Orotariko Euskal Hiztegiaren bersino barria eta 'Auspoa' bildumea, Euskaltzaindiaren webgune barriztuan
2011-07-22 15:47Forman eta edukietan barriztuta aurkeztu dau Euskaltzaindiak erakundearen webgunea, Bilboko egoitzan. Beraz, itxuran ez ezik, egituran eta edukietan be aldatuko da www.euskaltzaindia.net gunea. Hain zuzen be, Orotariko Euskal Hiztegiaren bersino barria eta Auspoa bildumearen artxiboa gehitu ditue.
Forman eta edukietan barriztuta aurkeztu dau Euskaltzaindiak erakundearen webgunea, Bilboko egoitzan. Beraz, itxuran ez ezik, egituran eta edukietan be aldatuko da www.euskaltzaindia.net gunea. Hain zuzen be, Orotariko Euskal Hiztegiaren bersino barria eta Auspoa bildumearen artxiboa gehitu ditue. Akademiaren Informazino eta Komunikazinoaren Teknologiak (IKT) batzordearen gidaritzapean egin da lana. 2008an webgunea edukietan goitik behera barriztu zan, eta Web 2.0 teknologiara egokitu zan.
Euskaltzaindia.net webguneak orain arte emoan dauen informazino guztia eskainiko dau aurrerantzean be; batetik, erakundeari buruzko informazino zabala, eta bestetik, Euskaltzaindiaren Arauak, Hiztegi Batua, Izendegiak, Corpusa edota Azkue Bibliotekaren eta Argitalpen Katalogoak.
Beraz, guneak ondoko atalak ditu: Erakundea, Hizkuntza baliabideak, Iker egitasmoak, Jagon egitasmoak, Egitasmo instituzionalak, Azkue Biblioteka, Argitalpenak eta Plazaberri bloga. Eduki barri bi dagoz: Orotariko Euskal Hiztegiaren bersino barria eta Auspoa bildumearen artxiboa.
Webgune barriko OEHren bersinoa ez da orain arte gune zaharrean egoana, papelezko bersinoaren sareratze hutsa zana, izan be, oraingoak papelezkoa kaleratu ostean hiztegia aberasteko gehitu diran material barriak sartu dira. Orotarikoaren lehen bersinoan 12.5276 sarrera eta 41.839 azpi-sarrera egozan; bigarren bersinoan, 140.464 sarrera eta 52.243 azpi-sarrera.
OEHren lehenengo liburuki bietan corpusean ez egozan (edo osorik ez egozan) Leizarragaren Testamentu Berria, bizkaierazko Egiaren kanta, eta Oihenarten Atsotitzak sartu dira; Martin Harrieten Gramatikako bi hiztegiak bere bai. Laugarren liburukitik aurrera baino agertzen ez ziran Etxeberri Ziburukoaren Manualaren bigarren liburua, Haranbururen Debozino Eskuarra, Harizmendiren Ama Birjinaren Ofizioa eta Tartasen bi liburuak gehitu jakoz corpusari. Koldo Mitxelenaren adibideak be sistematikoki aitatzen dira.
OEHren bersino honek azken urteotan agertu diran materialak bereganatu ditu. Horreen artean garrantzitsuena Lazarragaren eskuizkribua da. Eskuizkribu honetako alde lexikografikoa osorik hiztegiratu da. Horrezaz gan, Duhaldek idatzitako Birginia testua -Euskaltzaindiak argitaratu barria, Larramendiren hiztegiaren eragina Iparraldean bere neurri betean erakusteko ezinbestekoa dana- osorik hustu da OEHra. Beste material batzuk be sartu dira; Hegoaldeko XVI. eta XVII. mendeetako testu guztiak hiztegiratzeko falta ziran dokumentuak, besteak beste.
Auspoa bildumea
Auspoa bildumea Antonio Zavala (1928-2009) euskaltzain osoak sortu eta gidatutako liburu-bildumea da. Hasieran, izen bera eben argitaletxeak eta bildumak. Baina 1994tik 2003ra Sendoak hartu eban Auspoa bildumako liburuak argitaratzeko ardurea eta, ordutik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiak. Liburuak webgunean eskaini ahal izateko, Euskaltzaindiak erakunde horren baimena eta laguntzinoa izan ditu.
Auspoa bildumeak hiru sail ditu. Lehenengoa eta ugariena, Auspoa liburutegia izenekoa; Auspoa bildumeagaz identifiketan da eta 2006ra arte 302 zenbaki argitaratu zituan. Bada beste bilduma laburrago bat: Auspoa liburutegi nagusia dalakoa, 12 zenbaki atara dituana. Eta hirugarren saila: izenik eta zenbakirik bakoa, zortzi liburuz osotua. Antonio Zavalaren gidaritzak emoten deutse liburu guztiei batasuna.
Hasieran, Auspoan mota desbardinetako liburuak argitaratu ziran: bertsoak, antzerki herrikoiak, nobelak, itzulpenak, ipuinak... Baina, urteekaz bertsoak eta bertsolariei buruzko liburuak nagusitu ziran; eta gero, azkenean, oroipen-liburuak eta biografiak, bertso-liburuekaz batera.
www.euskaltzaindia.net webguneko artxiboan, Auspoa bilduman 2006ra arte plazaratutako liburu guztiak dagoz, liburu bakoitxeko PDF artxibo bat.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!