Guggenheim Bilbao Museoak aldi baterako 6 erakusketa eta Bilduma Iraunkorraren aurkezpen bat eskainiko ditu 2012an
2011-06-17 12:12 KultureaAnish Kapoor-en Zuhaitz garaia eta begia (Tall Tree & The Eye, 2009) eskulturea erostea erabagi da. Zuhaitz garaia eta begia Museoko urmael batean instalau zan 2010ean, artista horri eskainitako atzera begirakoa zala eta.
Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazinoko Patronatua batu da bart, lehenengoz 2011n. Bertan izan dira Patronatuko presidente Patxi López lehendakaria, Bizkaiko kultura diputadu Josune Ariztondo, kultura sailburu Blanca Urgell, Bilboko alkate Iñaki Azkuna, New Yorkeko Guggenheim Museoko zuzendari Richard Armstrong, Bilboko Guggenheim Museoko zuzendari Juan Ignacio Vidarte eta Fundazinoko gobernu-organo gorenaren kide diran enpresen eta erakundeen ordezkariak.
Batzarrean 2010eko jarduneko kontuak onartu dira, eta 2012ko behin-behineko arte-programazinoa aztertu dabe. Aldi baterako 6 erakusketa eta Bilduma Iraunkorraren aurkezpen bat izango dira 2012an.
Urte hasieran La Caixa eta MACBA erakundeen bildumen lan esanguratsuenak ikusgai jarriko dira. 2010ean batu ziran bilduma bi horreek, eta danetara arte garaikideko 4.450 lanek osotzen dabe. Erakusketan beraz, bi erakundeon bereizgarri diran lan-motak buztartuko dira: La Caixa-ren 1980ko hamarkadako nazinoarteko lanak, bereziki, AEBkoak eta Alemaniakoak eta MACBAren Bildumearen funtsa osotzen daben ikus-entzunezkoak, oinarrian irudiz, soinuz eta argiz egindako lanak.
Udabarrian, David Hockney: ikuspegi zabalago bat erakusketea izango da, eta bertan erakutsiko dira artista britainiar horren azken sei urteetako 150 bat lan. Gehienak neurri handikoak dira eta Yorkshire inguruko paisajea dabe iturri. Horreekaz batera ikusgai jarriko da 1956 eta 2000 artean egindako lanen aukeraketa bat, agirian jartzeko artistak paisajea etenbarik ikertu dauela.
Urtaro berean zabalduko da Pierre Bonnard erakusketea. 60 bat lanek Europako artearen irudi gailen Bonnard-en mundua hurreratuko deutsee ikusleei. Lanok nazinoarteko zenbait museok eta bildumak mailegatuko ditue, eta agirian jarriko dabe artistearen ibilbidearen nondik norakoak: hasierako lanak, XIX. mende amaierakoak, Sinbolismoaren eta Inpresionismoaren eraginpean egindakoak eta 1940ko hamarkadako azken lanak izango dira ikusgai.
Udan, Zeru eta lur artean, Cristina García Roderoren heldutasuneko lanei eskainitako erakusketea izango da. Ehun bat argazkik jasoko dabe artistearen bilakaerea; argazkiok azken 20 urteetan egin dituanen artean esanguratsuenak dira, eta, beraz, argi itxiko dabe zerlako estetika, gaiak eta ardura existentzialak jorratu dituan García Roderok.
Udagoienean, aldi baterako bi erakusketa gehiago izango dira: Bauhaus: bizitza da artea erakusketeak aditzera emongo dau diziplina askoko eskola horrek artearen historiaren bidea, baita modernotasunarena be, aldatu ebala eta ideien laborategi bat izan zala; Claes Oldenburg erakustaldia, barriz, antologia bat izango da, eta aztergai izango ditu egungo artearen bilakaeran eragin handia izan dauen artista horren 1960ko eta 1970eko hamarkadetako lanak.
Bilduma Iraunkorreko aurkezpenei jagokenez, bat izango da irailean: Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak III. 2009 eta 2012 artean garatu beharrezko erakusketa-zikloaren hirugarrena izango da. 1980ko eta 1990eko hamarkadetako artean sakonduko dau; garai horretan, AEBko eta Europako artistek, 1960ko hamarkadan jardunean hasitakoek, arte-eztabaida ugari izan zituen.
Zuhaitz garaia eta begia
Patronatuaren bilerea baino lehen, Bilboko Arte Moderno eta Garaikidearen Museoko Tenedora batzartu da. Horretan onartu egin da Anish Kapoor-en Zuhaitz garaia eta begia (Tall Tree & The Eye, 2009) eskulturea erostea. Zuhaitz garaia eta begia Museoko urmael batean instalau zan 2010ean, artista horri eskainitako atzera begirakoa zala eta. Altzairu herdoilgatxezko 80 esferek osotzen dabe; islatzaileak dira esferak, eta ausaz kokatu dirala emoten dau. Edozelan be, ez da holan, eta oreka harrigarria gordeten dabe; hiru ardatzen inguruan kokatu zituan artisteak, azalera islatzaileak argi-ilun eta bolumen-espazio jokoak sortzeko. Joko horreen bidez aditzera emon nahi dau ikusizko mundua ezegonkorra dala, eta denporea eta espazioa geldi eta alda daitekezala. Era berean, Museoa (eraikina) eta ondotik igarotzen diran personak artelanean islatzen dira, eta, ondorioz, leundutako forma biribiletatik mobiduten diran irudiak sortzen ditue; gauzak eta euren itxurea aldakorrak dirala adierazo eban modu horretan artistea. Artelan handia da, konplexua —holako egitura bat sortzeko kalkulu matematikoak korapilatsuak dira—, baita astuna be; alabaina, arina emoten dau.
Altzairu herdoilgatxezko lan hau 3.500.000 euroan erosi da. Urmaelean betiko instalauko da lana, baina horretarako Museoak eskultura urmaeletik kenduko dau hurrengo hileotan, hari eusten deutson oinarria sendotzeko. Era berean, lanak eguratsaren baldintzak behar bezela jasango dituala ziurtatzeko, artisteak tratamendu bat emongo deutso.
Anish Kapoor
Anish Kapoor (Bombay, 1954) Londresen bizi da eta bertan lan egiten dau. 1980ko hamarkadearen bueltan egin zan ezagun, Ingalaterrako eskultura garaikidea barritzen ebilzan artistatalde baten kide zala. 1990ean, Erresuma Batuaren ordezkari izan zan Veneziako Bienalean, eta Duemila saria jaso eban (artista gazte onena). Hurrengo urtean izen handiko Turner saria emon eutsien.
Bere belaunaldiko artista gailenetako bat bihurtu da Anish Kapoor azken 30 urteetan. Materiaren, formearen eta abstrakzinoaren inguruko azterketak eta barritasunak buztartzen ditu bere artelanetan, eta formearen, espazioaren, koloreen eta materialen etenbako ikerketa horreek egungo eskulturearen mugak zabaldu ditue. Masaren eta hutsaren, sormenaren eta suntsipenaren, mobimentuaren eta ez-egotearen arteko aldeak agirian jarten ditue Kapoor-en eskulturek, instalazinoek eta gune publikoetarako proiektuek, eta holan bihurtzen dira topagune eta ikusizko munduaren ezegonkortasunaren adierazle.
Askotariko materialak lantzen hasi zan Kapoor 1970eko hamarkadan: testura askoko materialak, material islatzaileak, pigmentu hutsa, argizari gorria, beira-zuntza eta, oraintsu, zementua. Gune publikoetan artelanak egitea haren jardunaren alderdi garrantzitsua da; izan be, publikoak gehien txalotu dituan artelanak dira horreek. Horren adibide dira Chicago-ko Millennium Park-en dagoan Hodeietarako atea (Cloud Gate), New Yorkeko Rockefeller Center-en 2007an ipini eban Zeruaren ispilua (Sky Mirror) eta Zuhaitz garaia eta begia; horreetan uriko eskultura erraldoiak sortzeko dauen interesa nabari da. Oraindik orain, Londresko 2012ko Olinpiar Jokoetarako eskultura monumental bat egiteko hautatu dabe Kapoor.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!