Goizalde Landabaso: 'Bai biziteko bai hazteko, gurago dot uria herria baino'

Nagore Ferreira Zamalloa 2011-07-11 13:51   Barriketan

Idazlea eta kazetaria

Uri asko batzen dituan uri barria asmau dau Goizalde Landabasok Bränskint (Txalaparta) liburuan. Benetako uria da, turismo-gidetan eta oporretan gagozanean bialtzen dogun postaletan egundo agiri ez dana. Bränskint uri iluna da, argi gitxi dago, hotz egiten dau, eta bizimodua ez da erraza, baina hainbat personaren aterpea be bada, azkenengo aterpea sarritan. Idazleak asmautako uriaren argazkiak Aritz Eigurenek egin ditu marrazkien bitartez, leku berezia dabe, ganera, haren parke ilunek eta postontzi gorriek.



1
.- Zer da Bränskint?

Orain urte batzuk hasi nintzan idazten, irratirako minutu bateko ipuinak idazteko eskatu eustielako. Sasoi haretan nire inguruan hainbat jente egoan uriagaz apur bat aspertuta, eta pentsetan hasia zana herrira joatea. Holan, uruari buruz idazten hasi nintzan, batez be urian pasetan diran gauzak. Ez dira uri bakar batean idatzitako ipuinak, hainbat uritakoak dira. Nire asmoa uriari gorazarre egitea zan; erakutsi gura neban uria badala leku bat, biziteko toki bat dala, aterpe bat, guk asmautako aterpe bat, hain zuzen be. Holantxe sortu zan Bränskint. Uri bat da Bränskint, hazurdura bat, biziteko asmau doguna. Bränskinten gauza asko pasetan dira, jente asko dagoelako; ganera, uria personek eta gertakizunek osotzen dabe. Bertan bizi dan jentea da uriaren sentimendua eta arimea, ez uria bera. Bränskint uri bat da, bai, baina munduan gero eta gehiago zabaltzen dagoan gizakiaren aterpea be bada.


2.- Uria eszenatokia da, orduan, eta personak dira bertako protagonistak?

Egia esan uriak berak izan beharko leuke protagonistea, eta zentzu handi batean bada, baina liburua idatzi ostean konturatu naz nik uriaz berba egin gura nebala eta amaitu dodala uria osotzen daben persona horreetaz idazten. Azken batean, personak dira uriari bizia eta arimea emoten deutsenak. Uria, kasu honetan Bränskint, hezurdura bat da, altzairuz eta harriz egindakoa, eta odola eta zanak personak dira.


3.- Herrialde bat adinako hiri handiak izango dira / Etorkizuneko hiri erraldoiak / Non gizaki-inurria zifra bat izango den / mugitu eta sufritu eta dantzatzen duen zanbaki bat. Liburua zabaldu, eta Vicente Huidobroren poema hau da irakurleak topauko dauen lehenengo testua. Personak inurriak besterik ez gara uritzarrean?

Vicente Huidobro asko gustetan jat. Beste gauza baten bila nenbilela poema hau topau neban, eta interesgarria zala begitandu jatan. Neurri batean bagara inurriak; urrunetik begiratu ezkero inurriak gara, eta inurri ez izateko, persona izateko, hurreratu egin behar gara. Ez dakit behar dan beste hurreratzen garan, gero eta gitxiago hurreratzen garala uste dot, eta gero eta inurriago gara alboan daukagunarentzako. Huidobroren poemeari pesimismoa dario, baina ni ez naz pesimistea, nahiz eta liburua apur bat ilun geratu jatan. Onartzen dot. Nik baikortasunez ikusten dot, gogoeta egiteko aukera emoten dauela pentsetan dot; urian gauza txar asko pasetan dira, baina on asko be bai. Sorpresa sano onak hartzen dodaz sarri. Huidobroren aipua Bränskinten espirituagaz bat doa, apur bat pesimistea dan arren.


4.- Badago Bilborik, edo Bilboren zatirik Bränskinten?

Bai, bai, Bilbotik asko dauka, bueno gehiena, egia esan. Urteotan uri asko bisitau dodaz; oporretan noanean gustetan jat uriak bisitetea zelangoak diran ikusteko. Uri guztiak antzekoak dira, bakotxak berezitasun batzuk daukaz, baina oinarrian antz handia dabe. Bränskinten badagoz Bartzelona, Amsterdam, Istanbul, Porto, Lisboa, Dublin... eta beste makina bat leku. Dana dala, ipuin gehienak Bilbon idatzita dagoz, Bilbotik asko dauka liburuak. Bueno, Bilbo jakin batetik, Bilbo asko dagoz eta. Hemen agiri dan Bilbo ez da sekula turismo-gidaliburuetan urtengo; uriaren alde iluna, zikina, ezkutatzen da, baztertzen dana, garbitu be asko garbitzen ez dana... Hori da Bränskinten agiri dana. Marjinalia asko dago, miseria handiak. Horrek mundu guztiorrek sartzen ahalegindu naz.


5.- Turistei 'saltzen' jaken uriagaz zerikusi gitxi dauka, orduan.

'Saldu' nahi danean uri bat edo gauza bat beti ahalegintzen gara alderik onena erakusten eta gure arpegirik onena ipinten. Gurditxu hori eta ume hori, seguru nago, Bilbon eta edozein uritan topauko geunkela. Holango kasuak, edo antzekoak, leku guztietan dagoz; ez da albistegietan bakarrik begiratu behar, egunerokotasunean be badagoz holango egoerak. Egunerokoan, erne bazagoz, gauza asko entzun eta ikusten dira.


6.- Liburu iluna begitandu jatala esatekoa nintzen, baina gogorra be bada. Gurditxua eta umea aitatu dozuz, Edukiontzi baten historia ipuinean agiri dira. Egoera benetan gordina da; nonok galleta siku, pila zahar eta bestelako hondakinen artean, ume bat bota dau.

Nik uste dot albistegietan hainbeste dramatara ohitu garanez, ez dakit ez ete garen anestesiau holango astakerien aurrean. Albistea entzuten dogunean ikaratu egiten gara, aztoratu egiten gara baina segiduan pasetan jaku. Ez dogu egoera horreen atzean zer dagoan pentsetan. Sarritan ikusten dot jentea zaborretan bila, seguru nago gauza ikaragarriak topauko dituela. Jenteak danetarik botaten dau, eta umeak bere bai. Pasau izan da, ez da hain gauza arraroa be. Orain dala aste gitxi emakume bat ahalegindu zan bere umea saltzen, esaterako. Batzuentzako bizia drama handia da, euren lekuan ipini beharko ginateke benetan jakiteko zer daukan buruan ama edo aita batek umea zaborretara botateko. Niri ikaragarria iruditzen jat, baina igoal bere egoeran gauza bera egingo neuke, ezin jakin. Batzuetan bizitza oso gordina da, eta beste batzuetan ez hain gordina, baina bere bai.


7.- Uria hain iluna, gogorra eta gordina izanda, zelan izan leike aterpea? Bränskinteko protagonistak gizarteko bazterrekoak dira, prostitutak, junkiak, eskekoak...

Baina, bazterreko personaia horreentzako uria bada aterpea.


8.- Bai, egia esan herrietan nekez izango leukie tokirik.

Holan da, bai. Personaia honeek askotan herrietatik ospa egiten dabe, uriaren anonimotasunean txoko bat eukiko dabela pentsauta. Marjinalidadean bizi diranek badaukie itxaropen apur bat; bizitzari eutsi egiten deutsie, bizitza da azken batean geratzen jaken bakarra, eta uria da geratzen jaken leku bakarra. Beharbada, zubipeko lekutxu hori da daukan leku bakarra, eta euren familia da etxebakoentzako aterpean euren alboan dagoan hori, edo bertako jagoleak eurak. Bizimodu gordina dabe. Batzuetan pentsetan dot gu oso ondo bizi garala, eta ez garala konturatzen gure alboan ze txarto bizi diran.


9.- Bakardadea hainbat bider agiri da ipuinetan; uria jentez ganezka dago, baina persona batzuen bakardadea agiri-agirikoa da.

Urian gauzak muturrera eroaten dira, ez dot uste herrian bizi dan personea urian bizi dana baino hobeto egongo danik, lagun gehiago izango dauenik. Urian jente asko bizi da, eta bakardadea gordinagoa agiri da. Milaka lagunen artean ezin garala bakarrik sentidu uste dogu, baina askotan bakarrik gagoz. Supermerkatuan sarri ikusten dot jente nagusia, bakar-bakarrik: bakarrik bizi dira, bakarrik egoten dira beti... eta ez da aukeratutako bakardadea. Marjinalian bizi dan jentearen bakardadea ez da aukeratua izaten, normalean ez behintzat. Bakardadea ez da ezelan be eroangarria, baina ohituta dagozala erixten deutsat, onartu egiten dabe derrigorrezko bakardadea. Bränskinteko personaiak bakarrik dagoz, badakie, eta eurak be ohituta dagoz. Onarpen horretan etsipen puntu bat be badago; bizitzak hona ekarri gaitu, bakarrik gagoz, eta bakarrik geratuko gara. Holan da, eta kito. Uriaren handitasunak bakardadea nabarmenago egiten dauela uste dot, baina herrian be antzera pasetan da. Gure amak sarritan esaten dau, herri txikia, infernu handia. Herri txikietan danek alkar ezagutzen dabe, eta ez dakit okerrago ez dan, kontrol soziala handiagoa izaten da, eta intimidade gitxi egoten da.


10.- Zu zeu urian jaioa zara, bertan hazia, eta bertan bizi zara.

Edozelan be, bai biziteko bai hazteko, gurago dot uria herria baino, batzuk kontrakoa uste daben arren. Eta ez daukat ezelako traumarik. Nire auzoan ume asko dago, piloa. Etxe aurrean, ganera, eskola bat daukat, eta umez ganezka dago. Badago jentea pentsetan dauena uria leku aproposa dala umeak hazteko. Ez dabela jakingo zer dan behi bat, zuhaitz bat... Nik ikasi neban behiak zer diran, eta letxugak landatzen be ikasi neban. Urian haztea ez da bape traumatikoa.


11.- Aritz Eigurenen irudiek leku berezia daukie liburuan. Zelango esperientzia izan da?

Oso aberasgarria izan da. Nire testuak beste begirada batetik ikusteko aukerea euki dot. Idazten zagozanean hain zagoz sartuta, gauza batzuk ikusi be ez dozuzala egiten. Nik testuak idatzi ostean, proiektuaren barri emon geuntson Aritzi, zer nahi genduan kontau, eta berak ipuinak irakurri ondoren irudiak proponiduten euskuzan. Askatasun handia euki dau, nahi dauena nahi dauen moduan egiteko aukerea euki dau. Aritzen marrazkigintzatik gehien gustetan jatana eklektikotasuna da; estilo guztiz desbardinak erabilten ditu, batzuetan emoten dau irudigile diferenteek egindakoak dirala. Hasieran marrazkiak zuribaltzean izatea erabagi genduan, baina gero kolore apur bat sartzea pentsau genduan. Asmau dogula uste dot. Ez dago kolore askorik, baina uri hau ez da koloretsua, berezia da, iluna da, ia ez da eguzkirik ikusten, gordina da, eta bere itsasoa be bai. Auzolanean egindako liburua izan da, gustura geratu gara danok.


12.- Semaforoa, postontzi gorria, laranjak, larrosea, sagarra, leihoko argia... Marrazki iradokitzaileak begitandu jataz.

Ez da dana esan behar, ez da dana adierazo behar. Irudiek irakurlea parte hartzera gonbidatzen dabe, interpretatzera. Interesgarria iruditzen jat. Irakurleak parte hartu behar dau, eta lerroen artean irakurri. Marrazkien bidez lortu dogula uste dot.


13.- Bakarkako hirugarren liburua da hau; lehenengoa Korte bat, mesedez! (Alberdania, 2000) izan zan, eta bigarrena, Jat (Elea, 2005). Narratibea, poesia, eta oraingoan, zelan sailkatuko zeunke Bränskint? Asko dauka poesiatik, eta narratibatik be badauka.

Zergaitik ez dakit, baina poesiarako joera handia daukat, beti izan dot, eta garai baten ahalegindu nintzan ezabatzen, baina beti egoan hor. Mikroipuin bilduma lez sailkatu dogu baina sailkapenak ez jataz lar gustetan, mugak gero eta lausoagoak dira, eta kasu honetan gehiago. Batzuetan gatxa da bereiztea eta sailkatzea zer den poema bat edo zer dan mikroipuin bat. Eleberri bat be izan daiteke, uria hartzen badogu protagonistatzat. Sailkapenek mugatu egiten dabe, eta irakurlea be bideratu edo mugatu egiten dabe. Sormen lan bat da, eta bakotxak sartuko dau nahi dauen generoan.


14. Eta badaukazu beste proiekturik eskuartean, kontau baleike.

Kontau neike, baina gitxi. Poema piloa daukat, berrikusi egin behar dodaz eta eurekaz zer egin pentsau. Horrezaz aparte, taldeko liburu batean parte hartu dot, ezin neike gehiagorik aurreratu, baina urtea amaitu orduko kaleratuko dogula uste dot.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu