Bizkaiko kanpinen egoereak okerrera egin dau, Eroski Consumer aldizkariak egindako azterketearen arabera
2011-07-08 15:54Eroski Consumer aldizkariak estatu espainiarreko 100 kanpin aztertu ditu, horreetatik 16 Hego Euskal Herrikoak. Txostenaren arabera, hemengo kanpinetatik hiruk ez dabe aldizkariaren azterketea gainditu. Kanpinetako bi Bizkaikoak dira eta bestea Gipuzkoakoa da. Prezioei Jagokenez, garestienak Bizkaikoak dira, eta merkeenak, Arabakoak.

Eroski Consumer aldizkariak estatu espainiarreko 100 kanpin aztertu ditu, horreetatik 16 Hego Euskal Herrikoak. Txostenaren arabera, hemengo kanpinetatik hiruk ez dabe aldizkariaren azterketea gainditu. Kanpinetako bi Bizkaikoak dira eta bestea Gipuzkoakoa da. Prezioei Jagokenez, garestienak Bizkaikoak dira, eta merkeenak, Arabakoak.
Gero eta jente gehiagok pasetan ditu oporrak kanpinetan, bai kanpadendea, autokarabanatan edo bungalowetan; opor merkeagoak egitearren joaten dira batzuk, eta natureagaz harremanetan egotearren beste batzuk. Kanpin horreek zer egoeratan dagozan aztertu gura izan dau Eroski Consumer aldizkariak.
Lehenengo, galdeketea egin jaken kanpinetako arduradunei, instalazinoen ezaugarrien inguruan; ostean, aldizkariko teknikariek, bezeroen itxurak eginez, bertara joan ziran, kanpinak ikustera. Hainbat gauza hartu zituen kontutan: instalazinoak zelan dagozan zainduta, segurtasuna, osasun-arreta eskaintzeko baliabiodeak, ekipamendua eta erabiltzaileei emon jaken informazinoa.
Hego Euskal Herrian, 16 kanpinetan egon dira aldizkarikoak: Nafarroakoak izan dira sei, Gipuzkoak bost, Bizkaikoak hiru eta Arabakoak beste biak. Azterketak nabarmen itxi dau alde adierazgarriak dagozala lurralde batetik bestera. Emoitzarik onena Nafarroakoek lortu dabe, eta ganerako hiru lurraldetakoek, barriz, gitxigaitik gainditu dabe azterketea. 2007. urtean antzeko azterketea egin eban Eroskik. Nafarroan, esaterako, orduko emoitza bera lortu dabe kanpinek, Gipuzkoan eta Araban hobera egin dabe, eta Bizkaian, ostera, nabarmen egin dabe okerrera.
Atalkako balorazinoak kontuan hartuta, garbitasunean agiri da egoerarik onena; irisgarritasunean, batek be ez dau gainditu azterketea. Ganerako arloetan (erabiltzaileari emondako informazinoa, segurtasuna, osasun-arreta, eta ekipamenduak eta zerbitzuak) danetariko emoitzak dagoz, baina, gehienak onargarritzat jo dira.
Segurtasunaren atalean, berbarako, Arabako eta Bizkaiko kanpinek ez dabe larrialdi-planik, eta Araban aztertutako kanpin batean, ugerlekuan ez da egon soroslerik, nahiz eta jentea uretan egon.
Hamesei kanpinetako arduradunek onartu dabenez, ez daukie mediku-zerbitzurik, ez iraunkorrik eta ez noizbehinkakorik, eta botika-ontzi bat dabe bitarteko bakarra osasun-arreta eskaintzeko.
Kanpinen prezioak kalkuletako, familia mota jakin bat hartu da, eta kalkulu bi egin ditu: lehenengoan, bi gurasok eta ume batek osotutako familia bat hartu dau, hamabost egun pasetan joan dana, abuztuko lehenengo hamabostaldian, familia-kanpadenda bategaz, eta bigarrenean, familia berbera hartu dau, sasoi berean joan dana eta egun kopuru berbera pasau dauena, baina kanpadendeagaz barik, karabana bategaz joan dana. Hego Euskal Herriko kanpinetan, batez beste, 468 euro ordaindu beharko leukiez kanpadendadunek (2007an, 398); eta, karabana aukeratu ezkero, 476 euro ordainduko leukez familia horrek (2007an baino 81 euro gehiago). Kasu bietan, Bizkaiko kanpinak izan dira garestienak, eta merkeenak, barriz, Arabakoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!