Euskerea ikasteko Udako Barnetegietan izena emoteko deia egin dabe Eusko Jaurlaritzeak, HABEk eta Euskaltegiek
2011-06-24 11:17 Euskerea berbagaiUdako Barnetegiak euskerea praktiketako sortu ziran, ikasturtean zehar euskaltegietan ikasten ibilitakoentzat, eta horixe da helburu nagusia.
Uda Barnetegiak oporretan zabalik lemapean, Udako Barnetegietan izena emoteko matrikulazino kanpainea aurkeztu eta egitasmoaren inguruko informazinoa emon dau Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik Zornotzako Barnetegian egindako prentsaurrekoan. Auzmendigaz batera izan dira HABEko zuzendari Iñaki Uribe eta Zornotzako Barnetegiko zuzendari Maribi Zubiaga be. Euskerea ikasteko Udako Barnetegietan izena emoteko dei egin dabe guztiek. Izan be, barnetegi horreek euskerea praktiketako sortu ziran, ikasturtean zehar euskaltegietan ikasten ibilitakoentzat, eta horixe da helburu nagusia. Euskerea ikasi nahi daben askok, ez daukie euskerea erabili eta praktiketako aukerarik euren hurreko ingurunean. Beraz, Udako Barnetegiek eguneko 24 orduetan euskeraz biziteko aukerea emoten deutsee ikasle horreei.
Euskaltegi ugarik eskaintzen dabe Barnetegian parte hartzeko aukerea: AEK-k, Zornotzako Barnetegiak, Bilbo Zaharrak, Gabriel Arestik, IKAk, Maizpidek eta Ulibarrik. Barnetegietan edozeinek parte hartu leike baina, parte-hartzaile gehienak 31-45 urte artekoak dira. Barnetegiak, barriz, euskerea ohikoa dan ingurune linguistikoetan egoten dira eta aukerak ondokoak izaten dira: Aduna, Lazkao, Oñati, Arantza, Bakaiku, Lesaka, Zugarramurdi, Forua, Muxika eta Zornotza.
Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendiren esanetan, euskeraz biziteko eta euskerea ikasteko aukera zabala eskaintzen dabe Udako Barnetegiek: Ingurune euskaldunean, giro atseginean, bi edo lau astez euskerea praktiketako aukerea emoten dabe. Eta guztietan garrantzitsuena dana, ikasketa hori lagunartean egiten da, giro onean eta ondo pasetako helburuagaz. Sailburuordeak gaineratu dau 1993/1994 ikasturtean sortu ziranetik ibilbide luzea egin dabela Udako Barnetegiek, eta urte horreetan guztietan egin daben lana upealakoa izan dala eta lortutako emoitzak oparoak: Euskal hiztun barriak sortzeko nahiz euskera erabiltzaileen kopurua areagotzeko euskaltegiek nahiz udako barnetegiek egiten daben lana oso garrantzitsua da. Horregaitik aurten aparteko garrantzia emon deutsegu Udako Barnetegiei eta euskerea praktikau, erabili eta hobetu nahi daben persona horreei guztiei bertan parte hartzeko deia egiten deutsegu.
HABEko zuzendari Iñaki Uribek be euskerearen irakaskuntzan nahiz ikaskuntzan Udako Barnetegiek beteten daben funtzinoaren garrantzia azpimarratu dau: Ez dago dudarik euskerea ikasi nahi dauenarentzat euskeraz egitea dala eraginkorrena, baina euskeraz egiteko aukerak izan behar ditu hiztun horrek. Eta zer hoberik aukera hori sortzeko Barnetegiak baino? Haren esanetan, 2010ean 1.652 lagunek hartu eben parte Udako Barnetegietan eta aurten kopuru hori gainditzea espero dau. Estrategikoa da euskaltegien lana, baina estrategikoa da, era berean, Uda Barnetegiek beteten daben funtzinoa be. Beraz, Barnetegi horreek indartzea jagoku danoi. Garaiotan inoiz baino beharrezkoagoa da alkarlana, euskerearen normalizazinorako bidean pausu guztiak garrantzitsuak baitira.
Azkenik, Zornotzako Barnetegiko zuzendari Maribi Zubiagak azaldu dau eskertzekoa dala HPSko sailburuorde Lourdes Auzmendi eta HABEko zuzendari Iñaki Uribek Udako Barnetegien aldeko matrikulazino kanpaina hau abian jartea, eta baita Udako Barnetegiei egindako lanaren errekonozimendua be. Gainera, bere ustez, Barnetegiek beteten daben funtzino estrategikoa ukaezina da, askok euskeraz biziteko daben aukera bakarra diralako, aisialdiaz eta lagunarteaz euskeraz gozetako daben aukera bakarra. Bere esanetan horrek uste baino garrantzi handiagoa dauka, euskereagazko hartu-emonak sendotu eta indartzen ditualako eta ikas-prozesua arintzen dauelako. Baina ezin dogu ahaztu bolada gogorra bizi dogula eta ikasleak ezin doguzala gehiago zamatu. Etorkizunari begira bildur gara prezioak matrikulazinoan izan leiken eraginaz. Horrexegaitik eskatzen deutsagu administrazinoari konpromisoa, nahiz eta berarentzat be bolada gogorra izan, konpromisoa ikasleak etorri barik geldi ez daitezan diruagaitik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!