'Perpetua Saragueta: eskuidatziak eta hiztegia' lana kaleratu dau Euskaltzaindiak
2011-06-17 15:52 Euskerea berbagaiPerpetua Saragueta: eskuidatziak eta hiztegia liburua aurkeztu dau Euskaltzaindiak Iruñeako Euskarabidearen egoitzan. Liburua Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak atondu dau, eta Akademia eta Nafarroako Gobernuaren artean sustatutako Mendaur bildumaren 9. zenbakia da.
Perpetua Saragueta: eskuidatziak eta hiztegia liburua aurkeztu dau Euskaltzaindiak Iruñeako Euskarabidearen egoitzan. Liburua Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak atondu dau, eta Akademia eta Nafarroako Gobernuaren artean sustatutako Mendaur bildumaren 9. zenbakia da.
Edizio honen helburua Saraguetaren ondarea bere osotasunean plazaratzea da. Kapitulu bitan antolatu da liburua. Lehenengoan ondare hori hiru ataletan sailkatua: idazleak oroimenak izendatzen dituan idatziak; hurretik ezagutu zituan bere garaiko emakume batzuei buruzko aitamen eta balorazinoak, Perpetuarentzat merezimendu handikoak izan ziranak; eta, idatzirik itxi zituan bertso batzuk.
Bigarren kapituluan Perpetua Saraguetaren eskuidatzietan agiri dan hiztegi hautatua eskaintzen da, Erroibarko hiztegia osatzeko eta euskal hiztegiaren corpusa aberasteko lekukotza interesgarria izanho dalakoan, eta onomastika corpusa bere bai, aitatzen dituan hainbat leku- eta etxe-izenengaitik.
Liburuaren amaieran, eranskin bi gehitu deutsiez: bata, gerra aurreko garaian Baionako Eskualduna eta Donostiako Argia aldizkarietara bialdutako Mezkirizko eta Arizkungo kronikak; eta, bestea, MP3 audio CDa, Jose Mari Satrustegik Perpetua Saraguetari 1977 eta 1979 urteetan egindako hiru grabazino luzeak.
Perpetua Saragueta Saragueta Erroibarko Mezkiritz herrian jaio zan 1905ean, eta Iruñean hil, 1986an. Urte gitxi egin zituan eskolan, baina irakurteko eta idazteko zaletasun handia sortu jakon. Zaletasun horrek eta euskereagaitik sentiduten eban maitasunak bultzatu eban euskeraz idaztera. Sasoi hareetan Nafarroan euskeraz idaztera ausartu zan emakume bakarretakoa izan zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!