Bilbo eta Bizkaiko gizartearen kultur aniztasuna erakutsiko dau Munduko Jendeen V. Jaialdiak
2011-06-20 15:08Bagilaren 20tik 26ra, berbaldi, tailer eta erakustaldi ugari antolatu ditue Bilbon, mundu zabaleko bizimoduak eta ohiturak ardatz dirala, eta pertsonen eta kulturen arteko alkarrezagutzea helburu. Aurten, emakume etorkinen garrantzia aztertuko dabe beren-beregi, Munduko Jendeen V. Jaialdian.
Bagilaren 20tik 26ra, berbaldi, tailer eta erakustaldi ugari antolatu ditue Bilbon, mundu zabaleko bizimoduak eta ohiturak ardatz dirala, eta pertsonen eta kulturen arteko alkarrezagutzea helburu. Nekane Alonso Bilboko Udaleko zinegotziak azaldu dauenez, geure inguruan bizi diran kulturakaz bizikidetzea bultzatu nahi dogu eta estereotipoak ezabatzen lagundu. Aurten, emakume etorkinen garrantzia aztertuko dabe beren-beregi, Munduko Jendeen V. Jaialdian.
Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzeak babesa emon deutsie ekimenari, baina antolakuntza lanetan Bizkaiko 50 alkarte baino gehiago dabilz. Etorkinen taldeak dira, hain zuzen be, proiektuaren arimea. Alkarte guztien koordinatzailea Paciencia Ocon da, eta aurkezpenean nabarmendu dauenez, ekintza parte-hartzaileak eratu nahi izan doguz, jente guztiari parte hartu dagian eskatzen deutsagu, alkar hobeto ezagutzeko. Nekane Alonsoren esanetan, sarri, geure inguruan daukaguzan beste errealidadeak, beste kultura eta bizimoduak, ez doguz ezagutzen eta hori konpontzera dator jaialdia.
Izan be, gaur egun, 71.000 atzerritar bizi dira Bizkaian, % 40 inguru Bilbon. Horrek esan nahi dau, uriburuko herritarren % 8,45 beste herri batetik datorrela. Aurreritxi askok kontrakoa dinoen arren, etorkinak gizartea eraikitzen datoz bertora, eurak be Bilboko eta Bizkaiko parte dira, azpimarratu dau Miguel Gonzalez Eusko Jaurlaritzako immigrazino arduradunak.
Munduko Jendeen V. Jaialdia bagilaren 20tik 26ra egingo da eta egunik esanguratsuenak zapatua eta domekea izango dira, Bilboko Arenalean alkarteek danetariko jarduerak eskainiko ditue eta. Dana dala, astelehen eta martitzenean, Euskal Herriko Unibersidadearen Esperientzia Geletan berbaldiak egongo dira, eta eguaztenean, Bidebarrietako liburutegian, inaugurazino ekitaldia egingo dabe, besteak beste. Ekitaldi horretan, emakumezkoak izango dira hizlari gehienak, aurten eurak izango diralako protagonista, emakume etorkinak gizartean daukan lekua erakutsi nahi dogu, zehaztu dau Oconek.
Eguenean, beste ekitaldi batzuen artean, Ignacio Ellakuria Fundazinoak gidatuta, mahai-ingurua egongo da Hika Ateneoan eta Munduko Jendeen Jaialdiaren aurtengo manifestua irakurriko dabe. Barikuan, kaleaz gozetako gonbita zabaldu dabe, izan be arratsaldean Zazpi Kaleetan kalejirea antolatu dabe, trikitixa eta Ginea Bissauko doinuek bat eginda. Espazio publikoan egon behar dogu, kalea danon lekua dala erakutsi, argitu dau Oconek, eta herritar guztiei parte hartzeko deia egin deutse.
Zapatuan eta domekan, egitarau zabal-zabala topauko dau, goiz eta arratsalde, Bilboko Arenalera hurreratzen danak. Atzerritarren alkarteek nork bere kulturearen ganeko berbaldi, tailer, gastronomia-saio eta antzekoak atondu ditue astebururako. Ikuskizunak be egongo dira, mundu zabaleko jantzak, kantak, antzerkia eta abar. Zazpi Kaleetan eta metroko geltoki batzuetan be animazinoa egongo da. Parte-hartzea, alkar ezagutzea eta ondo pasetea buztartu gura doguz, azaldu dabe antolatzaileek.
Parte-hartzea eta alkarri lagundutea jaialdiaren balore nagusiak dira, alkarte sozialetatik jaiotako ekimena dalako, azpimarratu dau Jaurlaritzako Miguel Gonzalezek. Holan ba, jaialdi arrakastatsua izango dalakoan gagoz, bost urteren ostean finkatutako hitzordua da, aitatu dau Nekane Alonsok. Domekara bitartean, beraz, kultur aniztasuna protagonista izango da Bilboko kaleetan eta kanpoko zein bertokoei ondo etorri beroa egingo deutsie ekitaldi guztietan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!