Asier Sarasua: 'Euskal Herrian gehien aldatu dan elementua hizkuntzea dala esango neuke'
2011-07-11 15:41 BarriketanEuskal Herriko ahozko ondarea ikastaroko irakaslea
Asier Sarasua Euskal Herriko ahozko ondarea: Bilketa, katalogazioa eta hedapena ikastaroaz arduratu da UEUk Eibarren antolatutako udako ikastaroetan. Ahozko ondarearen inguruan egindako proiektuak aztertzea, horreen inguruko perspektiba orokorra zein historikoa emotea, eta gaur egun, XXI. mendean, ahozko ondarea batzeko oinarri teoriko batzuk ezagutzea dira ikastaroren helburuak. Modu honetan, ikastaroko parte-hartzaileak holango proiektuetan parte hartzera animau nahi ditu Sarasuak. Ikastaroa Badihardugu Deba Barreneko Euskara alkarteagaz alkarlanean antolatuta dago, eta aspalditik ahozko ondarearen inguruan dabil beharrean.
1.- Ahozko ondareak garrantzia handia dauka gure aurrekoen informazinoa gureganatu ahal izateko, baina ez da egia ahozko transmisinoak kulturako hainbat informazino galdu dauela?
Bai eta gehienbat azkenengo 30-40 urtean. Nik aldaketea Europa mailan izan dala uste dot. Bizimoduak beti dabilz aldatzen, eta momentuko ohiturei egokitzen jakiez. Ondorioz, ahozko ondarea aldatuz doa. Baina azkenengo 60 urtean aldaketa oso azkarra izan da, eta transmisinoan etenaldi bat izan da. Hau da, lehen aitita-amamek guraso zein ilobei egindako transmisino hori ziurtatuta egoan familia guztietan; barriz, azkenengo 40 urtean hori galdu eta eten egin da. Halanda be, bizitzako sasoi askotan ondarea galdu izanaren sentsazinoa izan da.
2.- Ahozko ondarearen bitartez informazinoa transmitidu izan da beti, baina zein arlotan igarri da gehien ahozko ondarearena?
Gatxa da esatea, gizarte multzo askotan dana ahoz aho transmitidu da eta. Esaterako, Euskal Herrian eta euskeraz %95 ahoz transmitidu da. Beraz, arlo guztietan garrantzia dauka, eguneroko bizimoduan, sinismenetan, ohituretan… dana ahoz transmitidu da. Euskal Herrian beste faktore bat be badaukagu: hizkuntzea bera. Munduko hizkuntza guztiak aldatuz badoaz be, euskareak urteroko aldaketak izaten ditu, besteak beste, 60ko hamarkadan euskarearen batasunagaz edo 70-80ko hamarkadetako normalizazino linguistikoa, alfabetatzea… Alde onak lortu baziran be, horrek herri hizkuntzen galerea be eragin eban eta ez hori bakarrik, eragiteko moduak be aldatu ziran. Beraz, Euskal Herrian gehien aldatu dan elementua hizkuntzea dala esango neuke.
3.- Ahozko ondarearen zeregina historiaren barri zuzenean bizi izan ebenengandik jaso eta ondorengoei eskaintzea litxake. Baina egun teknologia barrien erabilerea ikusita, esango zeunke ahozko transmisinoa guztiz galduko dala?
Ez dira bata bestaren kontra ipini behar. Teknologia barriak lagungarriak izan behar dira informazinoa batzean, katalogazinoan, zabaltzean eta transmisinoan bere bai. Modu berean, ahozko transmisinoaren lagungarria izan daiteke. Gaur egungo eskoletan teknologia barrien bidez jasotako informazinoa zabaltzen da. Gizarte aldaketen ondorioz, ez gara orain ehun urteko gizarte eredura bueltatuko. Beraz, gizarte aldaketak eta telebisinoaren eraginak be asko aldatu dabe gizartea bera, transmisinoa… Sasoi batean gauzak luze eta sakon kontetan ziran, baina gaur egun laburrak izan behar dira, YouTube estilora, minutu bitik beherako istorioak. Ondarearen transmisino barri honek alde onak eta txarrak daukaz, baina tradizinoa eta teknologia barriak buztartzen jakin behar dogu, eta bakotxaren alderik onena erabilten hasi.
4.- Orokorrean zelan ikusten dozu ondarearen etorkizuna? Informazinoa batzen, katalogetan eta zabaltzen ibilteko prest ikusten dozu gizartea?
Ondarea hor egongo da, aldatzen joan arren. Garbi dago orain 60 urteko tradizino asko ez dirala berreskuratuko, eta lexikoa be galdu egingo da. Hainbat ohitura eta tradizino galdu egingo dira, nahiz eta horeen ganeko informazinoa jasota izan, akaso museo batean. Berbarako, Euskal Herriko hainbat herri berbakeragaz hori pasauko da, dagoeneko pasau da. Erronkariera jasota dago, baina hiztunik ez da geratzen. Beraz, teknologia barrien eta ahozko ondarearen alkarlana garrantzitsua izan da. Teknologia barrien bidez egindako hainbat informazino batu da, baina antxinako tradizino bidez egindakoak be ugariak dira.
5.- Ez dozu uste euskerearen kalidadea galduz joango dala, ondarea modernizetan joan ahala?
Munduko beste hainbat hizkuntzagaz lez, euskereagaz be aldaketak izan doguz eta izango doguz. Euskareak izandako aldaketak baino, herrietako berbakera galdu eta batasuna gertatzen dabil. Horrek pena apur bat emoten dau, baina eboluzino logiko bat be izan daiteke. Holan, euskerea normalizau eta zabaldu eginda. Beraz, ez da kalidade kontua, aldaketarena baino.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!