Ibaimusic.com euskal musika-banatzaile digital barria aurkeztu dabe
2011-07-26 14:57Ibaimusic.com musika-banatzaile digital barria aurkeztu dabe Bilboko Alondigan. Euskal musika egiten daben 17 diskoetxe, 1.300 disko eta 17.000 kanta batu ditue webgunean daborduko. Prentsaurrekoan Ibaimusic.com guneko koordinatzaile Agustin Oiarzabal eta komunikazino arduradun Luis Ruizek proiektu barriaren inguruko argibideak emon ditue.
Ibaimusic.com musika-banatzaile digital barria aurkeztu dabe Bilboko Alondigan. Euskal musika egiten daben 17 diskoetxe, 1.300 disko eta 17.000 kanta batu ditue webgunean daborduko. Prentsaurrekoan Ibaimusic.com guneko koordinatzaile Agustin Oiarzabal eta komunikazino arduradun Luis Ruizek proiektu barriaren inguruko argibideak emon ditue.
Agustin Oiarzabalen esanetan, Ibaimusic.com-ek musikearen bitartez emozinoak eta sentimenduak lotzeko gunea izan gura dau. Euskal musika guztia eskaintzeko asmoa dauka atari barriak, bai euskeraz bai gaztelaniaz sortzen dana. Euskal musikea eta euskal kulturea zabaldu gura dogu, baina kulturen arteko alkarrizketea ahalbidetu bere bai, ganeratu dau Oiarzabalek.
Ibaimusic.com-ek esakintzen dauen zerbitzua hurrekoa eta kalidadekoa dala nabarmendu dau proiektuaren koordinatzaileak. Hau ez da merkataritza-gune handi bateko dendea, gurea auzoko dendea da; harremana hurrekoa da, azaldu dau. Eskaintza globalaren aldeko ekimena da; musika mota guztien banaketea hartuko dau. Danetariko musikea jaso dabe katalogoan, folka, klasikoa, musika tradizionala, popa, rocka, metala, punka, bluesa, jazza, world musica eta abar.
Luis Ruiz komunikazino arduradunak edukien kalidadea beren-beregi jagon dabela adierazo dau, bai eduki musikaleei jagokienez bai diskoari lotutako arteari (azalak, berbak...) jakogokonez be. Abestiak eta albumak mp3 formatuan emoteaz gan, Flac (Free Lossless Audio Codec) izeneko formatuan be eskuragarri dagoz. Mp3 formatuan musikeari igarri egiten jako konprimiduta dagoela, ez da bardin entzuten; Flacegaz barriz, ez da holangorik pasetan, eta benetan gozau geinke musikeagaz, azaldu dau Luis Ruizek.
Profesionalentzako espazio berezia dagoela azpimarratu dau Ruizek, izan be euren musikearen banaketea bitartekari barik egin gura daben musikari edo diskoetxeek aukerea dauke Ibaimusic.com-egaz zuzeneko harremana izateko. Diru gitxi dauken talde edo artistentzako aukera interesgarria dala uste dogu, esan dau komunikazino arduradunak.
Gaur egun dendetan salgai dagozan diskoekaz batera, katalogoetatik kanpo edo agortuta dagozanak be jasoko ditue Ibaimusicen. Diskoetxeek sarri ez ditue berrargitaratzen karua dalako, baina modu honetan masterra izatea nahikoa izango da erabiltzaileei dendetan topau ezin daitekezan diskoak eskaintzeko.
Ibaimusic-en prezioen ganeko argibideak emon ditue prentsaurrekoan, esaterako, abestiak mp3an, 0,99 euroan salduko ditue, eta disko osoak, 8,99an. Ordainketak segurtasun osoz egin daitekezala nabarmendu dau Luis Ruizek, oraingoz kreditu txartelagaz bakarrik, baina laster Paypal sistemeagaz bere bai.
Ondokoak dira Ibaimusic.com-en topau daitekezan diskoetxeak: IZ, Elkar, Hotsak, Gor Discos, Etxe ondo, Brixton Records, No-CD Records, Su ta Gar, Baga Biga, Brian´s Records, Maldito Records, Locomotive Records, Karonte, NB Musika, Claves Records, Kasba Music eta Ediciones Resistencia. Eta honeek eskuragarri dagozan musikarietako batzuk: Anje Duhalde, Gontzal Mendibil. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Mikel Urdangarin, Bide Ertxean, Petti, Berri Txarrak, Su ta Gar, Doctor deseo, Gose, Gatibu, Esne Beltza, SA, Txarrena, La Polla Records, Potato, Eskorbuto, Sagarroi, Kepa Junkera eta Jabier Muguruza.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!