'ArtFutura XXI', kultura digitaleren bilakaerea ikusgai Bilboko Alondigan
2011-07-14 15:28 KultureaAzken hogeita bat urteetan ArtFutura ekimenak emon dituan lan adierazgarrienen antologia erakusketa batean batu dabe Bilboko Alondigan, ArtFutura XXI. Etorkizuna berraztertzen izenburupean. Jaialdiaren ibilbide historikoaz gan, Sachiko Kodama, Paul Friedlander eta Theo Jansen artisten lanak be ikusgai dagoz. Irailaren 2ra arte egongo da zabalik erakusketea.
Azken hogeita bat urteetan ArtFutura ekimenak emon dituan lan adierazgarrienen antologia erakusketa batean batu dabe Bilboko Alondigan, ArtFutura XXI. Etorkizuna berraztertzen izenburupean. Jaialdiaren ibilbide historikoaz gan, Sachiko Kodama, Paul Friedlander eta Theo Jansen artisten lanak be ikusgai dagoz. Irailaren 2ra arte egongo da zabalik erakusketea.
Aurkezpenean Bilboko alkate Iñaki Azkuna eta BBVAko lurralde zuzendari Vicente Maestre izan dira; bertan sinatu dabe Alondigea eta bankuaren arteko lankidetza akordioa, ArtFutura XXI babesteko asmoz.
Hogeita bat pantailatan ArtFuturaren hogeita bat urteko historia jaso dau erakusketeak, eta bakotxean urte horretako lanik onenak ikusi leikez. Artean, interkazino-diseinuan eta animazino digitalean nazinoartean izan diran ikuspuntu eta ideia garrantzitsuenak dagoz Alondigan.
Aldaketa handiak izan ditu arteak eta gizarteak azkenengo hamarkadetan; errealidade birtuala, Internet eta sare sozialak, besteak beste. ArtFuturak teknologiak gizartean, kulturan eta artean izan dauen zereginaren inguruan hausnartu dau urteotan. Arte digitalaren alde gizatiarra indartu nahi dogu. Arteak funzino garrantzitsua dauka, geure burua begiratzen erakusten deusku, azaldu dau erakusketako komisario eta ArtFuturako zuzendari Montxo Algorak.
Gure mundua nabarmen aldatu da: 1990ean, 100.000 ordenagailu inguru egozan Internetera konektauta; 1995ean, barriz, 50 miloe erabiltzaile zituan Sareak. Gaur egun, 1.996 miloek baino gehiagok erabilten dabe Internet. Orain dala bost bat hamarkadatik, Moore Legea beteten dala azpimarratu dau Montxo Algorak: Urte birik behin prozesadoreen edukierea bikoiztu egiten da. Hazkundea geometrikoa da, ikaragarria. Eta pentsau beharko dogu zer egin horregaz guztiorregaz.
Ikus-entzunezko programea etenbarik proiektauko da erakusketa aretoan, bisitariek ikusiko daben azkenengo aretoan. Dokumentalek, animazinoek, bideoklipek eta motiongraphic-ek osotzen dabe proiekzinoa, eta danetara, zortzi ordu irauten ditu. Ondokoak dira ikusgai dagozan lanak: 8 Bit, Satoshi Tamiokaren atzera begirakoa, Improv Everywhere, The Pixar Story, The Net (Lutz Dammbeck), We live in public, Passion Pictures + Digital Kitchen, ArtFutura Show, Máquinas y Almas eta Chris Landreth + PES.
1990eko urtarrilean sortu zan ArtFutura; ordutik, urteroko erakusketeak kultura digitalaren garapenean erabagigarriak izan diran artista eta pentsalarien parte-hartzea izan dau: William Gibson, Chris Cunningham, Karl Sims, Brian Eno, Moebius, Digital Domain, Stelarc, David Byrne, Laudie Anderson eta abar.
ArtFutura XXI erakusketearen ostean, urriaren 21tik 23ra, ArtFutura jaialdia egingo da Bilboko Alondigan, Montxo Algora zuzendariak berak aurreratu dauenez. Urtero uri bat aukeratzen dabe, han egiten dira ekitaldi garrantzitsuenak, baina aldi berean beste hainbat tokitan be jarduerak egiten dira. Aurten, esaterako, Argentinak, Txilek eta Kolonbiak be parte hartuko dabe.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!