White Material

Karolina Almagia 2011-07-14 12:46   Zinema kritikak

Calire Denis zuzendari frantziarrak hogei urteko ibilbidea dauka zinemagintzan, baina hau da hemen ikusten dogun bere lehenengo filma. Denisek Afrikan pasau eban umearoa eta kontinente horregaz lotura handiak ditu.

- Zuzendaria: Claire Denis.
- Produktoreak: Why Not Productions.
- Gidolariak: Claire Denis, Marie N'Diaye.
- Aktoreak: Isabelle Huppert, Nicolas Duvauchelle, Isaach De Bankolé, William Nadylam, David Gozlan.
- Generoa: Dramea.
- Herrialdea: Frantzia (2009).
- Iraupena: 100 min.

White material (gurean Una mujer en África izenburuagaz estreinau dana), pelikula desorosoa da, ezinegona edo artegatasuna eragiten deutsuzan horreetakoa. Afrikan kokatuta egonda, batek espero dau paisaje exotikoak eta animal basatiak ikustea eta erritmoz betetako musika ederra entzutea. Baina film honek erakusten dauena bestelakoa da: suntsitzen dan mundu bat, lur jota ixten zaituan gizarte bat.

Isabelle Huppertek Afrikako lurralde batean aspaldi bizi dan emakume batena egiten dau. Urte asko daroaz bertan eta afrikarra sentiduten da; gerra zibila lehertzen danean, uko egiten deutso iges egiteari. Kafe eremu bat zuzentzen dau eta hori aurrera eroatea besterik ez dau egin gura. Zeregin horretan buru-belarri sartzen da, sano tematuta dago, hainbeste ze burutik jota dagoala pentsarazoten deuskula.

Calire Denis zuzendari frantziarrak hogei urteko ibilbidea dauka zinemagintzan, baina hau da hemen ikusten dogun bere lehenengo filma. Denisek Afrikan pasau eban umearoa eta kontinente horregaz lotura handiak ditu. Argi eta garbi erakusten dau hango errealidadea ondo ezagutzen dauela. Berak ez dau inor epaitzen. Hemen ez dago ez alde onik ez gaiztorik. Baina mundu kaotiko, absurdo eta bidegabekoa eregi dabe guztien artean.

Elipsien bidez eregitako filmaren egiturea bikaina da. Beste aldetik, bortxakeriarik erakutsi barik, bortxakeria hain presente egotea lortzea beste merito bat da. Benetan film gomendagarria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu