Natxo de Felipe: 'Burura etorri jakuzan zorakeria guztiak egin doguz'
2011-07-18 15:13 BarriketanOrain berrogei urte aurkitutako partitura misteriotsu batzuk dira Dantza kontra dantza (Elkar) Oskorriren disko barriaren abiapuntua. Partiturok Juan Ignazio Iztueta jantzariak XVIII. mendean jasotako jantzak dira; izan be, Frantziako Iraultzeak ekarritako moda aldaketakaz galtzen egozala ikusi eta batzeari ekin eutson. Oskorrik jantza-doinu horretako batzuk atondu, eta Baztango Dantzariak taldeagaz batera, jenteak erraz jantzan egiteko moduan moldatu ditu. Oskorriko Natxo de Felipek makina bat zehetasun emon deuskuz proiektu barriaren ganean.
1.- Aurkeztu barri dozue Dantza kontra dantza diskoa, baina daborduko emonaldi batzuk izan dozuez, ezta?
Disko honek prozesu luzea eta sano gatxa izan dau. Orain hiru bat urte hasi ginan musika honeek lantzen, eta horretan genbilzala konturatu ginan gehitu ahal zala jantza proposamen bat. Orain urte bi, San Inazio egunean, egin genduan lehenengo batzarra Elizondoko Baztango Dantzariak taldeagaz. Izan be, gure ustez, aukeratu doguzan Iztuetaren partituretakoak muxiko edo mutil jantzen familiako jantzak dira, eta horregaitik pentsau genduan jantzak birsortzeko egokienak tradizino hori ondo ezagutzen eben jantzariak zirala. Lehenengo batzarretan musika horren ganean ia ze jantza egin galdetu geuntsen, ia jantzan egiteko egoki ikusten zituen, eta baiezko erantzuna jaso genduan. Daborduko urte bi daroaguz musika horreek jantza moduan birplanteetan.
2.- Diskoagaz batera, DVDa be aurkeztu dau Oskorrik. Zer material batu dozue DVDan?
Bai, emoitza bikotxa da. DVDan jantza guztiak grabau doguz, jenteak ez dakiezanak etxean ikusi eta ikasteko aukerea izan daian. Jantza ikastaro bat be filmau dogu, pausu guztiak zelan egin behar diran ikasteko. Musikeak alde batetik, eta jantzek beste alde batetik, osotasun bat dirala pentsetan dot. Ikastaroa atondu ahal izateko materiala behar genduan. Hori dala eta dantzazale bila hasi ginan. Oskorri Dantza Kluba ipini genduan martxan Interneten; gure helbidea emon, eta izena emon, ez da besterik egin behar. Mila bat bazkide edo lagun gara. Youtuben bideo batzuk eskegi nituan, sinple-sinpleak, jenteak jantzen pausuak zelan diran ikusteko. Orduan, jantzazaleek pausuok ikasi eta hitzorduak antolatu genduzan. Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Baionan egin doguz grabazinoak. Danetara, bostehun bat lagun batu ginan. Grabazino horreek dira DVDan jaso doguzanak. Beraz, diskoa atara baino lehen badaukaguz gitxienez bostehun jantzari jantza honeek badakiezanak. Horregaitik izan da prozesu hain luzea. Orain espero dogu jente gehiagok ezagutzea, eta jente gehiagok ikastea.
3.- Edonork hartu leike parte klubean?
Bai, bai, egin behar dan gauza bakarra da helbide honetara idatzi: natxooskorri@euskalnet. Izena emoten dabenek gure barri guztiak jasoko ditue, non daukaguzan emonaldiak eta abar.
4.- Emonaldietan be jentearen parte-hartzea sano garrantzitsua da, ezta?
Bai, jakina. Orain aste bi edo emonaldia izan genduan Sestaoko jaietan. Jantzari mordoa batu zan. Oskorrik hemendik aurrera kantaldia egingo dau, baina jantzaldia bere bai, jenteak jantzan egin daian.
5.- Jantzan ez dakienak be parte hartu ahal izango dau?
Sikeran pausuak zelan diran jakin behar da. Errazak dira, sinpletxuak, ganera eszenarioan Baztango Dantzariak dagoz, publikoak pausuak zelan diran ikusteko. Ganera, jantzarietako batek hurrengo pausua zein dan esaten dau. Ez da kalidade ikaragarria eskatzen, jentearen parte-hartzea da garrantzitsuena. Plazan ikusten dogu oso ondo jantzan egiten dauen jentea, baina bai ikasten dabilzanak be bai. Eta sano polita da hori ikustea, benetan be.
6.- Juan Ignazio Iztuetaren idatziak hartu eta diskoa egiteko asmoa zelan sortu zan?
Hau be prozesu luzea izan da. Oskorriren ia hasieratan, orain berrogei bat urte, lagun batek partitura misteriotsu batzuk emon euskuzan. Ez genduzan ezagutzen, eta ez geunkan inongo informazinorik euren inguruan. Inprentako proba batzuk ziran, hainbat zuzenketagaz. Handik urte batzutara Donostiako Manterola liburu-dendan liburu bat erosi, eta han topau genduzan partitura misteriotsuak. Gerraurreko liburu bat zan, Aita Donostiak Iztuetaren partiturekaz atondutako edizinoa hain zuzen be. Jose Ignazio Iztueta Zaldibian, 1767. urtean, jaiotako jantzari eta jantza-maisua izan zan. Iztuetak gaztaroan hainbat jantza galtzen ikusi zituan. Orduantxe izan zan Frantziako Iraultzea, eta haregaz batera moda barriak etorri ziran. Denpora gitxi-gitxian jantza asko desagertu egin ziran. Iztueta ahalegindu egin zan jantzak liburuetan eta artikuluetan jasoten, baina ez ekianez musikarik, Donostiako Santa Maria eleizako organistearengana jo eban partiturak egiteko. Iztuetari esker heldu dira jantza horreek gaur egunera arte.
7.- Zelango musikea topau zenduen partiturotan?
Musika primitiboa da, oso zaharra eta oso latza. Lan egiteko oso gogorra da. Urteak emon doguz partiturei bueltaka, eta buelta-bueltaka, azkenean egin egin behar zala erabagi eban Oskorrik. Holan, ezelako pretensino barik, bersino musikalak egiten hasi ginan, guztiz libreak. Burura etorri jakuzan zorakeria guztiak egin doguz, fantasia guzti-guztiak. Doinua besterik ez dogu errespetau; horren ganean egin doguzan konponketa guztiak modernoak dira, gureak. Jantzeei jagokenez be, gure asmoa ez da jantzak ziran moduan bardin-bardin emotea, ez, hori ez da gure asmoa. Hori folkloristen kontua izan daiteke. Oskorrik jantzok modu moderno batez planteetan ditu. Gustuko dituanak jantzan egin daiala, eta gustuko ez dituanak, hor konpon.
8.- Orduan, Dantza kontra dantza ez da berreskuratze-lan sakon bat, ezta?
Guk modu bat, bersino bat proponidu dogu. Bat-batean armairu bat zabaldu dogu, eta barruan topau doguz klasiko baten partiturak; Vivaldi, Bach edo Scarlattiren lan baten antzera. Begira, orain urte batzuk Arantzazuko artxibategian ezagutzen ez zan Scarlattiren meza bat agertu zan. Munduan ezagutzen ez zan meza bat, non, eta Arantzazun. Altxor bat. Hau be antzekoa da: armaiuru bat edegi dogu eta bertan honek partiturak egozan. Guretzat altxor bat da. Baina, zelan landu altxor hori? Zelan landuko geunke Vivaldiren partitura bat? Gu Oskorri gara, gu ez gara musika barrokoko irakasleak konserbatorioan, eta guk proponiduten doguna gure erara egin dogu. Beste nonork beste bersino bat egingo baleu, desbardina, ba ondo etorria izango litxake. Oskorrik egin dau egin dauena. Klasikoen bersino batzuk negargarriak begitantzen jakez askori, nazkagarriak. Bale, konforme, baina libre da. Inork ez daki gaur egun Bachen musikea zelan joten zan zehatz bere sasoian, ez dago grabazinorik, ez dago jakiterik. Guk modu honetan egin dogu, eta beste batek beste bersino bat egiten badau, ba, ondo.
9.- Erraza izan da partiturak lantzea?
Guretzako lan musikal latza izan da, lan handia emon deuskue. Danak erritmo beretsukoak dira; oso gatxa izan da desbardintasunak eta ñabardurak topetea. Lan handia izan da. Oskorrik normalean sormen lana da gehien estimetan dauena, beste batzuetan berreskuratu izan doguz kanta zaharrak jenteagaz kantetako. Hor dago, esaterako, The Pub Ibiltaria. Hau beste kontu bat da, jentea ez daitela engainau. Oskorriren diskoen artean, musika kontuetan, inportanteenetakoa da hau, eta lan handiena emon deuskunetako bat.
10.- Hamalau kanta ditu diskoak. Zer motatako piezak dira?
Iztuetak hogeita hamasei jantza inguru batu zituan; horretatik, lau-bost tradizinoz heldu jakuz, beste guztiak ez dakigu zelan ziran. Guk 2/4ko erritmodunak aukeratu doguz. Gaur egun Iparraldean egiten diran mutxiko, jauzi edo mutil jantzekaz zerikusia dabela ikusi dogu, eta seguruenez, orduko jantzen antza eukiko dabe. Eta horregaitik jantza moduan berregiteko Baztango Dantzariengana jo dogu.
11.- Orain diskoa plazaz plaza aurkezten segiduteko asmoa daukazue?
Bai, jakina, deitzen deuskuenean. Hurrengo emonaldia abuztuaren 13an izango da, Donostian, eta handik hiru egunera, 16an, Ondarroan. Gauzak oso gatx dagoz guretzat, eta pentsetan dot danentzako, bai kantari bai taldeentzako. Gaur egungo egoeran admnistrazinoek eta udalek lehenengo gauzea moztu dabena kulturea izan da, gitxiago programetan dabe eta herriko jaietarako aurrekontu txikiagoa dago. Egoera sano gogorra da.
12.- Ba, Oskorrirentzat hain latza bada...
Oskorrik berrogei urte daroaz musika munduan, eta aurtengoa izan da eskasena. Esperantzarik ez dogu galtzen; badakigu lan sano interesgarria egin dogula eta jenteari interesauko jakola. Orain, bideak topau behar dira plazetan eskaini ahal izateko. Baina, benetan, berrogei urtean hau izan da urterik txarrena, eta ez dago hobetzeko itxaropen handirik.
13.- Aurrera begira, Oskorrik badauka beste proiekturik?
Honi eutsiko deutsagu, jaiobarria besterik ez da. Honek bere bidea egin behar dau, eta gero gerokoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!