabil, ze libururi ekin. Poemak daukadaz, nobela-proiektuak bere bai.... Ikusi beharko dogu, denporeak esango dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!