Igor Elortza: 'Auzolana alstruismoagaz lotuko neuke nik; baina, batez be, bizipozagaz'

Bizkaie! 2011-07-13 18:37   Barriketan

Bertsolari, musikari eta sortzailea

Auzolana eta herrigintza: bizimodu komunitarioak berpiztuz izeneko ikastaro mamitsu eta jentetsua egin dabe egunotan UEUren Eibarreko Markeskoa jauregian. Hainbat irakasle eta adituk emon dabe mintegia, horreetako bat Igor Elortza bertsolari, musikari eta sortzailea da. Durangokoaren berbaldia, hain zuzen be, kulturgintzearen ganekoa izan da.


1.- Auzolanak ze eragin dauka Euskal Herriko kulturan? Gure kultura bizirik dago proiektu horreen bidez?

Bai, bai. Guk defendatzen doguna, hain zuzen be, horixe da. Alde batetik, euskal kulturan fokalizau dogu, eta auzolanaren alde egoteko argumentu nagusia gure indar nagusia hori dala azpimarratu dogu. Gaur gaurkoz euskal kulturgintzea bideragarri egiteko modu bakarra da. Badira beste baliabide batzuk, instituzionalak edo merkatuaren logikakoak, baina arlo bi horreetan, oraingoz gitxienez, ahulak gara. Ez daukagu estadurik, eta gitxi gara merkatuarentzako. Orduan, ikastaroan euskal kulturgintzea ardaztu egin behar dogula defendatu dogu. Ostean, bueltan, herri mobimendu edo herri antolaketea ardatz izanda, lan instituzionala eta lan komerziala batu behar dira. Oraina hemen dago, etorkizunean akaso baldintzak aldatu egingo dira. Horregaitik, lana momentu honetan egin behar da.


2.- Auzolanak ezaugarri jakin batzuekaz funzionetan dau edozein gizartetan?

Leku batzuetan ahulagoa izango da eta beste batzuetan, indartsuagoa. Auzolanak arlo asko hartu leikez, baina euskalgintzeak eta euskal kulturgintzearen aldeko sen horrek ekarri deusku XXI. menderaino eta bizi-bizirik eutsi deutso. Diskursoetan edo kanporako mezuetan asko zentrau gara beste logika instituzionalen aldarrikapenetan edo eskubideen bueltan; logika komerzialean, esaterako, profesionalizazinoari eta erakargarritasunari buruz, eta holango kontuei buruz. Ikastaro hau horren erakuslea da, eta argi ikusi dogu gai honen inguruan zalantzak dagozala. Gaur egun, azken urteetan euskal kulturgintzeak izan dauen momenturik indartsuenaren aurrean gagoz. Garai bateko euskal kulturgintzearen sena izatera heldu gara. Esaterako, ezin da ulertu ikastolak auzolanaren logika barik, edota 80. hamarkadako gaztetxeen mugimendua, 60. hamarkadako euskal kantagintzea... Gaur egun, berbarako, bertsolaritzeak daukan indarra ere ezin da aditu auzolan barik.


3.- Non egiten da auzolana? Non hasten da?

Auzolana personean hasi eta amaitzen da. Betiko kontuak dira, baina auzolana horizontala da, goitik behera barik. Nik esango neuke behetik gorakoa dala, goitik pasetan bada be. Honeek, apur bat, kontu abstraktuak dira. Auzolana horizontala da, baina horizontala personatik personara, talde edo alkarte baten barruan. Holan izan beharko leuke herri mubimenduak be, instituzinoa eta enpresen artean. Hori modu horretan esanda galdera asko sortzen da enpresaren kontzeptua aitatuz. Azkenean auzolana zer dan definidu beharko baneu, alkarlana dala esango neuke, baina ez edozein alkarlan: helburu sozial bati begirako alkarlana. Hor be auzolanetarako topo egin leikie norbanakoek, norbanakoek taldeekaz, norbanako eta udal taldeekaz, edo honeek hirurek enpresa bategaz be.


4.- Auzolana zein balore eta sentimendugaz lotu daiteke? Enpatia, lan egiteko gogoa, aldaketea,
proposamen barriak... Hau da, zerk bultzatzen dau auzolana edo herri mubimendua?

Horreekaz guztiekaz lotu daiteke, baina ni neuk altruismoagaz lotuko neuke, adibidez, eta bizipozagaz be bai. Auzolana da lana egitea zure herriarentzat, zure nazinoarentzat, zure komunidadearentzat: hori dana modu altruista batean, baina zuretzat be ulertuta, hau da, zuretzat aberasgarria dala ulertuta. Nire ustez, ez dago alkartasun benetakoagorik alkarren preminak sortutakoa baino. Bizipozarena azpimarratuko neuke. Izan be, batzuetan gauzak derrigor egin behar doguzala emoten dau, eta gero ezinak jota eta etsita egoten gara. Nire ustez, auzolanera bizipozez joan behar zara.


5.- Auzolanak adina ete dauka?

Ez du adinik, ez. Nire eritxiz, behinik behin ez. Bertsozale alkartea dogu, esaterako, horren adibide garbia. Bertan, kultur proiektu bat dago eta borondatezko lana eta profesionala buztartzen dira. Bertsolaritzeak hezkuntza arautuan eragiten dau, hedabideetan, herrietan... Instituzinoekaz be hitzarmenak dagoz. Alkarte horretan hamar urtetatik hasita, ez dogu mugarik topetan adinean. Danak hartzen dabe parte.


6.- Zein proiektu gauzatu dira auzolanaren bidez? Ikastolak aitatu dozuz...

Ikastolen sorrerea aitatu dot nik, orain ez dot gehiegi ezagutzen, baina badagoz adibide puntualak be. Adibidez, orain nire inguruan behintzat kezkagarriak diran gai bi dagoz: hizkuntza artekotasuna eta gazteak. Nire kasuan, euskerea eta gaztelerea dira hizkuntza artekotasunaren aldagai biak. Esaterako, sano interesgarria izango litxake aztertzea Gasteizeko gaztetxean eta Hala Bedi irratiaren bueltan emoten diran dinamikak: euskerea eta gaztelerearen alkarbizitzea eta alkar hartu-mona. Gazteen kasuan ardura asko dago: pasibotasuna, beti lokalean sarturik dagozala... Orain dala sei urteTrapagarango gaztetxera joan ginan eta hango lagun batek kontau euskun konturatu zirala eten bat egoala eta gazteak lokaletan gelditzen zirala. Ondorioz, lokalez lokal joatea erabagi eben, eta aldizkari bat sortu. Orain hiru urte barriz, irakurri neban zelan Trapagarango gazte horreek Lonjero Eguna antolatu eben eta guztiak lonjetatik urten eta herri bazkari bat antolatu zan, futbito txapelketea, bertso-bazkaria, erromeria... Beraz, hau guztiau auzolana da. Batzuk maila handiago batean izango dira, beste batzuk herri mailakoak, sektorialak... baina hau dana auzolana da.


7.- Aurrera begira, zer eskaintzen dau auzolanak? Zein erronka ditu? Teknologia barriak, baliabide barriak... integrau behar dira? Zelan?

Bai, duda barik. Nik uste dot, halanda be, teknologia barriak dagoeneko integrauta dagozala. Nik ez neuke teknologia barriak esango, ganera. 'Barria' izenondoa kenduko neuke. Dagoeneko teknologia dira. Baina, bai, erronken inguruan, orain ikastaroaren amaieran talde gogoeta izan dogu. Lagun batek esan dau auzolanaren bueltan hausnarketa eta gogoeta sakon bat egiteko momentua dala begitantzen jakola. Zertarako? Zergaitik? Zelan? Egituratu daitekeen auzolan hori: herri mugimendua, instituzinoak eta enpresa arloan parte hartu nahiko leukien eragileen artean. Erronka nagusia horixe dala uste dot. Horretarako, akaso marko bat egituratu beharko litxake, baina hori, jakina, kontu potoloa da eta oraintxe bertan gutako edonorentzako handiegia da, baina astiro-astiro lortu daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu