Blackthorn

Karolina Almagia 2011-07-19 12:35   Zinema kritikak

Alkarrizketa politak, paisaia zoragarriak eta, sakonean, kolonialismoaren gaia barriro. Batzuetan filmak ez dauka indarrik, baina ondo eginda dago, eta gustura ikusten da pantaila handian.

- Zuzendaria: Mateo Gil
- Gidoilaria: Miguel Barros
- Interpreteak: Sam Shepard, Eduardo Noriega, Stephen Rea, Magaly Soier, Padraic Delaney, Nicolaj Coster-Waldau.
- Musikea: Lucio Godoy
- Ekoizleak: Andres Antana, Ibon Cormenzana
- Argazkia: J.A. Ruiz Anchía
- Iraupena: 98 minutu
- Herrialdea: Espaina, Frantzia eta Bolivia

Hamabi urteren ostean, Mateo Gil zinema-zuzendaritzara itzuli da Blackthorn filmaren eskutik. Urteotan Alejandro Amenábar zinemagile ezagunaren gidoilaria eta laguntzailea izan da. Gilen lehenengo pelikulea Nadie conoce a nadie izan zan, thriller berezi bat. Blackthorn dau bigarren lana, western klasiko bat. Bolivian egindako mendebaldeko pelikulea da; handiguraz zuzendutako lana, ingelesez filmatua eta produkzino ona dauena. Eta emoitzea ez da bape txarra.

Istorioaren abiapuntua berezitxua da: Butch Cassidy bidelapur ospetsua bizirik dago, ez dabe hil Butch Cassidy and the Sundande Kid (Dos hombres y un destino, gaztelaniaz) filman kontau euskuen lez; hain zuzen be Boliviako goi-lautadan urteak emon ditu, ezkutauta eta nahiko bakartuta.

Butchen papelerako, Mateo Gil izen handi baten bila joan da: Sam Shepard. Hori da filmaren arrakastarik handienetako bat. Sheparden alboan Eduardo Noriega ipini dau. Pelikulearen hasieran ondo babil be, istorioak aurrera egiten dauenean, eszena garrantzitsuetan, Noriegak ez dau jagokon mailarik eskaintzen. Muntaian pelikulea behar dana baino gehiago ebagi dabela emoten dau, ezin da ondo ulertu-eta istorioaren zati hori. Kontuak kontu, filmak lortzen du ikuslearen interesa biztea, generoa gustau ezkero, bai behintzat. Alkarrizketa politak, paisaia zoragarriak eta, sakonean, kolonialismoaren gaia barriro. Batzuetan filmak ez dauka indarrik, baina ondo eginda dago, eta gustura ikusten da pantaila handian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu