ABAO-OLBE alkarteak 'Una lama de Bilbao' liburua kaleratu dau, Verdiren omenez

Nagore Ferreira Zamalloa 2011-06-14 15:52

ABAO-OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak Una lama de Bilbao liburua aurkeztu dau, Giuseppe Verdi konpositore ezagunaren Falstaff operearen sormenezko ekarpena jaso nahian. Liburua Bilboko Udalaren eta Madrileko Italiako Kulturaren Institutuaren laguntzinoari esker argitaratu da.

ABAO-OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak Una lama de Bilbao liburua aurkeztu dau, Giuseppe Verdi konpositore ezagunaren Falstaff operearen sormenezko ekarpena jaso nahian. Liburua Bilboko Udalaren eta Madrileko Italiako Kulturaren Institutuaren laguntzinoari esker argitaratu da.

Una lama de Bilbao lanaren helburu nagusia Verdi hobeto ezagutzea da, haren azkenengo lana izan zan Falstaff operearen konposizinoan izandako sormena berreskuratzea. ABAO-OLBEko presidente Juan Carlos Matellanesek lanaren berezitasunak azaldu ditu: 'Una lama de Bilbao' 'Falstaff' operako hitzez hitzezko aipua da. Bilbo beren-beregi aitatzen dauen aldi bakarra da, ganera.

Falstaff opereak Shakespereren The Merry Wives of Windsor dau oinarri. Sasoi hareetan Bilboko lamak, ezpatak, sano ezagunak ziran, Toledon egiten ziranak beste, argitu dau Matellanesek.

Kolaboratzaile ezagun-ezagunak izan ditu lan barriak, besteak beste Mario Vargas Llosa eta Mario Wiesenthal idazleak, Manuel Montero kartedraduna, Jose Lus Tellez musikologoa eta Ferrán Adriá kozinerua. Vargas Llosa Tutto Verdiko ohorezko batzordeko kidea da eta Falstaff operearen ganeko sarrerea idatzi dau. Monterok testuinguru historikoa osotu dau, sasoi hareetako oletako beharra eta industria aztertuz. Mikel Alonso argazkilariak hainbat irudi sartu ditu liburuan, Bilboko errekakoak eta Londresekoak.

Eta Adriák menu berezi-berezia diseinau dau, Verdiren garaian Bilbon jaten zana oinarrio hartu dau eta. Hogei bat plater sortu ditu Adriák -adierazo dau Tutto Verdiko zuzendari kultural José Antonio Camposek- eta horretarako XIX. mendean Bilbon zer jaten genduan ikertu dau, zer jaten zan ospakizunetan, ze produktu erabilten ziran eta abar. Istorioko protagonista Sir John Falstaff jatuna da, asko gustetan jako jatea. Personaiaren izaerea kontutan hartuta otu jakun Adriári enkargua egitea.

Bilbo oso verdizalea dala esan dau Iñaki Azkuna alkateak, berau da Bilbon gehien eszenaratu dan egilea, alde handiagaz ganera. Bilboko alkatearen ustez, Falstaff ez da Verdi klasikoa. Ordura arte Verdik ez eukan lan komikorik, nahiz eta komikoa izateaz gan, tragikoa be bada istorioa, ganeratu dau.

Verdik sortutako azkenengo operea izan zan Falstaff. 1893an estreinau eban, Milaneko Scalan, arrakasta handiz, ganera. 1901an hil zan, 88 urte zituala.

ABAO-OLBEk 2009an argitaratutako Stride la Vampa lanaren jarraipena da Una lama de Bilbao, eta bien abiapuntua Verdiren operan agertzen diran Bilbo eta Bizkaiari buruzko aitamenak dira.

Una lama de Bilbao liburua Tutto Verdi egitasmoaren barruan kaleratutako bosgarren lana da, honen aurretik argitaratu dira Tutto Verdi, Por amor a Verdi, Stride la Vampa eta Arte Eder Museoan egindako erakusketearen ganeko ¡Salid! ¡Sombras serenas! El Aspecto visual del espectáculo verdiano. Lehenago, Vive Verdi CDa plazaratu zan eta konpositoreari buruzko hainbat berbaldi antolatu dira Deustuko Unibersidadean. ABAO-OLBEk orain bost urte abiatu eban Tutto Verdi ekimena.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu