Otzerinmendiko bederatzi sukaldariek biztuko dabe San Justoko karobia

Jon Urutxurtu 2011-08-02 14:47

Abuztuaren 6an, zapatuan, San Justo egunean, goizeko 11:00etan izetuko dabe karobia Zeanuriko Otzerinmendi auzoko bederatzi sukaldariek, Juan eta Julian Aranaren zuzendaritzapean. Urteetan ahaztuta eta amatauta egon dan ke zurizkea San Justoko haretxen artean igongo da Gorbeia mendiaren tontorra bilatuz. Domeka eguerdirantz, kare bizia oka egiten hasiko da labe-ahoa. Aurtengoa hamaseigarren aldia izango da karobia lanean jarten dauela Ipizki taldeak.

Abuztuaren 6an, zapatuan, San Justo egunean, goizeko 11:00etan izetuko dabe karobia Zeanuriko Otzerinmendi auzoko bederatzi sukaldariek, Juan eta Julian Aranaren zuzendaritzapean. Urteetan ahaztuta eta amatauta egon dan ke zurizkea San Justoko haretxen artean igongo da Gorbeia mendiaren tontorra bilatuz. Domeka eguerdirantz, kare bizia oka egiten hasiko da labe-ahoa.

Aurten, 1996an zaharbarritu eta berreskuratu ebanetik —50 urte amatauta egon ondoren— hamaseigarren aldia izango da karobia lanean jarten dauela Ipizki taldeak. Izetuteko ekitaldiko protagonistak Otzerimendi auzuneko bederatzi sukaldariak izango dira, era hor auzune honetako bitxikerietako bat ezagutzera emongo da; izan be, gitxi izango dira Euskal Herri osoan auzo berean horrenbeste sukaldari daukiezan tokiak. Honako honeek dira bederatzi sukaldariak: Gabriel Etxebarria, Antonio Intxaurbe, Juan Mari Beobide, Frantzisko Etxebarria, Iñaki Olibares, Javi eta Maximo Beitia anaiak, eta Fernando eta Alberto Zuluaga anaiak, azken honek Michelin izarra lortu eban Aretxondo jatetxean beharrean egon zanean.

Karobia izetu ostean, hamaiketakoa egongo da San Justora hurreratzen diran guztientzat, Iñaki Arraindegiak emonda. Bestalde, 14:30ean, auzo-bazkaria egingo da San Justuko harestipean. Bazkari herrikoi horretan edozeinek parte hartu leike, baina izena emon behar da honako telefono honeetako batera deituz: 946739250 edo 653016117


Erromeria eta kanpai barria

Hurrengo egunean, abuztuaren 7an, domekan, San Justoko erromeria ospatuko da. 12:00etan mezea izango da, baina mezearen aurretik, 11:30ean kanpai barria bedeinkatu eta ipiniko da ermitearen kanpandorrean. Aurtengo udabarrian, bertan egoan kanpaia ostu egin eben. Kanpai barria Gajanoko (Kantabria) Portilla anaien tailerrean egina da eta honako idazkiak eroango dauz grabauta: goiko aldean, Justo eta Pastor santuak, eta behekoan, Otzerinmendiko kofradia—2011-VIII-7. Lapurretak dirala eta, jaiak amaitu ostean, kanpaia kanpandorretik kendu egingo da, datorren urtera arte.

Meza ostean maiordomoak barauskarria —ardao zuria eta gailetak— banatuko ditu jentearen artean, eta jarraian paella txapelketea izango da.

Eguraldia lagun eta ohiturea jarraituz, asko izango dira San Justoko harestipean bazkaltzen geratuko diranak, eta arrastian, 17:30etik aurrera, bola eta mus txapelketetan parte hartzeko aukerea izango dabe.

San Justo jaiak, Otzerinmendin

Abuztuak 6, zapatua. San Justo eguna

- 11:00etan: Karobia izetutea. Ostean, hamaiketakoa.

- 14:30ean: Auzo-bazkaria. Izena emoteko: 946739250 edo 653016117


Abuztuak 7, domekea

- 11:30ean: Kanpai barria bedeinkatzea eta kanpandorrean ipintea.

- 12:00etan: Mezea. Ostean, barauskarria.

- 13:30ean: Paellen aukezpena.

-17:30ean: Bola txapelketea eta Mus txapelketea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu