Eusko Jaurlaritzeak eta Microsoftek euskerazko IKTak sustatzeko hainbat tresna aurkeztu ditue

Bizkaie! 2011-06-14 12:47

Eusko Jaurlaritzeak eta Microsoft konpainiak Berrikuntza euskaraz egitasmoa aurkeztu dabe Donostian, Informazino eta Komunikazioen Teknologietako (IKT) tresna barritzaileenak euskeraz eskaintzeko proiektua, hain zuzen be. Ekimenaren helburu nagusia puntako teknologia euskeraz zabaltzea eta erabiltea da.

Eusko Jaurlaritzeak eta Microsoft konpainiak Berrikuntza euskaraz egitasmoa aurkeztu dabe Donostian, Informazino eta Komunikazinoen Teknologietako (IKT) tresna barritzaileenak euskeraz eskaintzeko proiektua, hain zuzen be. Ekimenaren helburu nagusia puntako teknologia euskeraz zabaltzea eta erabiltea da.

Berrikuntza euskaraz ekimenari esker, daborduko Microsoft Office 2010, Microsoft SharePoint 2010, Microsoft Dynamics CRM 2011 eta CRM Online produktuak euskeraz eskuratzeko aukerea daukagu. Programok doban deskargau daitekez, ondoko guneetan: www.microsoft.es/eus edo www.euskara.euskadi.net/euskara_soft.

Enpresen lehiakortasuna, eraginkortasuna eta kudeaketea hobetzeko tresnak dira Office 2010, SharePoint 2010 eta Dynamics CRM. SharePoint 2010 interfaze familiarra da eta hainbat baliabide eskaintzen ditu, enpresearen errentagarritasuna hobetzeko. Eta, Microsoft Dynamics CRM 2011 eta Microsoft Dynamics CRM Onlinen helburua enpresen teknologia kudeaketea hobetzea da.

Montserrat Pardo Microsoft Ibericako ordezkariak, aurkezpenean adierazo ebanez, ezinbestekoa da konpainiako puntako softwareak euskeraz izatea. Microsoft Office 2010, Microsoft SharePoint 2010, Microsoft Dynamics CRM 2011 eta CRM Online, produkzinorako erabilten diran puntako erremintak dira. Tresnok enpresei eta langileei teknologia modu eraginkorrean erabilten lagunduko deutse, azaldu eban.

Microsoftek inbersino handia egin dau Eusko Jaularitzearen babes osoagaz, bere azken softwareak euskeraz emoteko. Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak garrantzizkotzat jo eban Microsoften lana. Sailaren hurrengo proiektuak azaldu zituan Auzmendik; Wikipedia entziklopedia digitalerako 10.000 eduki sortuko dira euskeraz, itzulpen automatikoa martxan ipiniko da eta Itzulpen Memoriaren Banku Publikoa sortu da.

Eduardo Zubiaurre Adegiko presidentea be ekitaldian izan zan. Haren esanetan, enpresetako normalizazino linguistikoan lan egin behar da egunero, zailtasunak ostondu barik. Tresna honeek gauzak errazten ditue, enpresak edota langileak berak, aukeratu daian zein hizkuntzatan behar egin nahi dauen.

Microsoftek 1996an Windows 95aren euskerazko bersinoa egin eban, eta ordutik konpainiak produktu erabilienen euskerazko bersinoak egin ditu, besteak beste, Word 6, Windows 98, Office 2000, Windows XP, Office 2003, Windows Vista, Office 2007, Windows 7 edo Cloud Computing Windows Live. Eusko Jaurlaritzeak eta Microsoftek orain dala hamar urte hasi eben euren arteko lankidetzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu