Juan Ortegak jasoko dau antzerkigintzako Besarkada Saria aurten
2011-06-13 15:26 KultureaAurten, Juan Ortegak jasoko dau Besarkada Saria, Eibarreko antzerkigintzea bultzatzen egindako beharragaitik eta hilaren 15ean, eguaztenean, Bilboko Campos antzokian egingo dan galan bera izango da protagonista nagusia.
Euskal Aktoreen Batasunak emoten dau urtero garaikur hori, arte eszenikoen munduan ibilbide luzeko personak zein alkarteak gogoan eukiteko eta euren ahalegin handia eskertzeko. Aurten, Juan Ortegak jasoko dau Besarkada Saria, Eibarreko antzerkigintzea bultzatzen egindako beharragaitik eta hilaren 15ean, eguaztenean, Bilboko Campos antzokian egingo dan galan bera izango da protagonista nagusia.
Albaceteko Elche de la Sierran jaio bazan be, Juan Ortega Roldan gaztetatik egon da Eibarko antzerkigintzeari lotuta. 60 eta 70eko hamarkadetan hasi zan arte eszenikoetan bere bidea egiten, sasoi haretako debeku eta baliabide falteari irudimenagaz aurre egiten. Eibarko Unibersidade Laboralean Narruzko Zezen antzerki taldea sortu eban 1969an eta Eibarko Nazinoarteko Antzerki Jardunaldiak antolatzen hasi zan: 70eko hamarkadearen hasieran sortu genduzan jardunaldiak eta urtero-urtero antolatzen hasi ginanetik, 37 ekitaldi bete doguz, azaldu dau Juan Ortegak berak.
Debabarreneko eskola-antzerkiaren erakustaldia be Juan Ortegaren eskutik hasi zan, baina ni talde handi baten burua baino ez naz izan, ganeratu dau. Euskal antzerki konpainia profesional askok, lehenengo pausuak Juan Ortegaren lantaldearen laguntzinoagaz egin ditue, esaterako, Markeliñek egindako bigarren emonaldi ordaindua Eibarren antolatu genduan guk eta orain talde ezaguna dira, ibilbide luzekoa, zehaztu dau.
Narruzko Zezen taldea Eibarko Unibersidadean sortu eban Juan Ortegak eta gaur egunera arte, 600 kide baino gehiago igaro dira bertatik. Taldearen izenaren jatorria bitxia da, guk piel de toro esamoldea euskerara ekarri nahi genduan baina gutako batek baino ez ekian euskeraz sasoi haretan eta ganera, itzulpen okerra egin eban, baina konturatu ginanerako izen ezaguna zan gurea eta holan ixtea erabagi genduan, azaldu dau, umoretsu, Juan Ortegak.
Antzerki eskolen ganean, Juan Ortegak adierazo dau, aktoreak taulaganean ikasten dauela ondoen, esperientziaren bidez, baina, baliabideak egon ezkero, antzerki eskolak egotea be ona dala, hori bai, ikaslea libre itxi behar da, bere bidea topau daian eta gehiegizko espektatibak sortzea be ez da egokia, ganeratu dau. Euskerazko antzerkigintzeak betiko formatuetarako joera handiegia daukala eta produkzino gatxago eta ausartagoak egitea komenidu jakola be uste dau Juan Ortegak, gaitasuna daukien aktore euskaldunak badagoz, gehiago arriskatu behar da.
Euskal aktoreen sindikatuko kideek azaldu dabenez, aurtengo honetan ez dabe zalantza askorik euki Besarkada sariko irabazlea aukeratzeko, Juan Ortegak zalantza barik merezidu dau gorazarrea, horren ibilbide luzea eta oparoa eginda, zehaztu dabe. Saria, bagilaren 15ean, eguaztena, emongo deutsie, Bilboko Campos antzokian egingo dan jaialdian, arratsaldeko zortziretan. Bertan, euskal aktoreen emonaldiak egongo dira, bertoko arte eszenikoaren bultzatzaileak batuko dira baina antolatzaileek ziurtatu dabe, protagonista nagusia Juan Ortega izango dala, omenaldi beroa egin nahi deutsielako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!