Unibersidadeen Gida eguneratu dau Eroski Consumerrek eta informazinoa dakar 76 unibersidadeei buruz
2011-07-01 12:22Espainiako unibersidade-sistemea aintzat hartuta, euskal unibersidadeak dira masifikazino gitxien daukienetakoak. Irakasle bakotxari zenbat ikasle jagokozan kalkulatuz jakiten da zenbateko masifikazinoa dagoan ikasgeletan, eta euskal unibersidadeetan, batez beste, 8,9 ikasle dagoz irakasle bakotxeko; Estaduko batez besteko orokorra, barriz, 12,4koa da.
Espainiako unibersidade-sistemea aintzat hartuta, euskal unibersidadeak dira masifikazino gitxien daukienetakoak. Irakasle bakotxari zenbat ikasle jagokozan kalkulatuz jakiten da zenbateko masifikazinoa dagoan ikasgeletan, eta euskal unibersidadeetan, batez beste, 8,9 ikasle dagoz irakasle bakotxeko; Estaduko batez besteko orokorra, barriz, 12,4koa da. Unibersidadeak banan-banan hartuta, Deustukoak dauka ratiorik onena (7,2 ikasle, irakasle bakotxeko). Euskal Herriko Unibersidadeak (EHU) 7,9ko ratioa dauka, eta unibersidade publiko guztien artean onena izan da. Mondragon Unibersidadean 7,8 ikasle dagoz, batez beste, irakasle bakotxeko, eta Nafarroako Unibersidade Publikoan, 8,5. Nafarroako Unibersidadeak, barriz, gainditu egin dau Estaduko batez besteko orokorra: ikasgela bakotxean, batez beste, 13 ikasle dagoz irakasle bakotxeko. Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruak aparteko garrantzia emoten deutso ikasle eta irakasle kopuruen arteko lotureari, irakaskuntza personalizatuagoa lortzea baita haren zutaberik nagusietakoa.
Eroski Consumerrek, urtero lez, eguneratu egin dau Unibersidadeen Gida Praktikoa, eta aurtengo datuak batu ondoren, emoitza horreek agiri dira euskal unibersidadeetan. Gaurtik aurrera, nahi dauenak Interneten eskuratu ahalko dau gida hori, www.universidades.consumer.es helbidean. Gida guztiz baliogarria da unibersidade bakotxak zer titulazino eta master ofizial eskaintzen dituan jakiteko eta horreen zehetasunak eskuratzeko (matrikulearen prezioa, gitxieneko notea, leku kopurua, ordenagailu aukerea, irakasle taldea); horrezaz gan, unibersidade bakotxak zelako ezaugarriak dituan be ikusi ahalko dau erabiltzaileak.
Euskal unibersidadeen artean, EHUk eta Nafarroako Unibersidadeak daukie ikerkuntza-jardunik oparoena: 2010an euskal unibersidadeetan defendidu diran 572 doktore-tesietatik, EHUn egin dira 321 eta Nafarroako Unibersidadean 182. Administraznioko eta Zerbitzuetako Langileei jagokenez (AZL), barriz, Mondragon Unibersidadeak eta EHUk daukie langilerik gitxien arlo horreetan, nahiz eta horreen lana funtsezkoa dan unibersidadeak ondo funtzionau daian. Bi ikastegi horreetan, AZL-irakasle ratioari erreparauta, unibersidade-sistema guztiko apalena daukie (hurranez hurran, 0,2 eta 0,3 AZL, irakasle bakotxeko); batez besteko orokorra 0,45ekoa da Estaduan, baina Nafarroako Unibersidadearen ratioa are handiagoa da (1,3 AZL dauka, irakasle bakotxeko, Estadu osoko handienetakoa).
Unibersidadeak ordenagailuz zelan horniduta dagozan be aztertu da, eta Deustuko Unibersidadea eta Mondragon Unibersidadea nabarmendu dira atal horretan: ordenagailu bat eskaintzen dabe, hiru ikasle bakotxeko. Egoerea ez da hain ona EHUn, Nafarroako Unibersidadean eta Nafarroako Unibersidade Publikoan: 9 eta 12 ikasleren artean banatu behar dabe ordenagailu bakotxa. Era berea, nabarmentzekoa da Mondragon Unibersidadeak enpresa arloagaz daukan loturea: ikastegi txikia izan arren (3.018 ikasle ditu), 600 enpresagaz eginak ditu ikastaldi-hitzarmenak. Bestalde, Europako esparrura egokitutako 200 gradu baino gehiago eskaintzen ditue bost euskal unibersidadeek, nahiz eta Euskal Herriko Unibersidadeak daukazan gehien (92).
Master ofizialei jagokenez (funtsezkoak izango dira datozen urteetan, unibersidadeen arteko lehiaa), EHUk dauka eskaintzarik osotuena (ehun master inguru); Deustun eta Nafarroako Unibersidadean, hogeita hamar inguru daukiez, hogei inguru Nafarroako Unibersidade Publikoan, eta hamar bat Mondragon Unibersidadean.
Ikerketearen datu orokorrak
Lehen ikasturteko matrikulan alde handiak egon daitekez unibersidade batetik bestera. Arkitekturako lehen ikasturtea, berbarako, 776 euro kostatzen da Granadako eta Sevillako unibersidadeetan (60 kreditu hartuta eta bakotxa 30 euro ordainduta); IE Segoviako Unibersidadean, barriz, 18.000 euroraino igoten da matrikulea. Beste ikasketa batzuetan be, nahikoa nabarmenak dira aldeak. Odontologiako karreran, esaterako, 776 eurokoa da matrikulea unibersidaderik merkeenean (Granadako eta Sevillako unibersidadeetan), eta karuenean, barriz, Madrilgo Europar Unibersidadean, 15.600 eurokoa. Hain teknikoak edo esperimentalak ez diran graduetan be alde handiak dagoz. Enpresa Administrazino eta Zuzendaritza gradua 556 euro kostetan da Tenerifeko La Laguna Unibersidadean, eta IE Segoviakoan, ostera, 18.000 euro behar dira ikasketa horreen lehen ikasturtea egiteko.
Ikasketak osotzea
Unibersidade-ikasketak amaitu ondoren, ikasle askok erabagiten dabe horreek beste zeozergaz osotzea. Aukeren artean, 76 unibersidadeek eskaintzen dituen 2.564 master ofizialetako bat hauta leikie; master horreek, batez beste, 1.750 euro balio dabe unibersidade publikoetan. Horreetako batzuk lan mundura bideratuak dagoz, beste batzuk ikerkuntzara (doktoregoagaz amaituko litzatekez), eta badira bi arloak buztartzen dituenak be.
Autonomia erkidegoei banaka begiratu ezkero, Kataluniak, Madrilek eta Andaluziak daukie eskaintzarik ugariena master ofizialetan (hiru erkidego horreek dira populatuenak, eta horreek daukie unibersidade-eskaintzarik handiena). Lehen bietan, 500 titulu baino gehiago dagoz aukeran, eta Andaluziako unibersidadeetan 350. Aldiz, 20 master ofizial be ez ditue eskaintzen Gaztela Mantxan (Gaztela Mantxako Unibersidadean) eta Errioxan (Errioxako Unibersidadean eta Errioxako Nazinoarteko Unibersidadean). Ohikoa izaten da unibersidadeak alkarlanean jardutea eta alkarregaz eskaintzea master ofizialak. Eroski Cosumerrek, dana dala, unibersidade bakotxak bakarka koordinetan dituan masterrak baino ez ditu aintzat hartu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!