Josean Cabarcos: 'Garagarrilaren 4an, Bilbon inoiz egin dan larrain-jantzarik handiena egin gura dogu'

Bizkaie! 2011-06-27 15:02   Barriketan

Gaztedi taldeko jantzaria

Santutxuko Gaztedi Dantzari Taldeak 60 urte beteko ditu urrian, talde beteranoa da Euskal Herrian. Agendea bete-beterik euki dabe urte osoan, eta oraindino hamaikatxu ekitaldi ditue urtea amaitu orduko. Hurrengo hitzordua, garagarrilaren 4an izango da, Bilboko Kalealdian; izan be, Gaztedi arduratuko da jaialdiari hasierea emoteaz ikuskizun barritzaile bategaz. Lanez ganezka egon arren, Gaztedi taldeko Josean Cabarcos jantzariak tartetxu bat eskaini deutso Bizkaie!-ri urteurrenaren nondik norakoak azaltzeko, eta taldea beraren asmoa erakusrteko.


1.- Aurten, Gaztedi Dantzari Taldeak hasiko dau Bilboko Kalealdia Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia. Zelan sortu da ideia?

Gaztedik jantza tradizionala egiten dau, baina beti ahalegintzen gara horri bueltatxu bat emoten. Gure ustez, beharrezkoa da, bai jenteak eskatzen dauelako bai guretzat bere. Noizean behin behar dogu ohituta gagozan gauza horreetaz gan, beste zeozer egitea. Sano inportantea da motibazinoa lantzeko. Kalealdiko ikuskizunaren kasuan, taldean ideia bat otu jakun Bilboko Zazpi Kaleetan egiteko, proposamea egin geuntsen jaialdiko programatzaileei, eta oso ondo hartu eben. Ikuskizun ibiltaria izango da, kaleko antzerkia eta euskal jantzak buztartuko dituana.


2.- Badago zeozer aurreratzerik...

Erribera merkatuaren aurrean hasiko gara, 19:00ak inguru, eta handik Arenaleraino joango gara. Lan barri honen oinarrian Gaztediren jatorria bera dago. Aurten 60 urte bete ditu taldeak; gure asmoa orain 50-60 urte jantzak zelan ikasten ziran erakustea da. Txangoan izena ipini deutsagu lanari, azken batean hori dalako egingo doguna: jantza taldeko kide batzuk osteratxu bat egingo dabe, jantzan eginez, lehen egiten zan eta orain egiten dan moduan. Lehen, jantzariak herri batera joaten ziran emonaldiren bat egitera, eta han dagozala bertakoek zelan egiten eben jantzan ikusten eben. Holan ikusiz eta entzunez musikea eta jantzea ikasten eben. Hori da irudikatu nahi doguna. Txangoanen Euskal Herriko hainbat jantza egingo ditue jantzariek, eta ikusleek biziko dabe zelan erakusten diran jantzak. Ibilbidea Arenalean amaituko da, larrain jantza handi bategaz. Gure asmoa Arenal osoa jantzariz betetea da, ez Gaztedikoak bakarrik, jakina, animetan dan edonori egin gura deutsagu parte hartzeko deialdia. Bilbon inoiz ikusi dan larrain-jantzarik handiena izatea nahi dogu. Garagarrilaren 4an, arratsaldean izango da. Jaieguna da, ia jente asko-asko etorten dan jantzan egitera.


3.- Zenbat jantzarik hartuko dabe parte ikuskizun barrian?

Ba, 180 bat jantzari izango dira, 12 aktore eta 40 musikari. Amaierako larrain-jantzarako Bilboko Adiskideak fanfarrearen laguntzinoa eukiko dogu. Lehengo aldia izango da Bilbon, behin egin zan antzeko zeozer Iruñean... Erronka polita izango da.


4.- Euskal jantza tradizionalak eta kaleko antzerkia; nahaste berezia da, ezta?

Ba, ideia aspaldikoa da. Gu jantzariak gara, baina taldean badagoz jantza tradizionaletik kanpora be dabilen jentea, garaikidean, edo antzerkian, edo beste arlo batzuetan mobidu dana. Batzukaz eta besteekaz berba egin, eta ikuskizun barria sortu zan. Horrezaz gan, gure amateurtasuna agirian itxi nahi dogu; Gaztedi talde amateurra da, horrek ez dau esan gura profesionalak ez garenik kalidadea edo seriotasunari jagokonez. Egiten doguna oso serio hartzen dogu. Jantzatik bizi ez arren, holango ikuskizun handi bat egiteko jente amateurra egon badagoela erakutsi nahi dogu.


5.- Aurton 60 urte egin ditu Gaztedik. Urte hasieratik zabilzie ospakizunakaz, ezta?

Bai, urte osoa daroagu ospatzen, eta oraindino ekitaldi gehiago geratzen jakuz. Gaztedik, zorionez, emonaldi asko izaten ditu urtean, baina aurten, 60. urteurrena dala-eta hainbat preparau doguz, eta ganera urtemugea dala-eta beste hainbat urten jakuz. Zemendira arte topera ibiliko gara. Kalealdian, garagarrilaren 4an, izango da gure hurrengo hitzordua; jarraian, Santutxuko jaiak datoz, Karmenak, aurten, ganera, auzoak jaien pregoilari izateko ohorea emon deusku. Herri bazkari handi bat atondu dogu Santutxun, jai batzordeagaz batera. Jaien ostean, kanpora goaz, Venezia, Budapest, Viena eta Pragara. Urteurrenagaz loturarik izan ez arren, aurten subertau jaku biajea egiteko aukerea. Pragan bertako folklore jaialdi batera konbidau gaitue. Handik bueltan, Bilboko Aste Nagusia hasiko da, eta urtero lez, emonaldia eskainiko dogu. Irailean urteurreneko ospakizunekaz segiduko dogu. Txistulariek kontzertua egingo dabe, Bilboko Udal Txistulari Bandeagaz batera: Gaztediko txistulari izandakoen lan bat atondu dabe bandakoekaz, eta hori aurkeztuko dabe.


6.- Zemendian, Arriagan, ekitaldi handi bat egingo dozue.

Berez, Gaztediren urteurrena urrian da, baina azkenean zemendian egingo dogu ekitaldi handia, hilaren 13an. 50. urtemugan ikuskizuna antolatu genduan, belaunaldi guztietako jantzariekaz. Oso gustura geratu ginan. Oraingoan antzeko zeozer egitea proponidu euskuen, ganera belaunaldi nagusietakoak eskatu eben. Atxaki polita da danak jantzen ipinteko, hartu-emonak indartzeko. Belaunaldiz belaunaldi dauka izena ekitaldiak. Ikus-entzunezkoek presentzia handiagoa eukiko dabe orain hamar urte baino, eszenaratzea modernizau gura dogu.


7.- Urteurrena dala-eta, master class dalakoak, erakusketak... antolatu dozuez. Zelango izan da jentearen harrerea?

Master class bi izan dira, bata jantzearen ganekoa, eta beste musikeari buruzkoa. Irakasle benetan be onak izan doguz: Ibon Koteron, Kepa Junkera, Sabin Bikandi, Natxo Montero, Jon Maya... Erantzuna ikaragarria izan da. Harrera ona izango zala pentsatu genduan, baina oso oso ona izan da. Ahal danik eta kalidaderik onena eskaini gura eban Gaztedik, Bilbon ez dago holango aukera askorik. Eskoletan, batez beste, 70-80 lagun egin ziran, eta batzutan 90 be bai. Jenteak zoriondu egin gaitu, eta esan deusku ez itxaroteko beste 60 urte holangoak antolatzeko. Nork jakin, ikusiko dogu; akaso datorren urtean zeozer egingo dogu.


8.- Santutxuko Karmelo eleizearen inguruan sortu zan Gaztedi orain 60 urte, zelangoa izan zan abiapuntua?

Aita Txanton Goiria izan zan taldearen sortzailea, Karmelo eleizearen babespean. Bere euskalduntasuna eta euskal kultureari eutson maitasuna zabaltzeko ideiegaz sortu eban Gaztedi, eta aldi berean auzoko gazteei beste aukera bat emon gura eutsen. Kontetan dabenez, sasoi haretan ez egoan orain beste jantza talde; horregaitik, maiatzetik urrira astebururo euken emonaldiren bat. Taldearen maileak gora egin eban, eta erreferente bihurtu ziran. Hurreko eta ez hain hurreko jaietan Gaztedi joatea gura eben. Orduko makina bat txapelketa irabazi zituan taldeak, esaterako, Erandioko dan-danak lortu zituan. Horrek guztiorrek taldea indartu egin eban, oinarri sendoa emonez aurrera segiduteko. Frankismo garaia zan; euskal kulturea zabaltzeko aukera gitxi egoan, horretako bat jantzan egitea zan. Taldean egozanentzat, jantzan egitea euren euskalduntasuna garatzeko modu bat zan.


9.- Hainbeste urteren ostean, asko aldatu da Gaztedi?

Nik uste dot ez dala askorik aldatu, oinarrian helburuak antzekoak dirala, euskerea, euskal jantzak, euskal musikea, kulturea... zabaltzea eta gordetea dira gure asmo nagusiak. Horretan gabilz. Taldea beti izan da amateurrea, bertan gagozanok ez dogu bapere ez kobretan, ataraten dogun diru apurra jantziak erosteko edo konpontzeko, edo holango gauzetarako erabilten dogu. Gure jarduna borondatezkoa da. 200 ume daukaguz jantzan ikasten, gure lokaletan ikasten dabe arratsaldero. Argi daukagu gure aurrekoek guri erakutsi euskuen moduan, geuk be hurrengoekaz gauza bera egin behar dogula. Euskal kulturearen hau esparrua zaindu behar dogu, bai Santutxun, bai Bilbon, bai Euskal Herrian be.


10.- Berrehun ume, ez da marka txarra; orduan, taldeak ziurtauta dauka jarraipena?

Baietz esango neuke. Euskal jantzek sasoi hobetxuagoak eta txartxuagoak bizi izan ditue. Gaur egungo ume eta gazteek lehenagokoek baino aukera askozaz gehiago ditue aisialdirako. Dana dala, gu ezin gara kexau, ume asko dago ikasten, eta jentea gogotsu dabil beharrean. Zorionez, urtero daukaguz hainbat ekitaldi berbatuta; horrek aukerea emoten deusku neguan landutakoa udan eta udabarri partean jenteari erakusteko. Eta ekitaldirik ez dagoenean, gu geu hasten gara bila. Kalealdiko Txangoanen moduan, beste ikuskizun batzuk sortu doguz, Gabonetako, Inauterietarako, edo kolaborazinoak abesbatzekaz eta abar. Beti daukagu gauza barriak egiteko gogoa, eta gogo hori bizirik dagoen bitartean taldea bera be bizirik egongo da.


11.- Edozelan be, gaur egun ez da hain erraza izango jentea erakartea, ez?

Gaztedik momentu txarrak bizi izan ditu; 80ko hamarkadan, berbarako, mutil barik geratu ginan. Beti pasau izan da, neskak mutilak baino errazago sartzen dira jantza taldeetan. Gaur egun, Gaztedin, neska gehiago dago, baina ezin gara mutil kopuruaz kexau. Beste talde batzuen egoerea ikusita, pribilegiauak gara. Harro gagoz, urteetan egindako lanaren emoitzea da eta. Orain 30 urte egoera latza izan zan, mutil barik, neskek eutsi eta aurrera egin eben. Behar asko egin eben. Mutilak topau zituen, eta taldea barriro hasi zan martxan.


12.- Zer behar da Gaztediko jantzaria izateko?

Ez da baldintza berezirik behar, gogoa izatea da inportanteena. Nahiz eta fisikoki prestakuntza ikaragarria ez izan, gogotsu etorri ezkero aurrera egiten dabe. Persona batek potenzialidade handia euki arren, entseguetara gogo gitxigaz badator, nekez egingo dau ezer. Entseguak borondatezkoak dira, ezin dogu inor derrigortu. Pozik gagoz, taldean jentea gogotsu dabilelako.


13.- Zenbat jantzari daukaz Gaztedik gau egun?

Nagusien taldean, 18 urtetik 30-35era bitartean, 45 lagun dagoz. Talde askotan berrogeitaka urteko jentea be badabil jantzan, ez dagoalako erreleborik, gure kasuan hori ez da beharrezkoa. Pozteko modukoa da, bai.


14.- Urteurreneko ospakizunak amaitzen dozuezanean, ze asmo dauka Gaztedik?

Hainbat ekitaldi sortu jakuz aurten, eta askori ezetz esan behar izan deutsegu, ez daukagulako astirik. Beraz, lehenego gauzea proposamen horreei erantzutea izango da. Eta betiko martxan jarraitzeko asmoa daukagu, emonaldiak atondu eta eskaini, proiketu barriak sortu...


15.- Eta aste gitxi barru kanpora zoazie, aurrera begira gehiago urteteko amesik daukazue?

Gaztedi ibili da atzerrian, baina ez beste talde batzuek beste, batzuk urtero doaz kanpora. Atzerrira joateko sasoia udea da, oporraldian, eta guk garagarrilean Santutxuko jaiak daukaguz, eta abuztuan, Bilboko Aste Nagusia. Aukera gitxi daukagu. Gatxa izaten da jantzari nahikoa batzea, izan be jenteak oporrak hartu behar ditu, edo opor barik lotu. Aurten hamar eguneko biajea egingo dogu, egun asko dira: egun gitxiagorako joan izan gara, Portugalera, Frantziara eta estaduko hainbat lekutara. Dana dala, gure ustez Gaztediren lana kanpoan egitekoa baino, berton egitekoa da. Kanpora joan beharrean, gurago dogu hilean emonaldi bi izatea. Entsegu asko egin arren, plazan lortzen da esperientzia, eta plazan ezagutzen gaitue.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu