'Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina' biltzarreko txostenak argitaratu ditu Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2011-07-27 15:16   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiak Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina CD-ROMa aurkeztu dau Donostiako ordezkaritzan. Lan honetan, 2008an Euskaltzaindiak egindako XVI. Nazinoarteko Biltzarraren emoitzea jaso dabe; Iker bildumaren 26. zenbakia da, eta Iruñean egin ziran berbaldiak, txostenak eta mahai-inguruak batzen ditu. Euskera agerkariaren zenbaki barri bi be aurkeztu ditue.

Euskaltzaindiak Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina CD-ROMa aurkeztu dau Donostiako ordezkaritzan. Lan honetan, 2008an Euskaltzaindiak egindako XVI. Nazinoarteko Biltzarraren emoitzea jaso dabe; Iker bildumaren 26. zenbakia da, eta Iruñean egin ziran berbaldiak, txostenak eta mahai-inguruak batzen ditu. Argitarazle beharra Patxi Salaberri, Andoni Sagarna eta Joseba Lakarra euskaltzain osoek egin dabe.


2008ko urriaren 6tik 10era bitartean, Euskaltzaindiak Nazinoarteko XVI. Biltzarra egin eban, Iruñean. Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina lemapean egin zan batzar horretan Pirinioetako mendikate zabalaren alde bietako hizkuntzak eta kulturak ikertu ziran. Holan, euskerea, aragoiera, katalana eta okzitanieraren hainbat alor aztertu ziran, esaterako, euren historia, dialektologia, literaturea, soziolinguistikea, teknologia barriak eta toponimia, aditu eta jakitun askoren ekarriak batuz. Euskaltzaindiaren 90. urteurreneko ekitaldien hasierakoa izan zan.

Nazinoarteko XVI. Biltzarrak lau lerro nagusi izan zituan. Honeek dira lau lerrook: historia eta dialektologia, literaturea, hizkuntzak eta gizarteak eta toponimia. Horrezaz gan, lehenengo egunean, Michael Metzeltin Vienako Unibersidadeko irakasle eta erromanista ospetsuak egin eban sarrera-berbaldia, Las lenguas románicas pirenaicas: tres ejemplos de estandarización izenburupean. Ganera, mahai-inguru bat egin zan, teknologia barrien inguruan. Berbaldiez aparte, sei komunikazino eta txosten bi aurkeztu ziran.

Besteak beste, aditu honeek izan ziran hizlari: Joseba Lakarra, Joakin Gorrotxategi, Fernando González Ollé, Ricardo Cierbide, Jordi Suïls, Jean-Baptiste Coyos, Patxi Oroz, Jean-François Courouau eta Philippe Gardy, August Rafanell, Ana Toledo, Mikel Zalbide, Juan Carlos Moreno, Adolfo Arejita, Elena Chiochetti, Joaquin Rafel i Fopntals, Andoni Sagarna, Patxi Salaberri, Albert Turull, Michel Etchebarne, Andres Iñigo edota Mikel Belaso.

Urriaren 10ean, batzarraren amaiereagaz batera, Henrike Knörr zana omendua eben. Omenaldi honetan Andres Urrutia euskaltzainburuak, Joan Martí Institut d’Estudis Catalanseko Secció Filologicaren presidenteak, Joseba Lakarra euskaltzain osoak eta Jose Luis Lizundia Euskaltzaindiaren diruzainak parte hartu eben. Henrike Knörren emaztea eta seme-alabak be bertan izan ziran.


Euskera agerkaria

Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina lanaren aurkezpenean, Euskera agerkariaren liburuki bi aurkeztu ditue. Euskera 2010, 55, 1 liburuak Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa batzen dau. Besteren artean, Lourdes Oñederra eta Patxi Uribarren euskaltzainen sarrera-ekitaldietako hitzaldian batu dira. Iruñean, Nafarroako Gobernuagaz batera egindako Euskarazko terminologia juridiko-administratiboari buruzko jardunaldia ere jaso da liburuan, eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren I. eta II. liburukien aurkezpena be.

Euskera 2010, 55, 2 liburuak ikerketa-lanak jasoten ditu. Gai nagusiak honeek dira: Euskaltzaindiaren XV. Jagon Jardunaldiak (Gazteak, aisialdia eta euskera gaiaren inguruan) eta Akademiaren Literatura Ikerketa batzordeak Literaturaren Historiografiari buruz egin zituan jardunaldiak.

Euskera agerkaria Euskaltzaindiaren aldizkari ofiziala da eta 1919tik argitaratzen da, nahiz eta eten bi izan dituan: 1938tik 1952ra eta 1954tik 1955ra bitartean. Akademiaren lanak eta agiriak jaso ditu, eta hainbat egileren artikulu zientifikoak eta txosten akademikoak be bai.

Euskera agerkariaren hiru zenbaki argitaratzen dira urtero. Horreetatik bik -lehenengoak eta hirugarrenak- Akademiaren jarduerak eta bizitza akademikoa -hizkuntza-arauak eta xedapenak- jasoten ditue. Bigarrenak, ostera, ikerketa-lanak eta ekarpen teorikoak nahiz praktikoak batzen ditu. Bigarren zenbaki honen artikulu guztietan sarrera- eta onartze-datak zehazten dira, eta euren laburpena argitaratzen da, lau hizkuntzatan: euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu