Gontzal Mendibil: 'Umearoak markau egiten zaitu'

Koldo Isusi Zuazo 2011-08-01 14:13   Barriketan
Abeslaria

Zeanuritar abeslariak oraintsu aurkeztu dau Gorbeialdeko hamabi abesti batzen dituan Neure txiki polita lana, eta horreetatik asko Gontzal Mendibilek berak txikitan edo gaztetan entzundakoak dira. Abestiok Arratia eta inguruetako kantutegia osotzen dabe. Beste batzuk, eskualdeko edadeko jenteari ikasitakoak dira, Mendibilek berak edo beste ikerlari batzuek batutakoak. Ganera, kanta bi barriak dira, hau da, ez dira tradizinozkoak: bata, Malkoak euri balira izenburukoa, Sabin Intxaurraga lehengusuari eskainia eta bestea, Gorbeiako haizea, Bitoriano Gandiagak idatzitako olerki batean oinarrituta.

Diskoaren zuzeneko aurkezpenak hasiko ditu laster: abuztuaren 7an, Gasteizen; 12an, Donostian; 14an, Zeanurin; irailean, Otxandion; eta urriaren 16an, Bilbon, Arteria Campos Eliseos Antzokian.

Zeanuritar abeslariagaz disko barriaren ganeko kontuak ez eze, ibilbide emonkorrean emondako pausuak be jorratu doguz.


1.- Diskoaren azalean zuri-baltzeko argazkian ume bi agiri dira. Nortzuk dira?

Mutikoa neu naz eta alboko neskea, Amaia arrebea. Hiru bat urte edo eukiko nituan hor eta arrebeak 2 ta piku. Zeanuriko Eleizondon atarata dago, hango Piedade esaten deutsagun baseleizearen ondoan. Diskoan ez da agiri baina 6 urtegaz edo beste argazki bat daukat herriko koruan, izan be, tiplerik gazteena nintzan orduan.


2.- Umearoko kantuak, ahaztu ezineko pasadizoak, umetako joan etorriak agiri dira disko barrian...

Bai. Nik beti esan dot umearoak markau egiten zaituala. Lehenengo 10 urteotan hartzen dozuna horixe zara gero. Umearo zoriontsua pasau neban, orduan ez egoan egungo tramankulurik, Internetik eta enparaurik eta kalean jolasten genduan, okaranak hartzen edo kereizak ostuten... Kantetan sei urtegaz edo hasiko nintzan herriko koruan, solfeoa be ikasi neban eta amamak gitarrea erregalau eustan 12 bat urtegaz. Musikea beti gustau jat. Beti esan dot kantuan ona baino gustoa daukadala. Hamabost urtegaz edo kantu lehiaketa bat be irabazi neban eta 17gaz Abra Sari entzutetsua irabazi neban; horreek izan ziran lehenengo pausuak.

Eskolan, bospasei urtegaz sartu ninduen eta euskaldun peto-petoak izanda, gaztelaniaz zan dana eta akorduan daukat lau urtetan 16 maisu izan nituala, danak kanpokoak. Zigorrak be egoten ziran, No hablare en vasco en clase ez dakit zenbat bider idatzi behar izatea, liburu potoloak eskuetan, besoak zabalik jarrita... Eta Cara al sol be kantetan genduan.

Bederatzi urtegaz Dimara eroan ninduan familiarteko maistra baten etxera eta handik lasterrera Durangon ikasi neban batxiller guztia 'interno' jesuitetan. Gero Deustun be ibili nintzan. Bederatzi urtetik aurrera etxetik kanpora egon naz beti. Dendariaren semea naz eta lurzati txikirik be ez daukat herrian ama baserrikoa izan arren (Barre-algarea). Aititen aita Arabatik etorritakoa zan, Lekeitiora garagarra eroaten eban eta handik arraina eroan Arabara. Tartean, Zeanurin geratu ziran eta hor sortu ginan.

3.- Sentimentuz ganezka datorren diskoa da Neure txiki polita, izan be, diskoa preparetan zengozala hurreko bi joan jatzuzan...

Gorbeiako haizea liburua be atara neban, herriko kontuakaz horniduta eta beti euki dot nire herriko eta neuk bizitako ipuinak eta kantuak kantetako asmoa. Azken urte eta erdian hor ibili naz beharrean eta egia esan neure kantuak be sortu izan dodaz baina geroagorako hor egongo dira zain. Eta bai, esan dozun legez, beharrean nengoala Lete hil zan, haren hiletan egon nintzan eta ostean, Telebistan Gu Gira horretan kantuan ikusi ninduala esan eta hogei bat egun geroago, Sabin lehengusua be joan zan. Bizitzan ezagutu eta joan diran guztiek markau nabe, aurretik be kantu asko egin izan dodaz joan diranei. Nire ustez oso inportantea da ez bakarrik gauza, gomuta, leku eta enparauen ganean kantetea, joan diranak, personak gogoratzea be garrantzitsua da niretzako, memoria historikoa dago hor tartean eta omenaldi moduan sartu dodaz kantuok.

4.- Diskora batutako 12 kantuak baino gehiago jaso eta landu zenduzan. Zelakoa izan zan kantuen batze prozesua? Zeintzuk izan dira aukeraketarako erispideak?

Lehen esan deutsudan lez, aspaldiko asmoa zan disko hau, hain aspaldikoa ze kantu eta kontu bilaketa horretan urteak egin dodazala baserririk baserri. Grabazinoak, kantuak pilo bat daukadaz, asko eta asko honezkero bizi ez diranena. Gero, jakina, jente askok lagundu deust, besteak beste, Ruper Lekuek, Manu Etxebarriak eta, Jose Ramon Arbek; Labayru Ikastegiari be eskatu neutsazan kantutegietako barriak. Arratia inguruko 30 bat kantu edo jasoko nituan. Aukeraketeari jagokonez, nik beti emon deutsat aparteko garrantzia letrei, berbei; ahoz-aho transmitidu izan dira kantuok eta herri-literatura horri lehentasuna emon deutsat. Horrezaz gan, melodia erakargarriak aukeratu dodaz. Argi neukan folkaren bidetik ez nebala ekarpen barririk egingo Euskal Herrian badagozalako horretan trebeak eta, beraz, kantuen senari eta espirituari eutsita sinfoniko mundura edo zeozelan pop eta swing arlora ekartea otu jatan, zeozelan gaurkotzeko. Musika, doinu eta letren aldetik kantuak bere edertasunean hartu eta gero bizitasun apur bat gehiago emon, horixe izan da egin dodana. Zorionez musikari onak dodaz alboan, oso jantziak, nigaz aspaldi dabilzanak eta eurei esker lana duintasunez egindakoa dala pentsetan dot.


5.- Seiko taldea izan zarie, konponketa eta efektuak be agiri dira eta horrek aparteko aberastasuna dakar. Kantutegi tradizionala zabaltzeko ez da ohikoa izaten holako talde potoloagaz agertzea...

Kantutegi tradizionala jantzi, aberastu egin gura izan dot, hau da, gureak ez dauka zertan izan pobre, akaso pobreak gara euskal kulturan gabilzanok baina zergaitik ez, ahal bada behintzat kantuak holako jazkera bereziagaz atara. Frantziako kortekoa hartzen badozu, melodia oso sinplea dauka baina duduk musika tresna armeniarra (Jose Luis Canalek jo dau), bateria berezia eta ahots landuak sartuta nabarmen irabazi dauela esango neuke, misterioa erantsi deutsagu. Eta uste dot misterioa ez dala sekula galdu behar kantuetan, berbetan... Sarri esaten da hizkuntzea be misteriotsua daukagula eta horri eutsi behar deutsagu. Poesia bera be misterioa da eta nik suberte handia izan dot musikari lagun handiak daukadazalako eta hori eskertu beharra daukat baina letra eta kontzeptu aldetik be suberte handia izan dot ze lagun eta maisu izan dot, berbarako, Bitoriano Gandiaga. Haren izakeran, berbatan, poesiakeran, asko ikasi dot, poesiak barru-barrutik ataraten zituan eta ez daukat ahaztuteko Arantzazun biok alkarregaz paseoan ginoiazala, orritxu bat jausi alboan eta orri horri egin eutson 10 minutuko berbeta saio poetikoa. Aho zabalik geratu nintzan. Orri hori gure izateaz konparau eban, azken batean, gauza bera garela, lurretik gatoz eta lurrera goaz. Zoragarria izan zan.


6.- Bitoriano Gandiaga ez da zure maisu bakarra izan...

Ez. Nire bizitzan hiru maisu euki dodaz: Bitoriano, Victoria eta Bittor. Bitoriano Gandiaga poeta handia, laguna izan dot; Bittor Kapanaga, oraintsu hildako Bittor Kapanaga be ez daukat ahaztuteko. Gazte gaztetatik ezagutzen neban. Otxandion, 74an kantetan nengoala hurreratu jatan gizon bat eta hortik aurrera lagun handiak izan gara. Hizkuntzearen misterioa inork aztertu izan badau Kapanaga jauna izan da nagusietakoa. Bitxikeria legez, kapanagak asmautakoa da garapena berbea, ordura arteko debelopamentua, desarrollo esateko. Holakoak asko asmau zituan zuztarretatik ataraten zitualako. Orain hilebete edo Bittor bisitetan jona nintzanean, galderatxu bat egin neutson: arrazoiaren sentimentua ala sentimentuaren arrazoia? berak argi esan eustan, arrazoiak ez dauka sentimenturik, beti sentimentuaren arrazoia. Filosofoa, gizon zuhurra zan. Eta pena daukat ze Bittorri ez jako merezidu dauen guztia opatu baina niretzako maisu handia izan da, gure Dersu Uzala. Otxandixoko jakintsuaren ganeko liburu bat idaztekotan be banabil ze hori baino gehiago merezidu dau.

Hirugarrena, Victoria Artetxe: Berari zor deutsadaz disko barriko kantu batzuk. Nire bigarren ama. Iparragirre hegalaria egin genduanean, amaren papela egin eban. Antzezpenetan aparteko sentimenduz interpretetan eban eta negar anpuluka be ikusi izan dot. Aktore profesionalak baino hobea zan. Gure herrian, antzerkirako jokera handia egon da eta Victoria herriko kulturea, herriko jakituria izan da niretzako, ipuinak kontetan sekulakoa, kontalari eta kantulari trebea.

7.- 1975ean grabau zenduan Zaurietatik dario izeneko lehenengo diskoa. 36 urte geroago, zelan gogoratzen dozuz lan hori, orduko egoerea?

Aurreratxuago joanda, Ez Dok Amairu hasibarri egoala, 14-15 urtegaz edo Areatzako zinean, domeka goiz batean sekulako kantaldia egin zan, Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Lourdes Iriondo eta Xabier Letegaz. Ni gazte-gaztea nintzan eta jaialditik urtekeran, pentsau neban egunen batean kantari izango nintzala. Zaletasuna txikitatik neukan. Gero bizitzan aukerak sortzen jatzuz eta aukera bat edo beste aukeratu beharra dago. Ekonomia ikasketak hasi nituan, soziologia egin neban gero baina arra musika-sorkuntza kontuetan neukan eta horri ekin neutson.

Lehenengo pausuetara bueltauta, 74an Otxandion kantuan nengoala Bittor ezagutu neban baina urtebete geroago, 75ean, kultur ekintza gehienak Gipuzkoatik etozala ikusirik, Bizkaian Sebas Angoitia Arteako bertsolaria, Miren Aranburu, Xeberri eta beste batzuk Ez Dok Amairuren antzeko zeozer egin guran batu ginan. Baina politika kontuak tarteko, Sebasek alde egin behar izan eban eta hor hankaz gora jarri zan asmoa. Hortxe ezagutu neban Xeberri eta biok alkarregaz hasi ginan kantuan. Grabau orduko ehundaka kantaldi egin genduzan. Grabazinoa, barriz, Franco hilten egoala, Madrileko Regson estudioan egin genduan ze hemen apenas egoan diskoetxerik. Diskoa 75eko zemendian edo grabau eta Durangoko Azokan ataratekoa bazan be, azkenean 76ko urtarrilean argitaratu genduan. Kantu gehienak Bittor Kapanagarenak ziran, Kapitalismoak abestia Jesus Mari Markiegik idatzia bazan be. Giroari jagokonez, egoereari erantzun nahia egoan eta diskoa erreibindikazino eta mezu sozialez osotu genduan.

Bakarkako lehenengo diskoa, barriz, 1978an argitaratu neban: Argitze garaian egunsentiari agur (IZ). Jon Lopategi, Bittor Kapanaga, Telesforo Monzon eta Bertolt Brechten berbak eta neureak erabiliz.

8.- Neure txiki polita diskoagaz, 14 dira orain arte kaleratu dozuzanak eta ibilbide horretan, lan bereziak dira Iparragirre hegalaria (1992), Olentzaro (1993) eta Arrupe (2007) musikala. Zelan erabagi zenduan saltsa horretan sartzea?

Lehen be esan deutsut antzerkia asko maite dauen herrikoa izanik, aitatu dozuzan horreek baino lehen hainbat antzerki popular egin genduzan, Foruak, Karlistadak zein ezkontzak ardatz hartuta baina zeozer gehiago gura neban eta or bueltan, herriko 200 lagunegaz batera Iparragirre hegalaria egitea otu jatan. Arantzazun egin neban egonaldian gidoia idatzi eta estreinua Zeanurin egin genduan. Bi egunetan, bost mila lagunetik gora erakarri genduzan eta esperientzia zoragarria izan zan. Bilboko zezen-plazan be bost mila lagunetik gora sartu ziran eta Donostiako Belodromoan, Gasteizeko eta Iruñeako zezen-plazatan be antzeztu genduan. Gero 800 bat orrialdeko liburu bat egin genduan, Iparragirreren lan historiografiko potoloa. Nik beti esan dot pelikula bat egin beharko geunkela euskaldunok eta Iparragirre tipo egokienetarikoa izango litzateke, XIX. mendea gauza asko pasau ziralako. Dana dala, gaur egungo krisiagaz eta gatx dago hori.

Urtebete geroago, Olentzero etorri zan, nire poeta eta lagun Bitoriano Gandiagaren Gabon dut anuntzio liburuan oinarrituta. Musikatu, disko bat egin eta umeentzako pelikula musikal antzeko bat gein genduan ETBrako. Hortik aurrera, Bizkaian batez be baina Araban be bai, umeentzako emonaldiak eskaintzen ibili ginan. Esperientzia ederra izan zan. Tartean, edozelan be, Iparragirre hegalaria obreagaz be jarraitu genduan eta hor bueltan, Keinu produktora be sortu neban.

Arrupe musikala berezia izan zan, jesuiten enkarguz egindako lana, hain zuzen, 2007ko zemendiaren 14an Arruperen jaiotzearen mendeurrena zalako. Beste gizon handi bat ezagutzeko aukerea emon eustan lan horrek, ikasbide ederra izan zan niretzako. Bilboko alkateak esana da, mundu mailan personaia unibersalak dirala Arrupe lehenengo eta Unamuno bigarren. Duda barik, Arrupe personaia oso inportantea zan da, aurrerakoia.


9.- Igaz 50 urte bete ziran Agirre hil zala eta Sabino Arana Fundazinoaren enkargua jaso zenduan Eusko Jaurlaritzea sortu zaneko eszenifikazinoa egiteko. Personaia ezagutzen joan ahala, musikala egitea bururatu jatzun. Datorren urtean 75 urte izango dira Gernika bonbardeau ebenetik eta dagoeneko gidoiaren lehenengo zatia idatzita daukazu, bonbardaketan amaitzen dan puntuan, hain zuzen be. Zelako lana izango da hau?

Bai, gidoiaren lehenengo oharrak eta idatzita daukadaz baina oraindino lan handia dago hemen; oraingo gidoiagaz hiru ordu eta erdiko antzezpena izango litzateke eta duda barik laburragoa izango da azkenean. Izenburua be jarri deutsat dagoeneko Agirre lehendakariaren ibilerak kontauko dituan obreari, Askatasun eguzkia. Lauaxeta, Monzon eta Agirre personaia garrantzitsuak izango dira obran eta nire asmoa da Ramon Agirrek egitea Agirre lehendakariaren papela, Lauaxetaren papela egiteko Amets Arzallusi proponidu neutsan; bera akotorea ez dala esan esan eustan arren, azkenean baiezkoa emon eustan. Monzonena, barriz, neuk egingo dot.

Esan dozun legez, obrearen lehenengo zatia Gernikako bonbardaketeagaz amaituko da eta bigarrenari Lauaxetaren fusilamenduagaz ekingo deutsagu. Hori da asmoa. Eta gauzak ondo badoaz, datorren urteko bagilean aurkeztuko dogu Bilboko zezen-plazan.


10.- Zorioneko krisiak arlo danak jo ditu baita musikagintzea be eta are gehiago euskal musikagintzea. Euskal kantagintzeak ez dauela babesik eta kontzientzia kulturala sustatu behar dirala adierazo izan dozu...

Bai. Beitu, politikearen menpean bizi gara, hori ukatzerik ez dago, dana da politikea baina politikarik esanguratsuena barruan norberak sentiduten dauena da. Guk herri lez jokatu behar dogula pentsetan dot, sentimentuagaz, geure kulturea aurrera eroan behar dogu eta ahal dala hori sentiduarazo; irabaztea baino besteak konbentzidutea da gure lana. Bittor Kapanagak be esaten eban, euskereari estatus ona emon behar jakola eta hori geurea sustatuz baino ez dogu lortuko, hori bai kanpokoa baztertu barik; eta pena da baina euskaldunok sarri ez dogu geurea konsumiduten. Babesik be ez dauka gure kultureak eta kantagintzeak komunikabideen aldetik, ezta publikoen aldetik be eta askotan ghetto baten moduan sentiduten gara. Konplejuak baztertu eta geurea defendidutea da bidea.


11.- Prentsan eretxi artikuluak be idazten zabiz azkenaldion. Bihar-etzirako ze erronka dozu?

Nire burua sortzailetzat daukat egunaren 24 orduotan. Erronken artean, oraintsu hildako Bittor Kapanagaren ganeko liburu bat idaztea da nagusienetakoa, haren ideiak, teoriak, kidetasunak, hori guztia goraipatuz, euskerearen zuztarretara beragaz joanez. Maisua da niretzako eta Osaba Bittorren ikasgaiak edo izan daiteke liburuaren izenburua. Nahikoa erronka izango da hori baina Agirre musikala atontzen be banabil eta udan be bai baina udagoienean eta Neure txiki polita lana zuzenean aurkezten ibilteko asmoa daukat.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu