Agustin Oiarzabal: 'Ibaimusic-ek hezitzeko be balio dau, gazteek ikusteko ze musika egiten zan'

Nagore Ferreira Zamalloa 2011-08-08 14:57   Barriketan

Ibaimusic.com-eko koordinatzailea

Orain aste batzuk Ibaimusic.com musika-banatzaile digital barria aurkeztu eben Bilbon. Proiektu barriak 1.300 disko eta 17.000 kanta batu ditu daborduko, eta hazteko asmoa dauka. Euskal Euskal musikea da Ibaimusicen lehentasuna, baina bestelako doinuak be topauko doguz webgunean. Musikearen bitartez emozinoak eta sentimenduak lotzeko gunea izateko asmoz sortu dabe Ibaimusic. Agustin Oiarzabal egitasmoaren koordinatzaileak gunearen ganeko hainbat argibide emon deuskuz.


1.- Zein asmogaz sortu da Ibaimusic?

Musikearen gaur egungo egoerearen inguruan hausnartu ostean konturatu ginan momentu larria zala, daborduko ez dagoala musikea non erosi gure herri eta urietan. Teknologia barriei esker, formatu digitalean erabiltzaileari produktua eskaintzeko aukerea egoala ikusi genduan. Proposamen barri bat egitea izan da gure asmoa. Modu duin batean euskal musikea eta beste musika moeta batzuk eskaintzea da gure helburua.


2.- Azkenengo urteetan nabarmen aldatu da musikea erosteko modua, ezta?

Formatu fisikoan, CDetan eta diskoetan, sarri ez dago gura dogun musikea erosterik. Ez, behintzat, orain hamar bat urte egiten zan moduan. Lehenagoko denda-sarea desagertu egin da, musikearen industriak beste bide batzuk topau behar izan ditu; horreetako bat kontzertuak dira, eta bestea, Internet bidezko salmentea. Baina, denda txikietan erosteko aukerarik ez dago gaur egun, danak itxi dituelako.


3.- Ibaimusic merkatalgune handia baino auzoko dendea dala nabemendu zenduen aurkezpenean. Zelan lortuko dozue?

Guk ez dogu ezebe asmau, badagoz gurea moduko beste gune batzuk. Estadu espainiarrean askorik ez dago gurea moduko ikuspegitik eginda, baina Europan badagoz proiektu gehiago. Horreekaz ezinezkoa da lehiatzea, inbersino handiagoak egiten ditue, eta teknologia-garapen handiagoa be badauke. Euskal kulturearen ikuspuntutik ekarpen bat egitea da gure asmoa, ahal danik eta leku gehienetara ailegetea, eta hurreko zerbitzua emotea. Bezeroa mimau gura dogu, ondo zaindu. Denda txikien antzera, bezeroa geugaz hartu-emon zuzena eukitea nahi dogu. Zerbitzu hori garatzen joango gara, eta kalidadea bere bai, jakina.


4.- Euskal musikeak dauka lehentasuna, baina beste musika estilo batzuk be topauko doguz, ezta?

Euskal musikatik hasi ginan, hutsunea ikusten gendulako, euskal musikea munduan zehar zabaltzeko asko egoalako egiteko oraindino. Baina, euskal musikeagaz batera, beste hainbat motatako musikak eskaintzen doguz, jazza, klasikoa edo abesbatzak, berbarako.


5.- Diskoek, barriak izan arren, denpora gitxi egiten dabe salgai apaletan. Konturatu orduko desagertu dira.

Halan da, bai, gero eta gitxiago irauten dabe. Denporearen kontua ez da arazo bakarra, ze disko mota egoten dan apaletan be begiratu beharko geunke. Gure inguruan denda asko desagertu dira, eta gero eta disko gitxiago dagoz saltzeko, izan be arrakasta handiko diskoak besterik ez dira ikusten. Fondoko diskoak eta azkenengo urteetan argitaratutakoak topetea sano gatxa da. Gure proiektuak hezitzeko be balio dauela uste dogu, gazteek ikusteko ze musika dagoan, zer egiten zan orain urte batzuk. Batzutan benetan be gatxa da gure musikearen historia erakustea, ez dago-eta non topau edo non erosi diskorik.


6.- Zelango harrerea euki dau proiektu barriak musikari eta diskoetxeetan artean?

Orain urte bi hasi ginan Ibaimusic proiektuagaz, oinarrizko mailan. Lehendik geunkan euskal musikako fondo bategaz abiatu ginan. Abeslari eta taldeekaz hartu-emonetan jarri gara gure barri emoteko. Harrerea ona izan zan da, hartu-emon onak daukaguz. Diskoetxeekaz hartu-emonak ez dira hain hurrekoak, banatzaile handi baten esku dagozanez euren fondoak haregaz egin dogu tratua zuzenean. Harrera ona izan da, hainbat jente sartu da Ibaimusic zer dan ikusteko, eta ez bakarrik Euskal Herritik, beste leku batzuetatik be sarrerak egon dira.


7.- Katalogotik kanpo dagozan diskoak, edo topetako gatxak diranak, eskura eukitea pozteko moduko albistea da guretzat, baina pentsetan dot Euskal Herritik kanpo bizi diran euskaldunentzat, diasporan dagozanantzat esaterako, aukera ikaragarria dala, ezta?

Ba, pentsau guretzat gatxa bada diskoak topetea, eurentzat ezinezkoa izango dala, miraria; ez bada familiakoek edo bialtzen deutsiezala... Musikea kulturearen osogai garrantzitsuenetakoa da; kultura horren historia eta kondaira asko musikearen bidez transmitiduten dira. Pisu emozional handia dauka musikeak, horregaitik dinogu emozinoak zabaldu gura doguzala. Gaztetan entzundako abesti bat, gurasoakandik jasotako kantak... Guretzako poz handia izango litxake munduan zehar zagozan euskaldunei holango emozinoak eskura ipintea.


8.- Erabiltzaileek eretxia emoteko aukerea eukiko dabe, bai gunean bertan, bai sare sozialetan be...

Gure asmoa bezeroakaz hartu-emon zuzenak izatea da, horretarako bide bat baino gehiago dagoz, sare sozialak esaterako. Diskoei iruzkina egiteko aukerea egongo da, edo disko gogokoena zein dan esateko, edo kanta batek ze sentimendu sortuarazo deutsuzan kontetako. Modu horretan, ganera, jentea hartu-emonetan jarriko doguz, hainbat lekutako jentea lotuko dogu.


9.- Behin Ibaimusic abioan daukazuela, zeintzuk dira hurrengo erronkak?


Danetarik daukagu egiteko. Eguneroko lana dago alde batetik, eta bestetik hobekuntzak egitea dago. Egunez egun zerbitzuak hobetu gura doguz. Lan asko daukagu, baina ilusinoa be handia da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu