Maider Likona: 'Arduino proiektua egunerokotasunerako jardueretara zuzentzea interesgarria da'

Bizkaie! 2011-07-12 15:50   Barriketan

Informatikaria

Arduino mundu mailako elektronika irekiko proiektua da. Hardware- eta software-prototipo errazak eregiteko aproposa da. Objektu interaktiboak sortzeko interesa dauen edozein personarentzat sortua da. Maider Likona informatikariak gaiaren inguruko ikastaroa emon dau UEUko Eibarreko Markeskoa Jauregian.


1.- Zer da Arduino?

Arduino plaka bat da. Plaka horrek motoreak, sentsoreak... eta holango aparatuak ordenagailuan entxufau ahal izateko balio dau. Adibidez, nik ordenagailu bat daukat eta horri pantailea, inprimagailua, eskanerra... entxufau ahal deutsadaz, baina beroa egiten badau, esaterako, ezin deutsat automatikoki aire egokituaipini. Hori zelan egingo neuke? Arduinoagaz, hain zuzen be. Oso gauza gatxa emoten badau be, Arduino gauzak errazteko sortuta dago. Artista, irakasle, ikasle, esperimentetan dabilen edonork erabilteko modukoa da. Beraz, ez dauka ez elektronikako ezta informatika arloko konplikazino berezirik.


2.- Zertarako balio dau?

Arduinok tresna alkarreragileak sortzeko balio dau. Adibidez, beroa egiten badau, haizagailu bat martxan ipinteko balio dau. Musikea egiteko be balio dau...


3.- Arduino hardware eta software librerako balio dauen tresna da?

Hardwarea librea dan edo ez esatea ez da gure eskumenekoa. Izan be, hardware ez librean be funzionetan dau Arduinok. Libreak zer esan gura dau? Planoak Interneten dagozala, eta zuk zeuk Arduino bat egin zeinkela, hain zuzen be. Pentsau daigun nik lorategi handi bat daukadala, eta bertan dagozan lorak kontrolau nahi dodazala. Zein tenperatura eta hezetasun daben jakin nahi dot. Danetara, 80 landare ditut, eta hogei arduino-sarrera. Beraz, 60 falta ditut. Zer egin neike? Arduino gehiago erosi edo 80 sarrera dituan plaka bat egin. Orduan, nik planoak daukadazanez, egin behar dodan gauza bakarra hori zabaltzea da. Arduinoak, ganera, berak bakarrik kontrola leikez 80 landareak. Kontuan izan Arduinoak ordenagailu barik be funzionetan dauela. Software libreak, barriz, programea bera librea dala eta jaitsi egin daitekeela esan nahi dau. Argibide guztiak Interneten erraz topau daitekez. Arduinoren webgunean bertan argibideak eta adibideak dagoz.


4.- Praktikotasunik ba al dau eguneroko bizitzan?

Nire amari oparitzeko modukoa ez da; baina, egia esan, modu erraz batean erabili daiteke eta hainbat gauzetarako balio dau. Esaterako, etxean ume bi badituzu, ate bateko goi aldean sensore bi ipinita, persona nagusi bat pasatzean sensoreak aktibau egiten dira, baina ez dabe ezer egiten. Ostera, umeak pasatzen badira, oraindino ez dabenez altura jakin bat (sensoreak ipini diran altuera) sensoreek alarma jotzen dabe, eta badakizu umeak dirala. Hori oso erraz egin daitekeen zeozer da, eta praktikotasuna ere badauka. Beste adibide bat izan daiteke auto bati lau sensore ipini eta aparkatzerakoan beste autoetara hurreratzerakoan alarma jotzea. Hori be Arduino bidez egin daiteke.


5.- Zer dira Firmata eta Piduino?

Arduinoren ikasketearen hurrengo pausuak dira. Arduinoak 32 K (kilobyte) ditu programa bat idazteko. Zer gertatzen da toki gehiago behar badozu edo gauza gehiago kontrolau behar badituzu? Horretarako, Firmata eta Piduino dagoz. Itzultzailotako bat erabiliz, zuk zeuk ordenagailuko programa baten bitartez kontrolatu zeinke. Holan, programatzen dozuna ez da Arduino, baizik eta musika sortzeko sistema integral bat, adibidez. Ordenagailua eta Arduinoaren arteko bitartekaritza lana egiten dabe. Halanda be, merkatuan itzultzaile gehiago dagoz. Firmatak, esaterako, robotikan balio dau. Beraz, hainbat elementu kontrolatzeko Arduinoa nahikoa ez danean, goi mailako programazino lengoaia erabilten da; kasu honetan, Firmata. Beste adibide interesgarria izan daiteke Euskal Herriko soinuen mapa egiten dabilen taldearen lana. Toki askotan sensoreak eta grabagailuak ipintzen ditue. Horreen bitartez, soinuak eta zaratak jasoten ditue. Grabatzea erraza da, baina arazoa da behin soinu guztiak jasota nola alkartu guztiak batera. Horretarako, soinuekaz lan egiteko pentsatuta dagoan tresna bat erabili behar da; Piduino.


6.- Zein helburu ditu ikastaro honek?

Helburu orokorra batez be jentea elektronikegaz jolastera animatzea da, oso gauza errazak egin daitekezelako eta baliagarriak diralako. Bildurra kentzea beste helburuetako bat da; hori garrantzitsua da, hasierako pausuak gatxenak dira eta. Ikasleen autonomia be lantzea dot helburu. Dokumentazinoa eta baliabideak eskaintzen deutsiedaz, gero eurek praktikan ipinteko gura dabenean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu