Euskereak azken 12 urteetan izan dauen bilakaerearen gaineko ebaluazinoa egin dau Kultura Sailak
2011-06-14 11:58 Euskerea berbagaiTxosten horrek euskerearen egoerea eta azken urteotako eboluzinoa hurretik ezagutu eta jarraitzeko aukerea eskaintzen dau. Kultura sailburuak azaldu dauenez, txostenaren garrantzia erabilgarritasunean dago, berari esker edonoren eskura jarri baitira erabilerearen inguruko hainbat adierazle.
Eusko Legebiltzarraren aurrean aurkeztu eben bart Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgellek eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik Euskararen egoerari eta bilakaereari buruzko adierazleak lana, euskerearen egoereari eta bilakaereari buruzko txostena. Euskara Bizibarritzeko Plan Nagusia (EBPN) oinarri hartuta, euskerearen bilakaerearen gaineko ebaluazino lana egin da lehenengo aldiz. Txosten horrek euskerearen egoerea eta azken urteotako eboluzinoa hurretik ezagutu eta jarraitzeko aukerea eskaintzen dau. Kultura sailburuak azaldu dauenez, txostenaren garrantzia erabilgarritasunean dago, berari esker edonoren eskura jarri baitira erabilerearen inguruko hainbat adierazle: Txosten hau mugarria da hizkuntza plangintza eta normalizazinoaren historian. Baina lana abiapuntu sendotzat hartu behar da, ez azken emoitza legez. Bestalde, txostenak ezin baztertuzko oinarria jarri dau EBPN barrikusteko prozesuan, hizkuntzearen erabilerearen indarguneak eta ahuleziak agirian itxita.
Egoera barrietara egokitzeko eta sortu diran premina barriei erantzuteko EBPN barrikusteko beharra azaldu zan Itun barritu baterantz dokumentuan. Helburu hori lortzeko funtsezkoa da euskereak gaur egun bizi dauen egoerea eta azken urteetan izan dauen bilakaerea ezagutzea. Horixe da, besteak beste, aurkeztutako txostenaren egitekoa.
Txostenak batzen dituen datu, taula eta grafikoak aztertuz euskereak bi hamarralditan egin dauen bilakaerearen ikuspegi orokorra atara daiteke. HPSko sailburuordearen esanetan ondorioa argia da: Euskerea indartzen doa arlo guztietan, maila eta erritmo desbardinetan bada be. Egin diran aurrerapausuak hiru esparrutan dira azpimarragarriak: hezkuntzan, liburugintzan eta informazino eta komunikazinoaren teknologietan.
Hezkuntzan eredu elebidunek gora egin dabe nabarmen, hezkuntzearen arlo guztietan. Datu pare bat nabarmentzeagaitik: haur eta lehen hezkuntzan matrikulatuen % 90 dira euskereak presentzia sendoa dauen eredu elebidunetan (B eta D) dabilzanak. Bestalde, selektibidadea euskeraz egiten dabenen portzentajea % 25etik % 60ra igon da.
Liburugintzan, euskeraz argitaratzen diran liburuen kopuruak hazkunde ikaragarria izan dau. Gaur egun 2.400 inguru dira urtero argitaratzen diranak, orain hamar urte argitaratzen zanaren halako bi. Zifra deigarria dala uste dogu, batez be, EAEn danetara argitaratzen diran liburuen kopurua (4.500 bat) kontuan izan ezkero.
Informazino eta komunikazino teknologietan euskerearen presentzia sendotuz joan da. Hamar urtetan bikoiztu egin da euskeraz nabigatzen dabenen kopurua (100.000tik 200.000ra) eta ingelesez egiten dabenakaz parekatuta dago gaur egun. Gainera, gero eta tresna teknologiko gehiago dago euskeraz, eta euskal blogosfera nahiko aktiboa da. IKTetan euskerearen erabilerea kalean atzemoten dana baino altuagoa da: ia % 22 da IKTetan; kalean, barriz, % 15aren inguruan dago. Beraz, eremu globalean IKTek euskerearen erabilerea bultzatzen laguntzen dabe, uste baino aukera gehiago zabaltzen dira eremu birtualean euskerea erabilteko.
Administrazinoan euskerea oso presente dago ezagutza aldetik. Ikuspegi komunikatibotik, barriz, euskerearen erabilerea ez da hizkuntza eskakizunen mailakoa. Urgellek berbea emon dau hizkuntza eskakizun horreek eta behar komunikatiboak alderatuko dituan ikerlan bat eskatuko dauela, bi osogaien arteko orekea lortzeko hartu beharrreko neurrien nondik norakoak identifiketako.
Arlo sozioekonomikoan azken urteetan egin diran ahaleginen barri be emoten dau txostenak. Diru-laguntzetan egonkortu egin da euskera planak garatzen dabilzan enpresen kopurua, eta gaur egun ia 25.000 langile dagoz diru publikoz laguntzen diran euskera planen eraginpean. Kultura sailburuak adierazo dau herritarren eta enpresarien atxikimendua bilatzen dauen hizkuntza politikak arlo honetan dauela erronka nagusietako bat: Gakoetako bat, gure ustez, hezkuntza sistemea, alde batetik, eta enpresa mundua, bestetik, modu estuagoan buztartzea da, hizkuntzearen ikuspegitik, kasu honetan. Horretarako enpresa praktikak euskeraz bultzatzeak berebiziko garrantzia izan leike'.
Hedabideen alorrean, sektoreak arazo ekonomiko larriak izan arren, euskerea egunero zabaltzeko erronkeari eusten jarraitzen dau. Irakurle tradizionalen (ez digitalen) galerak eta publizidadearen jaitsiereak kalte handia eragin deutse hedabideei (oro har). Edozelan be, Urgellen eretxiz, seguru asko garaia heldu da ereduaren gainean be gogoeta sakon bat egiteko: Inor gitxik jarriko leuke dudan hedabideen alorra estrategikoa dala, besteak beste, hizkuntzearen garapenean. Izaera horri eusteko egoera barri eta gogorraren aurrean, herri agintarien konpromisoa berretsia ikusteaz gan, gauza batzuk birplanteau beharko leukiez
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!