Euskerea, galegoa, katalana eta balearrerea IATE datu-base europarrean sartzea eskatu dabe

Bizkaie! 2011-06-20 13:56   Euskerea berbagai

Datu-base europarrak balioztaturiko zortzi miloe berba batzen ditu, eta bertan sartzea aurrerapausua izango litzateke euskerearen, galegoaren, katalanaren eta balearrerearen nazinoarteko autorpenean.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE), Galiziako, Kataluniako eta Balear Ugarteetako hizkuntza-politikako arduradunek euskerea, galegoa, katalana eta balearrerea IATE (InterActive Terminology for Europe) legez ezagutzen dan datu-base terminologikoan sartzeko eskatuko deutsie Europako Batzordeari. Holan azaldu dabe oraintsu Santiagon (Galizia) Lurdes Auzmendi, Anxo Lorenzo, Yvonne Griley eta Margalida Tous-ek, EAE, Galizia, Katalunia eta Balearretako hizkuntza-politikako arduradunek, hurranez hurran, arlo honetan lau eskualdeek eusten deutsien lankidetza-protokoloaren jarraipena egiteko bilerearen ondoren. Bileran hartu dituen akordioen artean dago bakotxaren hizkuntzea IATE datu-basean sartzeko eskaerea. Datu-base europarrak balioztaturiko zortzi miloe berba batzen ditu, eta bertan sartzea aurrerapausua izango litzateke euskerearen, galegoaren, katalanaren eta balearrerearen nazinoarteko autorpenean.

Era berean, Kataluniako, Galiziako eta EAEko gobernuek itzultzaile eta interpreteentzako gaikuntza profesionalen alkarren arteko onarpenerako sistema bat ezartzea adostu dabe, bai eta Espainiako Atzerriko Gaietarako Ministerioak egiten dituan gaikuntza profesional eta titulazinoetatik abiatuta alkarren segidako gaikuntzarako be.

Gainera, Estaduko Errealidade Eleanitzaren Sustapenaren Saria sortzea be erabagi dabe, Espainiako aniztasun linguistikoaren sustapena laguntzen daben personen, erakundeen edo enpresen lana aintzatesteko.

Azkenik, Eskualdeko eta Gitxiengoan dagozan Hizkuntzen Europako Gutuna beteteari buruz Adituen Batzordeak eginiko txostena aztertu dabe bileran, garagarrileko lehenengo astean batuko baita batzordea gobernu autonomikoakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu