Amaia Ibañez: 'Antzerkiaren munduko profesionalek aspaldi eskatu eben Harrobia moduko zentro bat'
2011-06-13 12:33 BarriketanOrain dala urte bi Amaia Ibañezek Eskena Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkartuak alkartearen kudeatzaile kargua hartu eban. Ordutik abiatutako proiektuen artean Harrobia zentroa dago, arte eszenikoetako konpainiek ikuskizunak sortzeko espazioa. Harrobiari esker taldeek eukiko dabe non sortu, non egin entseguak, non egin argien probak eta abar. Gaur egun hogeita lau enpresek osotzen dabe Eskena.
1.- Zer da Eskena? Zein da bere eginkizuna?
Eskena orain hamabost sortu zan alkartea da; Euskal Autonomia Erkidegoko antzerki arloko konpainiarik garrantzitsuenak batzen ditu. Antzerkiaren mundua egituratzeko sortu zan Eskena, eta enpresen interesak administrazinoen aurrean defendiduteko asmoagaz bere bai. Baina, ez gara Eskenaren barruan dagozan konpainien ordezkariak bakarrik, sektore osoaren ordezkariak gara. Orain dala lau urte Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailagaz hitzarmen bat sinatu genduan: horren arabera, antzerki arloko enpresei jagokonez, Eskena berbakide edo ordezkari bakarra da Jaurlaritzearen aurrean. Eta akordio horri esker, diru-laguntzinoak jasoten doguz.
2.- Eta zein da Eskenaren eginkizuna?
Eskenak hainbat programa eta proiektu aurkezten ditu, bai sektoreari begira bai gure bazkideei begira. Momentu honetan, berbarako, ikusleen plan bat kudeatzen eta koordinetan gabilz, Jaurlaritzeagaz eta Sarea Euskadiko Antzoki Sareagaz batera. Horrezaz gan, euskal eszena kanpoan ezagutarazoteko plan bat lantzen gabilz. Ganera, urtero tailerrak antolatzen doguz, bertako konpainiak kanpokoakaz hartu-emonetan ipinteko, eta gura badabe nazinoarteko bidea garatzeko. Espainiako alkarteen federazinoan ordezkari bat daukagu: horri esker informazino asko jasoten dogu, eta sektorean parte hartzeko aukerea daukagu.
3.- Hamabost urte bete barri ditu Eskenak, antzerkiaren egoerea asko aldatu da urteotan?
Igaz bete genduzan hamabost urte, baina agenda kontuak dirala-eta, 2011n egin doguz urteurrenaren ekitaldi guztiak. Jakina, egoerea aldatu da, eta Eskena bera be, alkarte lez, nabarmen hazi da. Administrazinoen aurrean, Eskena antzerkiaren sektorearen ordezkari bakarra izatea urte askotako lana da. Orain erabagiak hartzeko gaitasun handiagoa daukagu, eta eragina izateko indar handiagoa.
4.- Antzerkiaren sektoreak bardin segiduten dau, ala aldaketa handiak dagoz?
Sektore guzti-guztiak dabilz txarto, baina gurean enpresa txiki asko dagoz, eta murrizketek kalte handia egin deutse. Azken batean, gure finantzazinoaren zati handi bat diru publikotik dator; batetik, produkzinorako diru-laguntzinoak, eta bestetik, udaletxeak dira gure bezero nagusiak, eurak arduratzen dira-eta aretoen programazinoaz. Gitxiago programetan da, eta produkzinorako be diru gitxiago dago.
5.- Krisia ikusleen artean be igarten da?
Orain arte egindako azterketen arabera, ez dago beherakada handirik. Antzerkiko ikusleak antzerkizaleak izateaz aparte, zinea, operea... be gustuko ditue; ez dira bakar-bakarrik antzerkia ikustera joaten. Ez dogu oraindino aldaketa handirik igarri. Dana dala, garai digitalak eragina dauka aisialdian orokorrean, duda barik.
6.- Zeintzuk dira Eskenaren ardura nagusienak gaur egun?
Gaur egun bizi dogun egoerea momentukoa zala pentsetan genduan, ez zala luzaroko kontua, baina orain epe luzerako izango dala uste dogu. Sistemea aldatu egingo da, eta guk moldatu beharra eukiko dogu. Beste alde batetik, sano arduratuta gagoz ikuskizun asko ez diralako programetan: produkzinoaren eta erakustaldien artean etena dago, antzezlanek ibilbide laburra daukie. Ikuskizunak produzidu bai, baina ostean ezin ditue eszenaratu. Administrazinoekaz eta Sareagaz beharrean gabilz ikuskizunek erakustaldi gehiago eukiteko, aukera gehiago eukiteko. Diru-laguntzinoen inguruan be lanean gagoz, izan be eredua aldatzea gura dogu. Eta, jakina, beste arduretako bat Harrobia da, Bilboko produkzino zentroa.
7.- Zein da Harrobiak beteko dauen lekua?
Erronka handia da guretzat. Estaduan bakarrak gara, ez dago beste alkarte profesionalik arte eszenikoen barrikuntzarako gunerik kudeatzen dauenik. Erreferentea izango da. Gogotsu gagoz, ilusino handiagaz. Antzerkiaren munduko profesionalek aspaldi eskatu eben holango zentro bat. Harrobian konpainia profesionalek sorkuntza eta produkzino prozesu osoa garatzeko aukerea eukiko dabe. Lorpen handia izan da. Barrikuntzearen arloa beren-beregi landuko dogu, oso garrantzitsua da guretzako. Arte eszenikoetan barrikuntzeak ez dau esan gura, beste barik, azpiegiturarik modernoenak izango doguzala: horrezaz gan, beste diziplina batzuekaz (jantzea, arte plastikoak...) alkarlanean ikuskizun barritzaileak sortuko doguz, esate baterako. Ikerketea bultzatu nahi dogu: antzerki produkzinoa ia aztertu bako arloa da, prozesuak dokumentau gura doguz, informazinoa batu eta abar. Harrobiaren antzeko beste zentro batzuekaz alkartrukeak izateko asmoa daukagu: kanpoko artistak hona etorri daitezen, eta hemengoak hara.
8.- Eskenako kideez aparte, beste talde batzuek be erabili ahal izango ditue azpiegiturok?
Harrobia zabalik dago edozein konpainiarentzat, Bizkaikoa, Euskadikoa edo kanpokoa izan. Harrobia konpainia profesionalentzako da batez be, baina bestelako taldeek be erabili ahalko dabe. Aretoak erabilteko baldintza batzuk daukaguz, eta joan baino lehenago deitu behar da. Beraz, interesa daukanak deitu besterik ez dau egin behar.
9.- Zer eskaintzen deutso Harrobiak konpainia bati?
Sorkuntzearen prozesu oso-osoa hartzeko diseinauta dago. Sortzeko modu ugari dagoz: batzuetan, zuzendari artistiko batek proiektu bat hartzen dau, lehenagotik sortuta dagoana, eta egokitzapen batzuk egin ostean, entseguak egiten hasten dira; beste batzuetan, sorkuntzea taldean egiten da, konpainiako kide guztiek parte hartzen dabe eta prozesua luzeagoa izaten da. Harrobian danentzako dago lekua. Izan be, testuak irakurteko eta lantzeko aretoak daukaguz, eta badaukagu areto handi bat, lanak antzezteko, eszenografia, argiak eta beste arlo guztiak preparauta dagozanerako. Konpainiek euren proiektuak hasi eta amaitu leikiez Harrobian.
10.- Zelango harrerea euki dau Harrobiak antzerkiaren munduan?
Zentroa ezagutzeko gogo handia dago, bertan behar egiteko, aretoaren ezaugarriak ikusteko... Edozelan be, oraindino ez dogu inaugurau. Zezeilean Bilboko alkate Iñaki Azkunak Harrobiaren hasierako lanen amaierearen inaugurazinoa egin eban, eta orduan esan genduan maiatzerako dana prest egongo zala, baina lanetan atzerapena egon da. Uda ostean hasiko da martxan Harrobia.
11.- Orain arte zelan konpondu dira konpainiak?
Ba, jenteak ahal dauena egin dau, ahal izan dauen moduan; mesedeak eskatu, edozein lekutan entseguak egin eta abar. Horrek guztiorrek eragina dauka ikuskizunaren kalidadean: konpainiak modu batera sortu eta produzidu dau antzezlana; gero, antzokian beste baldintza batzuk topetan ditu, eta aldea handia izaten da. Konpainientzako bisita gidatuak egiten hasiko gara laster, aretoa zelan ikusten daben jakiteko, ia zeozer falta dan, zeozer hobetu daitekeen.
12.- Harrobia EAEko errendimendu handiko zentro eszeniko bakarra izango da, ezta?
Errendimendu handiko zentroa kontzeptua ez jat bape gustetan; Eskenak ez deutso izendapen hori emon, uste dot inaugurazinoko titularra izan zala. Barrikuntzea sorkuntzan eta produkzinoan: horrek dira gure ideia nagusiak. Urnietan badago produkzino zentro bat, udalarena, baina han danetariko jarduerak egiten dira, pilates eskolak, umeen antzerki saioak eta abar. Dana dala, EAEn Urnieta erreferentea da, bai.
13.- Harrobia Otxarkoagako lehengo eleizan dago, leku berezia da, ezta?
Bai, eraikin bitxia da. Antzokiaren areto nagusia eleizearen nabea da, zutabe bako espazio zabala da. Erreberberazinoak txikitzeko inbersino handia egin behar izan dogu. Lanerako leku aproposa da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!