Elena Garcia: 'Ikastaro arrakastatsua da Euskal Herrian itzultzaile ugari eta hizkuntzakazko sentsibilizazino handia dagoalako'
2011-07-15 16:39 BarriketanELEKA enpresako teknikaria
UEUk Eibarren asteon eskaini dauen azken ikastaroa: Ordenagailuz lagundutako itzulpena MS Word gabe Elena Garcia Berasategiren ardurea izan da. Garcia Berasategi ELEKA Ingeniaritza Linguistikoa enpresako teknikaria eta hizkuntza-teknologietan aditua da. Ikastaroan, Wordfast Pro, Anaphraseus eta Omega T itzulpen tresnak lantzen ditu. Halan da be, ikastaroak piztu dauen interes handia dala-eta, talde barri bategaz bigarren ikastaro bat sortu behar izan da.
1.- UEUko udako ikastaroetan Ordenagailuz lagundutako itzulpena MS Word gabe ikastaroa landu dozu. Zeintzuk izan dira kurtso honetako ideia aitagarrienak edota bete dozuzan helburuak?
Gehienbat, Microsoft (MS) Word-etik kanpo funtzionetan daben Wordfast Pro, Anaphraseus eta Omega T tresnen aurkezpen orokorra egin dot. Orain arte Word-en erabilten ziran tresnakaz lan egin izan da, baina tresna horreek ez dabe MS Word-en beharrik. Gehienbat horreen erabilerea eta eskaintzearen informazinoa zabaldu dot.
2.- Wordfast Pro, Anaphraseus eta OmegaT itzulpenerako tresnak software librearen barrukoak dira, ezta? Zer goraipatuko zeunke software librearen inguruan?
Anaphraseus eta Omega T software libreak dira, baina Wordfast Pro, ordainpekoa. Nik esango neuke, azken aldian joera nabarmena martxan jarri dala software librearen alde egiteko eta, esangura horretan, ordenagailuek lantzen dituen tresnak be ezin dira atzean geratu. Leitekeana da oraindino be ordainpeko tresnek funtzionalidade handiagoa eskaintzea, baina software librearen munduan jente ugari dabil lanean funtzino bardintsuak kalidade onean eskaintzeko.
3.- Zergaitik zuzentzaile batek dauka beste aplikazino baten beharra?
Gaur egun itzultzaileek ezin dabe lanik egin teknologiak eskaintzen deutsezab laguntza horreek barik. Bai Word-en gainean edo Word-etik aparte, ordenagailuek eskainitako itzulpen tresnak oso baliogarriak dirala begitantzen jat. Baina zergaitik? Ba, tresna horreek itzultzaileen lana kudeatzen dabelako. Hau da, itzultzaile batek esaldi bat itzultzerakoan, tresna horreek ordura arte egindako lana itzulpen memoria batean gordeten dabe, eta antzeko esaldi bat barriro itzuli behar dauenean, tresnak berak aurreko batean egindako erabilerea gogoratu egingo deutso. Beraz, tresna automatiko horreek gure lana errazteaz arduratzen dira, lehendik itzulita daukaguna memorizetan, gure lanaren ardura nagusia itzulpen barriak bakarrik izan daitezan.
4.- Zeintzuk dira Trados itzultzailearen eta zuk landutako itzultzaileen arteko aldea? Ikastaroko tresnen arteko alderik badago?
Orokorrean Trados-en mailako edo pareko programea Wordfast izango litzateke. Hasiera batean, bi horreek MS Word-en barruan txertatzen ziran eta, urteak pasau ahala, Word-agazko dagoan menpekotasunagaz amaitutakoan, bersino barriak eratu ziaen. Beraz, gaur egun Trados Word-etik kanpoko programa bat da eta Wordfastek mantendu egiten dau Word-en gaineko bersinoa, Wordfast Classic izenekoa. Baina, horrezaz gan, aparteko programea dan Wordfast Pro programea eratu dau. Azken batean, horreen funtzinoak oso antzekoak dira.
Sarean gauzak metatzeari jagokonez aldea badago, itzulpen memoriak partekatzerako orduan. Lantzen gagozan tresna honeen bidez, metaketa lanak egiterakoan, ezaugarriak oso antzekoak dira. Sarean lan egiteko momentuan, barriz, ordainpekoek funtzino hori garatuago dabe, sarean gauzak partekatzearen funtzinoa, hain zuzen.
5.- Itzultzaileei begirako hainbat aplikazino egonda, horrek ez dau zuzentzaileen lana trabatzen, hau da, menpekotasunik sortzen?
Egia esan ez nator horregaz bat eta oso kritikoa naz, hau da, ikastaroan azaltzen doguzan programa horreek ez dabe itzulpen automatikorik egiten. Hiru tresna horreek itzultzaile automatikoak integrau leikiez, baina euren eginkizun nagusia persona batek itzulitako esaldiak gordetea da. Beraz, sormena personen esku geratzen da.
6.- Ikastaro arrakastatsua izango dala aitatu beharra dago, izan be, bigarren talde bat osotu behar izan da. Zein uste dozu dela arrakasta honen zergaitia?
Nik baietz esango neuke, Euskal Herrian itzultzaile ugari dagoalako eta hizkuntzakazko sentsibilizazinoa be nabaria baita. Kontuan hartzekoa da udan denpora libre gehiago daukagula eta jente askok trebakuntzan emoten dauela. Beraz, jentea prest eta interesauta badago, aukera polita da oso modu kontzentratuan, ikuspegi orokor bat hartu eta zer gauza barri dagozan ikusteko. Amaitzeko, aitagarria da UEUk urtero egiten dauen esfortzu hau, gehienbat, jenteak eskertu egiten dauelako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!