Egoitz Garro: 'Makrobiotikea mundua ulertzeko modu bat da, personearen zoriontasuna eta askatasuna bilatzeko'
2011-07-26 17:03 BarriketanSarri entzun edo irakurri doguz makrobiotikearen ganeko kontuak, hau dala, bestea dala, janari batzuk galarazo egiten dauazala, ez dala osasantsua... Danetarikoak. Egoitz Garro Hernaiz donostiarra aditua da makrobiotikan, irakaslea eta konsultorea be bada. Urte hasieran Denontzako makrobiotika. Historia, proposamenak, teoria eta errezetak (Denon artean) liburua argitaratu eban, euskeraz gai horren ganean dagoan bakarra. Eta bera da, Tina Asensiogaz batera, Euskal Eskola Makrobitikoaren sortzailea. Horrezaz gan, II. Makrobiotika Udalekua antolatu dau Eginon, abuztuaren 1etik 7ra bitartean. Makrobiotikea ezagutzeko aukera ederra benetan be. Egoitzek berak makrobiotikeari eta bere lanari buruzko makina bat gauza kontau deuskuz.
1.- Hasteko, zer da makrobiotikea?
Makrobiotikea mundua ulertzeko modu bat da; oinarri filosofiko batzuk ditu, aspaldian ezarritakoak, baina gauza barriak be badoaz sartzen. Sasoiak aldatzen doazen modu berean beharrak be aldatzen doaz, horregaitik bakotxak bere modura ulertu behar dau makrobiotikea.
2.- Zeintzuk dira makrobiotikearen oinarriak?
Makrobiotikea mundua ulertzeko modu bat da, eta personearen zoriontasuna eta askatasuna bilatzen ditu, osasunetik abiatuta. Makrobiotikeak gura dau personea konziente izan daitela egiten dituan gauzak ze eragin daben bere buruan, baina gizarte osoan bere bai. Gai honeen inguruan gogoeta eginez konturatuko gara, elikadura eta bizitza estilo osasuntsu batetik abiatuta zelan aldatu geinken gure burua eta gizartea.
3.- Makrobiotikea dieta mota jakin bategaz lotzen dogu askotan.
Makrobiotikeak badauka bere alderdi terapeutikoa, elikadura makrobiotikoagaz persona askok lortu dabe gaixotasunak osatzea, eta beste askok ez, jakina. Makrobiotikan elikadura arau batzuk emoten dira elikagaien inguruan: elikagaiak zelan prestau behar diran, zelan eta noiz jan behar diran. Baina, horrezaz aparte, makrobiotikea bada pentsamendua eta bizitza estiloa aldatzea be. Horri be garrantzi handia emoten jako.
4.- Makrobiotikak janari batzuk galarazo egiten ditu?
Makrobiotikan korronte asko dagoz, eta gauza guztiak lez, bere alde yin eta bere alde yang dauka, hau da, bere arpegi ona eta bere arpegi txarra. Hori errealidade bat da. Beste kontu bat da jentea hasten danean makrobiotikea segiduten osasun arazo bategaitik, orduan, jakina, elikagai asko mugatu egin behar dira. Personeak aldatu behar dau gaixotasun horretara eroan dauena, hain zuzen be. Baina, bestela, makrobiotikeak ez dau ezer debekatzen.
5.- Elikagaien energia kontuan hartzen dau makrobiotikak, yina eta yanga, ezta?
Yinek ezaugarri batzuk ditu, eta yangek beste batzuk. Horren arabera egiten da elikagaien energia-sailkapena, hau da, gure gorputzean daben eragina. Normalean, yin janaria landare munduan dagoena dala esaten da, barazkiak, frutak eta bar; eta, yang janaria, ostera, animali jatorrikoa da. Yin elikagaiek energia freskoa dauke, espansiboa, arinagoak dira; yang elikagaiak, barriz, beroa sortzen dabe, kontrakzinoa.
6.- Dieta egoki batek bietarik euki beharko leuke?
Bai, normalean biak maila berean dagoz, eta bietatik behar dogu.
7.- Jentea sarri gaitxotasunagaitik heltzen da makrobiotikara, zeuri be antzeko zeozer pasau jatzun, ezta?
Erdizka, bai eta ez. Lepoko lesino bat neukan, hara eta hona ibili nintzan, eta arrebeak bultzatuta makrobiotika ikastaro baten izena emon neban. Makrobiotikearen filosofia izan zan gehien gustau jatana hasiera batean, eta holantxe hasi nintzan ikasten. Hasi nintzanean ez neban inondik inora be paetsatzen lesinoa makrobiotikeagaz konponduko nebanik.
8.- Baina konpondu zenduan?
Bai, bai. Beste laguntza mota bat be behar neban, beste gauza bat. Baina bai, jakina.
9.- Makrobiotikak orduan bizimodua aldatu leike?
Kontua da, aldatu nahi dozu? Nahi badozu ahal dozu aldatu, lortuko dozu aldatzea. Hori da egin beharreko galderea. Baina, ez badozu nahi, ez, orduan, ez dozu inoiz lortuko.
10.- Zer landuko dozue Eginoko udalekuan?
Aste bat, makrobiotikeari guztiz eskainita, makrobiotekaren arauak segiduz. Jarduera batzuk egingo doguz, ariketa fisikoa Chi Kung-agaz, elikadura biloogikoa izango dogu, berbaldi batzuk (osasuna zelan zaindu, elikagaiek eta emozinoak...) sukaldaritza ikastaroa eta abar. Alkarbizitea be garrantzitsua izaten da, lagunak topau, paseatu... Makrobiotikeak lan asko emoten dauela esaten dabe batzuk, eta holan da, hasieran bai, gauza barri asko ikasi behar dira eta. Ezkaratzean denpora apur bat gehiago emon behar da, baina hasieran askozaz denpora gehiago da. Jentearentzat deskantsetako lekua da udalekua, eta gauza asko ikasteko be bai.
11.- Aurtengoa bigarren urtea da, zenbat lagun batuko zarie?
Igaz 40 bat lagun batu ginan, eta aurten be antzera izango da. Gitxi izan arren aurrera ataraten ahaleginduko gara beti, jenteak holango leku bat eukitea benetan da garrantzitsua, lagun asko egiten dira, eta batzuetan bikoteak be bai, kar, kar...
12.- Makrobiotikako konsultorea be bazara, zein asmogaz hurreratzen da jentea?
Batzuk jakin-min hutsez etorten dira, beste batzuk bizimodua aldatu guar dabe, eta beste batzuk elikadurea aldatzeko gogoz datoz. Badira 40 urte bete eta zaintzen hasi behar dabela esanez etorten diranak be. Danetariko kasuak dagoz, umedun dagozan emakumeak, edo egon nahi dabenak.
13.- Zeintzuk dira kasurik ohikoenak?
Maila endokrinoan, adibidez, arazo handiak dagoz, tiroideak, arazo digestiboak, inmunidade-sistemearen ingurukoak -minbizia, esaterako- dermatitis atopikoa, esklerosis anitza... Danetarik izaten dot.
14.- Tratetan dozuzan arazoen jatorria gaur egungo elikadurea da, ala beste faktore batzuk be badagoz?
Faktore asko dagoz. Alde batetik elidadurea dago; oso pobrea eta oso txarra da, eta kalidadea gero eta txarragoa da. Eta beste alde batetik, kutsadurea, estresa, eskukoen eta antenen uhinak... eta abar. Giza mailan asko galdu dogu, ganera. Nik esango neuke horren guztiorren baturea dala, ez da inoiz faktore bakar bat izaten, oso gatxa da bakarra izatea, behintzat.
15.- Makrobiotikeari buruzko ikastaroak be emoten dozuz, ezta?
Bai, formakuntza ikastaroak emoten doguz, lehengo mailea eta bigarren mailea. Ikastaro gehienak Iruñean izaten dira, baina Euskal Herriko hainbat lekutan emon doguz, Bizkaian be bai. Deitzen deuskuen lekura joaten gara. Makrobiotikeari buruzko jakin-min handia dago. Denporea behar da ondo ikasteko. Batzuetan ez da erraza makrobiotikea gure gaur egungo bizimoduan txertatzea, baina hori bada nahi doguna, posible da. Gaur egun bizitza estilo honek ito egiten gaitu, eta jente askok gura dau aldatu. Makrobiotikea ezagutu nahi izan ezkero komenigarria da ikastaroren bat egitea, jenteari asko laguntzen deutsa. Makrobiotikeagaz jentea ez da fisikoki beste barik aldatzen, jente gehiena argaldu egiten da, baina indartsuagoa sentiduten hasten da, pentsetako modua aldatzen dau, zaletasunak aldatzen dira... Guztiz aldatzen da personea.
16.- Zer da Euskal Eskola Makrobiotikoa?
Tina Asensiok eta biok sortu genduan Euskal Eskola Makrobiotikoa. Aspaldian nenbilen nonoren bila proiektu hori abiatzeko, jenteari erreferentzia bat eskaintzeko, makorobiotikearen ganean. Jatetxe bat zabaltzeko asmoa be badaukagu. Gure asmoa da jenteak izan daiala bizimodua aldatzeko baliabideak; makrobiotikaren arabera bizitzea ez da gatxa etxean, baina etxetik kanpo gatxa izaten da batzuetan.
17.- Denontzat makrobiotika liburua bide horretan pausu bat da?
Bai, holan da. Liburu orokorra da, informazino oso orokorra emoten dau. Nire eritxiak eta ikuspuntuak sartu dodaz; akaso makrobiotikako irakasle asko ez dira nigaz konforme egongo, baina ez jat ardura. Liburuan nire esperientzia jaso dot, nire eritxia.
18.- Makrobiotikeari buruzko euskerazko liburu askorik ez da egongo, ezta?
Ba, ez, hau da lehenengoa eta bakarra. Liburuaren helburua ez da makrobiotikeari buruzko argibideak emotea edo nire ikuspegia azaltzea bakarrik, bada euskerazko materiala sortzea be bai. Makrobiotikea egiten dogunon artean euskaldun asko dagoz, baina gaztelaniaz egiten dogu beti. Makrobiotika hori be hobetzen joan behar dogu, osotzen, eta herri izaera horregaz identifikau gura badoguz gure buruak, gauza guztiak egin behar doguz, euskeraz bizitetik hasita. Ikastaro batzuk euskeraz emoten doguz; oso pozgarria da niretzako, eta beharrezkoa da herri izaerea indartu gura badogu.
19.- Makrobiotikearen mundua ezagutu nahi dauenak nora jo behar dau, zer egin behar dau?
Ba, nire liburua gomendatuko deutsat jakin-mina daukan horri, kar, kar. Internet be hor dago, baina tresna ona bada be, askotan oso arriskutsua izaten da. Informazino asko dago, baina dana ez da ona. Esperientziadun eta formazinodun jentearengana jo behar da, eurekaz berba egin, ikastaroak egin. Modu horretan persona bakotxak bere bidea eregiten dau. Liburuekaz kontuz ibili behar da, danetaraik dago; nik liburu zaharrak irakurten dodaz, eta gauza askogaz ez nago konforme. Jentea ezagutu behar da, informazinoa trukatu, galdetu, gogoeta egin, ezin dogu liburu batek edo persona batek esaten dauenagaz bakarrik geratu.
20.- Orduan bakotxak bere bidea egin behar dau, bere egoerearen arabera?
Makorobiotikea modu bat da, eta modu hori norbere amesetara egokitu behar da. Niri balio deustanak igual zuretzako ez dau balio. Makrobiotikan badago esaldi bat, oinarrizkoa dana: Non credo. Oso garrantzitsua da. Sentidu egin behar dogu, gure gorputzari entzun, ahaztu egin bajaku be.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!