Euskaltzaindiak Euskal Herriko udalen izendegia aurkeztu dau Bilbon

Bizkaie! 2011-06-09 15:35   Euskerea berbagai

Euskal Herriko Udalen Izendegia aurkeztu da Euskaltzaindiak Bilboko egoitzan. Akademiaren Onomastika batzordeak osotu dau izendegia, eta arau izaerea dauka. Ganera, Euskaltzaindiak sortu barri dauen Izenak bildumearen lehenengo zenbakia da.

Euskal Herriko Udalen Izendegia aurkeztu da Euskaltzaindiak Bilboko egoitzan. Akademiaren Onomastika batzordeak osotu dau izendegia, eta arau izaerea dauka. Ganera, Euskaltzaindiak sortu barri dauen Izenak bildumearen lehenengo zenbakia da. Aurkezpenean, Andres Urrutia euskaltzainburua, eta Onomastika batzordeko buru Andres Iñigo, idazkari Mikel Gorrotxategi eta kide Patxi Galé izan dira.

Euskaltzainburuak azaldu dauenez, liburuak zabalkunde handia behar dau hainbatengana iristeko, batez be hizkuntzearen egunerokotasunean gabilzanongana: teknikariak, itzultzaileak, kazetari, testu sortzaileak eta egokitzaileak…hitz batez esanda, euskaldun guztiorii, horrek dira-eta gure lanaren hartzaileak. Bestalde, liburu honen edukia Euskaltzaindiak bere webgunean (EODA izeneko datutegian) edonoren eskura ipini dauela azpimarratu da.

Orain 32 urte argitaratu eban Euskaltzaindiak lehenengo udal izendegia, Euskal Herriko Udalen Izendegia izeneko liburuxkea. Ordutik, herri izenen normalizazinoa bideratzeko pausu garrantzitsuak emon dira, Hego Euskal Herrian, batez be. Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Euskararen Erabilpena Arauzkotzezkoaren 10/1982 Oinarrizko Legeak 10. atalean eta, bestetik, Nafarroako Foru Komunitateko Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legeak 3.3 eta 8.2 artikuluetan Euskaltzaindia onartzen dabe hizkuntza gaietarako orokorrean, eta toponimiarako beren-beregi, erakunde aholkulari ofiziala.

Onomastika batzordeak eten barik segidu dau beharrean, eta urteotan herri izenen inguruan hainbat lan plazaratu ditu. Ondokoak dira lanik garrantzitsuenak: 1986an, Eusko Jaurlaritzagaz batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Herrien Izendegia; 1990ean, Nafarroako Gobernuagaz, Nafarroako Herri Izendegia; 2001ean, 1986an egindakoa osotuz, Euskal Autonomia Erkidegoko Udalen Federazioaren (EUDEL) eskutik, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanle-entitateak liburua.

1979an argitara emon zan lehenengo izendegiaren aurkezpenean, egileek autortu eben, denpora eta baliabide falteagaitik, proposautako udal izen batzuk zalantzazkoak zirala eta beste batzuen euskerazko ordainak, asmatuak beharbada. Horregaitik, harrezkero egindako ikerketen ondorioz, Onomastika batzordeak beharrezkotzat jo dau zuzenketak egitea. Barriz, Batzordearen eritxiz, ikerketa barriek ez badabe behar beste argirik emon, lehengo erabagiari eutsi jako.

Euskaltzaindiak 1998an Euskal Herriko udal izenei arau izaerea emotea erabagi eban, eta lan hori amaitu barri dau. Lehenengo, Iparraldeko lurraldeetakoak arautu zituan, ostean, Euskal Autonomia Erkidegokoak eta, azkenean, Nafarroakoak. Banakako udal izendegiok Euskaltzaindiaren arau zenbaki honeek ditue: 92 eta 99 Zuberoa; 108 Lapurdi; 122, 128 eta 133 Nafarroa Beherea; 140 Gipuzkoa; 145 Bizkaia; 150 Araba; eta, 155 Nafarroa. Arau horreetako emoitzea da, hain zuzen be, aurkeztu dan liburuan eskaintzen dana. Horregaitik izendegi honek Akademiaren arau izaera dauka

Izendegiak 229 orrialde ditu, kapitulu bitan banatuta. Lehenengo kapituluan, Euskal Herriko udal izendegi osoa emoten da alfabetikoki. Udal izen bakotxaren lau informazino agiri dira: euskal izena, izen ofiziala, herritar izena eta lurraldearena. Bigarren kapituluan udal izenak lurraldeka antolatu dira. Lehenengo atalean lez, bigarrenean be udal bakotxaren lau informazino eskaintzen dira, baina laugarrena lurraldea izan beharrean, zehatzagoa dan eskualdea da. Zerrendotako izen askotan oin-ohar argigarriak gehitu dira, zelan deklinau behar diran adierazoteko.

Eranskin lagungarri bi ditu izendegiak: bata, liburuan bertan txertatua, Euskaltzaindiak azken urteotan onartu dituan onomastikaren inguruko hiru arau, Euskal Herria izenarena tartean; bestea, liburuaren atzeko aldean doan mapea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu