Jabetza eta Merkataritza Erregistratzaileen Alkargoaren Euskal Herriko Lurralde-Dekanotzak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe

Bizkaie! 2011-06-22 15:04   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiak toponimia arloan egiten aduen lanari begira, oso ona da gaur sinatu dan hitzarmena, lan hori gauzatzeko ezinbestekoa baita Euskal Herriko Jabetza Erregistro desbardinetako edukia, hau da, ondasun higiezin, lur-landa edota etxaguntzari buruzko izenak.

Gaur, bagilak 22, Jabetza eta Merkataritza Erregistratzaileen Alkargoaren Euskal Herriko Lurralde-Dekanotzak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe Euskaltzaindiaren egoitzan. Erregistratzaileen izenean, German Barbier dekanoak sinatu dau eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak. Sinatze ekitaldian honako honeek izan ditue ondoan: Luis Cordero Alkargoaren legelaria, Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria eta Mikel Gorrotxategi Onomastika batzordeko idazkaria.

Hitzarmen horren arabera, bi erakundeek alkarregaz lan egingo dabe, helburu zehatz bategaz: Euskaltzaindiaren baimena daben ikertzaileei Euskal Herriko Jabetza eta Merkataritza Erregistroetako erregistro-dokumentazinorako sarbidea erraztea, ikertzaileek egin deiezan beharrezkoak dituen hainbat kontsulta euren ikerketa akademikoen proiektuak garatzeko. Euskaltzaindiak toponimia arloan egiten aduen lanari begira, oso ona da gaur sinatu dan hitzarmena, lan hori gauzatzeko ezinbestekoa baita Euskal Herriko Jabetza Erregistro desbardinetako edukia, hau da, ondasun higiezin, lur-landa edota etxaguntzari buruzko izenak.

Kontuak kontu, bai German Barbier baita Andres Urrutia be pozik agertu dira gaurko sinatze ekitaldian. Barbierek, bi erakundeon arteko alkarrizketarako bide iraunkor bat zabaltzea oso positibotzat jo dau, eta alkarlanaren helburu nagusia azpimarratu dau, hau da, zerbitzu hobea emotea kontsumitzaileen mesedetan, eta oro har, euskal gizartearen interes orokorren mesedetan, batez be ikerketa arloan, eta normatibizazino bidean.

Normatibizazinoaz ez eze, normalizazinoaz be egin dau berba Andres Urrutiak. Bere esanetan, hitzarmena egundoko urratsa da euskerearen normatibizazinorako, Euskal Herriko ondare guztia, jabetza eta merkataritza erregistroetako lur eta hiri-landa zein merkataritza eta denda izen guztiak Euskaltzaindiaren esku jarten baitira, honek azter daizan eta berari jagokon arloan, euskal toponimia eta onomastikea arautu daizan.

Bestalde, bi alderdiek alkarregaz lan egingo dabe, hainbat biltzar, ikastaro, mintegi, alkarrizketa eta batzar garatzeko, nahiz alkarregaz lan egin, nahiz bakarka beste alderdiaren laguntza eta atxikimenduagaz, betibe ondasun higiezinen trafiko juridikoaren segurtasunari, eta Euskal Herriko Jabetza eta Merkataritza Erregistroetan euskeraz erabilten diran termino juridikoei lotutako gaietan.

Era berean, gaur sinatutakoaren arabera, bi alderdiek euren gan konpromisoa hartzen dabe baterako lana egiteko, besteak beste, ikasketak, argitalpenak, dibulgazino- eta informazino-materialak, euskeraz nahiz gaztelaniaz gauzatzeko, baita alderdietako batek, bakarka, egindakoa be zabaltzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu