Bertsolaritzearen Datu-Basea aurkeztu dau Bertsozale Elkarteak

Bizkaie! 2011-06-10 16:11   Bertsolaritzea

Egitasmoaren helburu nagusia Bertsozale Elkartearen Xenpelar Dokumentazio Zentroak bere edukiak Internet bidez gizarteratzea eta maila guztietako ikerkuntzea bultzatzea da. Barrikuntza teknologiko zabal baten hasierea besterik ez da hau, eta etorkizunean zentroan dagozan atal guztietako dokumentazinoaren barri emon eta dokumentu digitalen publikazino zabal bat eskaini nahi da.

Imanol Murua Bertsozale Elkarteko buruak eta Nerea Erkiaga Xenpelar Dokumentazio Zentroko arduradunak aurkeztutako egitasmo teknologiko honen helburu nagusia Bertsozale Elkartearen Xenpelar Dokumentazio Zentroak bere edukiak Internet bidez gizarteratzea eta maila guztietako ikerkuntzea bultzatzea da. Barrikuntza teknologiko zabal baten hasierea besterik ez da hau, eta etorkizunean zentroan dagozan atal guztietako dokumentazinoaren barri emon eta dokumentu digitalen publikazino zabal bat eskaini nahi da. Euskal Herri osoan zehar bertsolaritzearen inguruan egindako dokumentazino batzearen gizarteratze-tresna izango da.

Webgune hau Bertsozale Elkarteak Interneten dituan beste egitasmoen osogarri izatera dator: alde batetik, www.bertsozale.com: Bertsozaleren webgunea da. Bestetik, www.bertsoa.com: egunerokotasunari erantzuten deutson Internet telebista da, bertsolaritzearen zabalkundea bideo bidez egiten dauen. Bere oinarri dokumentala Xenpelar Dokumentazino Zentroa da.


TXT egituratik informazino guztia lotzen dauen estekara

1991ean sortu zanetik hainbat tresna informatikoren bidez jaso da batutako dokumentazinoaren barri, eta gehiengo handia testu formatuan jasota dago. Bertsolaritzearen Datu-Basearen bidez hainbat datu-base eta fitxetan sakabanatuta eta hainbat aldaeretan jasotako persona, leku, doinu, txapelketa eta taldeen izenak bateratu eta alkarri lotu dira, informazinoaren ikuspegi osoago bat emonez eta datu artean modu oso errazean nabigatuz.

Katalogoan ziran fitxa desbardinak datu-base barrian integrau ahal izateko, milaka persona, leku, sariketa, alkarte, doinu eta abar luzeagoen izenen aldaera desbardinak bateratzea egin behar izan da. Eta horri esker jaso daitekez klik batean adibidez persona baten biografia, grabazinoak, doinuak, bertsoak, txapelketak, sariketak, eta beste abar luze baten fitxak alkarri lotuta, erabiltzaileari modu sinple eta osoago batean eskaintzeko moduan.


Urteetan batutako ondarearen katalogotik bilduma digitalera

Bertsolaritzearen ondarea batu, antolatu eta gizarteratzea da Xenpelar Dokumentazino Zentroaren egitekoa, eta hogei urte horreetan egindako lana webgune indartsu baten bidez herritarrei eskaini nahi jake, horretarako egungo teknologia barrien erabilerea eginez. Garatu ahala gehituko dira Xenpelar Dokumentazino Zentroan batzen diran hainbat datu-base desbardinetako edukiak.

Informazino-fitxak dokumentuz lotzea da helburua: digitalizazino planei esker, Interneteko katalogo honetan bat-bateko bertsoak entzun eta idatzizko bertsoak ikusi ahal izateko fitxategiz hornitu nahi ditue, eskaintzen diran katalogo/fitxa bakotxak jagokon fitxategia izateko.

* Bat-bateko bertsoen mp3 fitxategiak (6.600 bertsoaldi).
* Haitzondo egitasmoan agiri diran personen argazkiak jpg fitxategietan (1.500 biografia).
* Doinuen midi, pdf eta mp3 fitxategiak (3.000 doinu).

Orain arte egindakoak ahalegin handia eskatu arren, hurrengo urteotan garatu beharreko hainbat lan dagoz Bertsolaritzearen Datu-Basean: parte hartzeko eta informazinoa eguneratzeko sistema eraginkorren garapena; informazinoaren zabalkunde eta alkartrukerako sistemen integrazinoa: Dublin Core, OAI-PMH eta API; dokumentuen digitalizazinoa eta publikazinoa: mp3, pdf, jpg, midi, eta beste hainbat formatutako dokumentuak eransteko egitasmoa burutuko da; eskuko telefonoetatik konsultetako interfazea; eta Xenpelar Dokumentazino Zentroan dagozan beste datu-baseak BDB sisteman integrau eta Internet bidez eskaintzea: Bertso-eskolak; prentsa artikuluak (37.500 artikulu); argazkiak (8.500 argazki eta argazki-bildumen fitxak); bibliotekea (4.900 liburu eta artikuluen erreferetziak); kartelak (4.000 kartel); eta Artxiboa (Bertsozale Elkartearen eta hainbat bertso-eskola, ikerlari, bertsolari eta bertsozalek eskainitako artxiboen deskribapen-fitxak).


Bertsolaritzearen Datu-Basearen etenbako eguneraketea

Bertsolaritzearen Datu-Basea Xenpelar Dokumentazino Zentroaren lan-tresna danez, etenbako eguneraketea izango dau. Katalogazino lanak egin ahala eguneratuko da datu-base honetan eskainitako informazinoa. Egunero jasoten dan materialaren katalogazinoaz gan, aurreko 20 urteetan modu askotara batutako informazinoa be egokitzen eta bateratzen joan ahala, Bertsolaritzearen Datu-Basean eskaini ahal izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu