Bagilaren 20tik 26ra izango da Getxo Sea Week

Bizkaie! 2011-06-15 18:19

Getxoko Itsasoaren Asteak 50etik gora jarduera eskainiko ditu, turismo, kultura, erakusketa eta kirolaren ingurukoak. Ekitaldi ia guztiak kanpoan, haize zabalean egingo dira, publiko guztiarentzat eta doban.

Getxoko Itsasoaren Asteak 50etik gora jarduera eskainiko ditu, turismo, kultura, erakusketa eta kirolaren ingurukoak. Ekitaldi ia guztiak kanpoan, haize zabalean egingo dira, publiko guztiarentzat eta doban. Getxo Sea Week Getxoko Udalak antolatu dau eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa eta hainbat alkarte, erakunde publiko eta bertako enpresen laguntzinoa dauka.

Getxoko alkate Imanol Landak adierazo dauenez, Getxo Sea Week-egaz gure proposamen kulturala eta gure aisialdirako eskaintza aberasteaz gan, bisitariak be erakarten doguz -joan dan urtean 40.000- gure udalerrian, gure dendetan, gure ostalaritzan... gure sektore turistikoan dirua ixten dabenak, eta hori oso garrantzitsua da krisi sasoi honetan. Imanol Landak aurreratu dauenez, Txurrukako Moila, Kirol Portua eta Portu Zaharra dira jarduerak egiteko aukeratu diran herriko hiru leku esanguratsuak. Leku horreetako bakotxak girotze berezia izango dau, Getxora hurreratzen diranek horreetako bakotxaren esentzia biziteko aukerea izan deien.

Txurruka Moilan XX. mendeko urte alaien giroa ekarriko da gogora. Ekitaldiei jagokenez, besteak beste, Joko Klasikoaren Jaialdia izango da, belozipedoen erakusketea eta A-teatral taldearen Los 20 de los XX antzezlanaren estreinaldia.

Kirol Portua gehienbat kirolari zuzendutako tokia izango da. Aurten Sea Week-en ardatz nagusia Surfa izango danez, urpekaritza edo bela lako beste kirol modalidadeez gan, 4x3 metroko pantaila erraldoian emonaldiak eta berbaldiak izango dira (Axis Muniain eta Kepa Acero surflariakaz), Smile taldearen kontzertua, Itsaspeko Astea eta Getxo Aquariumean ateak zabalik jardunaldia (bagilaren 24an).

Portu Zaharrean jolas eta jai ekitaldiak izango dira, gure tradizinoetan eta marinel giroan sustraituak: masta-muturreko munduko txapelketea, Los Guaitos-i eskainitako omenaldi-kontzertua eta, hilaren 26an, Gorpuzti-eguneko giro berezia, abesbatzen kontzertuagaz, sardina janagaz...

Horrezaz gan, txalupa zerbitzua eta metrotik Sea Week-eko agertokietara dobako autobus zerbitzua eskainiko dira.

Kontuak kontu, surf eta skate dobako ikastaroetan, bisita gidatu eta antzeztuetan, belaontzi urteeretan zein bestelako ekitaldietan parte hartzeko izena emoteko epea zabalik dago.

Igaz 40.000 lagunek bisitau eben udalerria Getxo Sea Week-en lehenengo ekitaldian, eta aurten bisitari kopuru hori gainditzea espero da. Getxora etor daitezela, eta bertoko paisajeaz, bertoko gastronomiaz, bertoko merkataritzaz, bertoko kirolaz eta bertoko bizilagunez gozau deiela, esan dau Imanol Landak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu