Txaber Altube: 'Txikitatik euki dot bertsotarako zaletasuna'
2011-06-21 10:25 BarriketanBizkaiko eta Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketetan txapeldun
Goizean goizetik eta momorrotuta altzau bazarie be, protagonista itzela ekarri deutsuet, begiak zabal-zabalik euki dagizuezan. Honezkero jakingo dozuen legez, Txaber Altube abadiñarra izan da -14 urtera artekoetan- aurtengo Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako txapelduna. Udea datorrenean janzten ditu honek txapelak: lehenengo, Bizkaikoa Bilbon eta segiduan, Euskal Herrikoa Agurainen.
Aurreko artikuluan esan neutsuen gazte bizkaitarrek polito kantauko ebela zapatuko Aguraingo finalean. Izan be, Txaber Altuberen beraren eta hainbat bertsolariren bertsokerea daukat akorduan Bizkaiko Eskolartekotik. Txapela atxakia moduan hartuta, domekan handik-hortik-hemetik Txaberren telefonoa eta e-maila topau nituan. Euskal Herriko finalean kantau barri, Bizkaie!-rako galdera batzuk erantzun deuskuz:
1- Nondik jatortzu bertso-zaletasuna? Noiz hasi zinan?
Egia esan, txikitatik euki dot bertsotarako zaletasuna, baina bertsolaritza-klaseak jasoten laugarren mailan hasi nintzan.
2- Ze bertso-eskolatan zabilz? Nortzuk zagozie bertan?
Abadiñoko Gogaikarri bertso-eskolan nabil eta bertan lau persona (Aitor Bizkarra, Ainhoa Urien, Igor Uruburu eta neu) gabilz; maisu moduan, Eñaut Uruburu eta Garikoitz Sarriugartegaz.
3- Zelan ibili zara Bizkaiko eta Euskal Herriko Eskolarteko finaletan?
Bizkaikoan urduri samar egon nintzan, baina Euskal Herrikoan nahiko lasai egon nintzan, lehengusua be, Peru Abarrategi, alboan neukalako.
4- Entrenamentu berezirik egin dozue Txapelketarako?
Ez, ez dogu aparteko entrenamenturik egin. Normalean moduan, barikuetan batu gara bertsotan egiteko.
5- Eibar futbol-taldearen kamiseteagaz ibilten zara saiorik saio...
Bai, Txiki Lombrañak oparitu eustan bat orain dala hiru bat urte eta hori janzten neban, baina aurten txiki geratu jat eta beste bat oparitu eustan urte-egunerako. Horregaz joan naz aurtengo Txapelketetara.
6- Zelan konpondu zara beste herrialdeetako bertsolariakaz?
Oso ondo pasau dot eurakaz egon nazen denbora apurra eta lagun barri asko egin dodaz.
7- Bertso-udalekuetan ibilita zagoz, ezta? Aurtengorako be prest?
Bai, 2008-an Zuhatzan egon nintzan eta igaz Mendatako barnetegian. Aurten igazkoa errepetiduteko asmoagaz nabil.
- Jateko bat: Pizza.
- Oporretarako plana: Lagunakaz hondartzara joan.
- Irakasgai bat: Plastika.
- Musika-talde bat: Des-kontrol.
- Bertsolari bat: Unai Iturriaga.
- Bertso-lagun bat: Peru Abarrategi (lehengusua).
Badaezpada, ez badakizue, www.bertsoa.com guneak zuzenenan emon eban Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala. Horregaitik, gesu baten Aguraingo bertsook be ikusgai izango dozuez bertan. Zelan makinatxu bat herri hizkera entzungo dozuezan, propaganda apur bat egin gura neuskizue. Euskaltzaindiak Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren hirugarren liburukia atara barri dau. Entretenimentu txikerra ez dozue izango bertako mapa eta jasotako informazinoagaz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!