Imanol Agirre: 'Guk beti esaten dogu kale-artea probokazinoa dala'
2011-07-05 13:01 BarriketanGaragarrilaren 8tik 10era egingo dabe Lekeitioko 22. Kale Antzerki Jaialdia. Lekeitioko festibalagaz alkarlanean, Dantzaz konpainiak produzidutako Sarritsasoa lanaren estreinaldia izango da aurtengo hitzordu garrantzitsuenetakoa baina egitarauan badira nabarmentzeko moduko beste ekitaldi batzuk: correfoc-a Castelloko Scura Splats taldearen eskutik; Deabru Beltzak Bilboko taldeak The Wolves obra ikusgarria eskainiko dau; Marseillako Generik Vapeur taldeak Bivouac kalejirea ekarriko dau; eta Eidabek Kanpanolue 11 salto gehiago obrea dakar Lekeitiora.
Hona hemen, Imanol Agirre Lekeitioko XXII. Kale Antzerki Jaialdiko zuzendariak kontau deuskuzanak:
1.- Kaosari itxura ematen ahalegindu, gizakia ekarri munduaren neurrira, Kirmen Uriberen aipu poetikoa sartu dozu aurtengo kartelean, aurrekoetan, besteak beste, Atxaga, Aresti, Lauaxeta eta Leterenak sartu dozuezan moduan. Aurten zer adierazo nahi izan dozue?
Guk beti esaten dogu kale antzerki jaialdia, kale-artea probokazinoa dala eta, esangura horretan, urtero kartelean aipu poetikoa sartzen dogu, aurten Kirmen Uriberena. Gaur egun kaos txiki batean bizi gara, krisia deitzen deutsie batzuk eta kale antzerkiagaz gizartea munduaren neurrira ekarri nahi dogu, horixe da gure begiradea; baina bakotxak nahi dauen ondorioa atara leike, interpretazinoak ugari izan daitekez.
2.- Aurtengo nobedade nagusienetakoa Lekeitioko jaialdiak produziduten dauen 9. lana da: Sarritsasoa, hain zuzen, antzerkia baino gehiago jantzea, ala bietatik dauka?
Batez be jantzea da, jantzea eta hondartzea buztarturik. Jantzea bai baina espazio barri batean gura genduan, itsasoa izan daiten eszenatokia, eszenografia. Horixe da lan honen berezitasun edo ardatz nagusietakoa. Horrezaz gan, jantza garaikidea nahi genduanez, Filgi Claverie buru dauen Dantzaz konpainiagaz jarri ginan hartu-emonetan, Donostiako Artelekun kokatzen dan nazinoarteko jantza taldeagaz. Hirugarren zutabea, barriz, Sarrionandiaren olerki musikatuek osotzen dabe. Jantzariak kantu horreetan oinarritu dira koreografiak egiteko.
Itsasoz helduko dira jantzariak hondartzara, naufragoen antzera. Euren itsasontzia bitan hausi, eta hondoratzen hasi da. Itsasertzean eszenaratuko dabe tragedia, Sarrionandiaren letrakaz Ken Zazpik eginiko Gernikan kantua entzuten dan momentuan. Hori abiapuntua izango da.
Kale antzerkigintzan 22 urte daroaguz eta ibilbide horretan, hauxe da gure bederatzigarren produkzinoa, geuk sortutakoa eta Lekeition ikusgai egongo dana, garagarrilaren 8an eta 9an, Isuntzako hondartzan, gaueko 21:00etatik aurrera. Danetara, 30 bat lagunek parte hartuko dabe Sarritsasoa lanean; Dantzaz konpainiakoak, Karkabia Lekeitioko jantza taldekoak eta umeak tarteko dirala. Herri antzerki kutsua izango dau, beraz, Lekeitioko festibalak berezko dauen zigilua.
3.- Josu Mujikak zuzendaritzeagaz, Sarrionandiaren poematan oinarrituta, Dantzaz konpainia, Lekeitioko Karkabia taldeko jantzariak eta zenbait ume izango dira protagonista Sarritsasoa lanean, Ruper Ordorika, Mikel Laboa, Audience, Ken Zazpi, Jabier Muguruza eta Deabruak Teilatuetan taldeen musikea ahaztu barik. Euskal Herritik kanpokoak diran Dantzaz konpainiako jantzariak zelan moldatu dira Sarrionandiaren lana ulertzeko?
Lehenengo eta behin azpimarratu gura neuke lekeitiarrek barriro parte hartzen dabela muntaia profesional batean eta oraingo honetan berezia da jantza garaikidea dalako. Azken urteotan sortu da Lekeition jantza garaikidearen inguruan talde txiki bat, Karkabia izenekoa, jantza garaikidea landu arren, kultur mobimentu zabala da. Hortik 12 lekeitiarrek parte hartuko dabe, hasibarriak izan arren jantzari profesionalakaz buztartuko dira eta hondartzan eskainiko dogun ikuskizuna erabat profesionala izango da. Hauxe da Lekeitioko herriak egiten dauen ekarpen popularra; harro gagoz, Lekeition hankapalu talde sendo bat dago, antzerki herritarra egiteko gaitasuna dago eta oraingoan beste pausu bat emongo dogu jantza garaikidera, hain zuzen be.
Galdereari Filgi Claveriek emongo leuskio erantzun zehatzagoa baina neuk esango deutsut Dantzaz konpainiako jantzariak nazinoarte mailakoak dirala baina Donostian bizi dira eta zeozelan taldearen egitura osoa euskalduna da. Josu Mujika eszenografia zuzendariak ondo ezagutzen dau Sarrioinandiaren lana eta hor sarritan agertzen diran naufragoak dira protagonista Sarritsasoa obran be. Horrezaz gan, Filgi Claverie Dantzaz konpainiako burua eskarmentu handikoa da eta, beraz, kanpoko jantzariek ez dabe ezelako arazorik izan Sarrionandiaren obra eta espiritua ulertzeko.
4.- Sarritsasoa birritan antzeztuko da Lekeition. Hortik aurrera izango al da aukerarik herririk herri ikusteko?
Ez, ez dot uste. Egia esan guk zabalik itxi dogu emonaldi gehiago eskaintzeko aukerea baina hori ez dago gure esku, izatekotan, Dantzaz konpainiaren erabagia izango da. Edozelan be, oraingoz ez dago ezelako asmorik ikuskizuna beste leku batzuetan eskaintzeko eta, beraz, ia seguru esan daiteke Lekeition baino ez dala ikusiko Sarritsasoa lana.
5.- Aurtengo egitarauan, correfoc-a Castelloko Scura Splats taldearen eskutik; Deabru Beltzak Bilboko taldearen The Wolves obrea, Marseillako Generik Vapeur taldearen Bivouac kalejirea eta Eidaberen Kanpanolue 11 salto gehiago lanak nabarmendu daitekez. Besterik?
Batetik, nazinoarteko mailari aparteko garrantzia emoten deutsagu urtero; jaialdia barritzailea izateko asmoz sortu zan eta horri eusten jarraitzen dogu. Munduan zehar gauza barrien bila ibilten gara eta aurten, sekulako ahalegina egin dogu Japoniako talde bat ekarteko, Ojarus taldeak zeozer desbardina eskainiko deusku, sekula ez da egon gurean holako talde bat eta magia-mimo-clown arloan, ikusleek gozauko dabela pentsetan dot (Garagarrilaren 8an, 20:00etan, plazan). Horrezaz gan, Eskoziatik lehenengoz etorriko jaku talde bat, Chipolatas, hain zuzen, zirko barria eta musikea buztartzen dituana. Frantziatik, barriz, azken urteotan Frantziako talde handiak ekarri izan doguz eta aurten be Marsellatik datorren Generik Vapeur taldea izango da Lekeition.
Bestetik, suaren eta pirotekniaren protagonismo bereziagaz, gaueko bi ikuskizun handi nabarmenduko neukez: aitatutako frantziarrak Generik Vapeur eta euren Bivouac lana eta correfoc-a Castelloko Scura Splats taldearen eskutik.
6.- Orain 22 urte antolatu zenduen Lekeitioko I. Kale Antzerki Jaialdia, nahiz eta aurreko urtean, 88an, I. Hankapalu Eguna antolatu. Hori izan zan abiaburua?
Bai. Lehenengo urtean hankapaluen bilkurea antolatu genduan, izan be, sasoi haretan horreek ziran protagonista kale-antzerkigintzan. Honezkero 22 urte joan dira eta gure ibilbidearen alboan beste jaialdi batzuk sortu diran arren, Lekeitiok bide barritzaileetan aitzindari izaten jarraitzen dau. Gure hasierako helburuak bete doguz zeozelan, hasiera haretan kale-antzerkiari hirugarren mailako antzrekia esaten jakon eta zorionez gaur egun duintasun osoagaz egiten da.
7.- Euskal Herriko kale-artegintzearen historia idatzi barik egoala esten zenduen orain urte batzuk. Gaur egun gauzak aldatu egin dira?
Azken bi hamarkadotan gauzak goitik behera aldatu dira. Kale-artegintzan joerak asko aldatu dira; gaur egun arteaz berba egiten dogu, arte mota asko buztartzen baitira, jantzea, piroteknia, sua, antzerkia, zirku barria, musikea... Sarritan osogai horrek buztarturik agiri dira obratan eta gu aspaldi jarri ginan joera barri horreei begira eta horretan jarraitzen dogu. Espazio gehiago erabilten doguz orain, lehen kale-antzerkia zan, kaleetan baino ez zan egiten eta gaur egun plaza antzerkia nagusitzen bada be, hondartzan be egiten doguz antzezlanak zein jantza ekitaldiak, zeruan be egin izan doguz, itsasoan... Lekeitio beti izan da aitzindari eta beti egon da joera barriei adi eta, esangura horretan, pozik gagoz 22 urte joan diralako eta oraindino be brankan jarraitzen dogulako, joera barriei, esperimentazinoari bideak zabaltzen.
8.- Ba al dago jakiterik bihar-etzi joera barriak zeintzuk izango diran?
Oso gatxa da arlo honetan igarle lana egitea. Edozelan be, kale-artegintzearen esparruan, ikus-entzunezkoen bidea har daitekeela pentsetan dot. Azken urteotan zeozertxu ikusi dogu baina oraindino gauza asko dago esateko eta egiteko.
9.- 1991tik hona argitalpen batzuk be atara dozuez, besteak beste, Euskal Herriko kale-antzerki ikuskarien katalogoa, Gastibeltzaren karabinak herri opereta eta Anakabe kapitainaren balada. Azken urteotan, barriz, ez dozue ezer atara...
Bai, garai batean hainbat argitalpen atarateko jokerea izan genduan. Gure proiektuakaz eta lotzen genduzan argitalpenok; horren erakusgarri, aitatu dozuzan katalogoak. Dana dala, gaur egun papelezko argitalpenak finantzietea ez da erraza. Gaur egun, katalogoak gure webgunean dagoz, Euskal Herriko talde guztien ganeko datu, helbide eta enparauakaz batera. Azken boladan, barriz, ez da subertau testu berezirik argitaratzeko aukerarik, gehiago jo dogu Internet Sarearen bidetik, webgunea, bloga, sare sozialak, hor gabiz beharrean. Papela artxibo moduan hor itxi dogu eta inoiz aukerarik baldin badago eta gogoz eta indarrez bagagoz barriro helduko deutsagu. Egia da beti gura izan dogula gure argazkirik politenakaz liburu bat egin. Oraindino ez dogu holakorik lortu baina pozik gabiz beharrean eta Internetek eskaintzen dituan baliabideak aprobetxauta.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!