UPV/EHUko zientzialariek Saturnoko ekatx erraldoiaren gaineko datu barriak emon ditue Nature aldizkarian
2011-07-06 18:16Nature aldizkariaren azken alean, Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoko (UPV/EHU) irakasle Agustín Sánchez Lavegaren zuzendaritzapeko nazinoarteko taldeak fenomenoaren behaketei buruzko emoitzak eta horren gaineko lehenengo interpretazinoa aurkeztu ditu.
UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak, Agustín Sánchez Lavega irakaslearen zuzendaritzapean, komunidade zientifikoaren aintzatespena lortu dau barriro, Saturno planetako ekatx erraldoiari buruzko nazinoarteko ikerketearen liderra izanik. AEBetako Nature aldizkariko azken zenbakiaren azaleko lanak ezusteko handia dan fenomeno honi buruzko lehenengo hipotesiak ezarri ditu, eraztundun planetako ekatx hau espero zana baino bederatzi urte lehenago heldu baita. Azalean Cassini espaziontziak hartutako ekatxaren irudi bat agertzen da. Hauxe da Sanchez Lavegak Naturen lortu dauen laugarren azala. Besteak 1991n, 2003an eta 2008an argitaratu ziran, eta Saturnori eta Jupiterri buruzko ikerketen barri emon eben. Horrezaz gan Natureren azken zenbakiko News and Views horretako bat Sánchez Lavegaren ikerketeari buruzkoa da. News and Viewsetan aditu batek lanaren edukia publiko zabalagoarentzat preparautako artikuluak agertzen dira.
Orban Zuri Handia izenez ezagutzen dabe astronomoek eguzki-sistemako fenomeno meteorologiko bakar hau, hau da, Saturnoko ekatx erraldoia, Lurraren neurriaren antzekoa; perturbazinoa zabaldu egiten da eta planeta osoa inguratzen dau, laino zuridun eraztuna sortuz. Behaketa teleskopikoak egin diran 130 urteetan, fenomenoa erregulartasunez gertatu da Saturnoko urtean, hau da, 29,5 urte lurtarretan. Halan da be, komunidade zientifikoaren harridurarako, 2010eko abenduan Japoniako astronomo afizionatu batzuek ekatxaren lehenengo arrastoak atzemon zituen, espero zana baino ia bederatzi urte lehenago. Agustín Sánchez Lavega irakaslearen esanetan, gaur, ekatxa hasi eta sei hilebete baino gehiago pasau diranean, jatorrizko guneak aktibo jarraitzen dau, ahulduta dagoan arren. Ondorioz, jazoera meteorologiko gogor honeek ulertzeko erronka handia dogu aurrean.
Nature aldizkariaren azken alean, Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoko (UPV/EHU) irakasle honen zuzendaritzapeko nazinoarteko taldeak fenomenoaren behaketei buruzko emoitzak eta horren gaineko lehenengo interpretazinoa aurkeztu ditu. Azterlan honetan parte hartu dabe Valladolideko Miguel de Cervantes Unibersidade Europarreko, Fundació Observatori Esteve Duran (Seva, Katalunia), Caltar Altoko Behatokiko (Almeria), Oxfordeko Unibersidadeko (Erresuma Batua) eta Parisko Behatokiko (Frantzia) ikerlariek. Era berean, UPV/EHUtik koordinautako behatzaileen nazinoarteko sare batek partaidetza erabagigarria izan dau, planetako irudiak hartzen lagundu dauelako.
Ikerlan honek maiatzean Science aldizkarian argitaratu zan beste bat osotzen dau. Aurreko azterketa horretan be parte hartu eban Agustín Sánchez Lavegaren taldeak eta tenperaturen alorrean eta ekatxak Saturnoko atmosfera altuan sortu dauen osokera kimikoan izandako perturbazinoak deskribidu dira.
Lanaren ondorioei jagokenez, Sánchez Lavega irakasleak dinoanez, fenomenoaren gainean egindako azterketen arabera, zurrustaka igon eta laino zuriak osotzen dituen gas beroen zutabeak ez dau ia aldatzen Saturnoren paraleloen norabidean putz egiten daben haizeen ohiko jarioa. Hori oso garrantzitsua da, izan be, bi teoria lehian dagoz haize horreen jatorri energetikoa azaldu eta gas erraldoien meteorologia anitza ulertzeko orduan: batetik, eguzkitik datorren argia izan daiteke eta haizeak azalekoak litzatekez, edo, bestetik, Saturnotik urteten dauen barruko beroa izan daiteke eta haizeak sakonak litzatekez. Nature artikuluan argitaratu dan lez, ekatxa eta horrek planeta-mailan izan dauen eragina ondoen simulau daben gure ereduek dinoenez, haizeak ur-lainoetaraino zabaldu behar dira, hau da, eguzkiaren argia heltzen ez dan lekuetaraino. Holan, lan honek aurreko azterketetan Jupiter eta Saturnori buruz esandakoa baieztauko leuke, haizeen jatorria beroaren barruko- iturria dala berretsiz.
Saturnoko ekatx erraldoi horreen osoerearen prozesu fisikoa ezagutzeko kuriosidadeaz gan, fenomeno horreen azterlanari esker hobeto ezagutu eta egiaztatu daitekez meteorologia eta Lurreko atmosferearen jarrerea aztertzeko erabilitako ereduak, laborategi batean simulau ezin dan inguru oso desbardinean.
Ikerketa astrofisikoa Bilboko Injinerutza Goi Eskolan
Agustín Sánchez Lavegak, Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoko irakasleak, EHUko Zientzia Planetarioen Taldea zuzentzen dau orain urte batzuetatik, eta, beste zeregin batzuen artean, Europako Espazio Agentziak sustatutako Venusen esplorazinorako misinoan lagundu dau. Talde honetako ikerlarien taldeak Venus Express espazio-ontzian jarritako tresnarik konplexuenagaz egin dau lan, planetako irudiak hartzea helburu dauen kamera espektralagaz, hain zuzen be. Taldea Eguzki Sistemako planetetako atmosferak aztertzeaz arduratzen da gehienbat, eta, horrezaz gan, IOPW (International Outer Planets Watch) behatoki-sarea koordinetan dau eta PVOL (Planetary Virtual Observatory & Laboratory) software-tresna garatu dau.
Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoak Espazio Gela jarri eban martxan 2009ko garagarrilean, profesional kualifikatuei prestakuntzea emon eta astrofisikearen eremuko oinarrizko ikerketa aplikatua sustatzeko asmoz. Gelak behatoki astronomikoa dauka Eskolan bertan eta Euskadiko teleskopiorik handiena bertan dago.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!