David de Jorge kozineruak munduko hanburgesarik handiena preparauko dau Bilbon
2011-06-08 18:27 Jan edanakTelebistako sukaldari David de Jorgek ames bat dauka: munduko hanburgesarik handiena preparetea eta erronka hori bagilaren 18an, zapatuan, lortu nahi dau. Ataraten dan diru guztia Caritas Bizkaiarentzat izango da.
Telebistako sukaldari David de Jorgek ames bat dauka: munduko hanburgesarik handiena preparetea eta erronka hori bagilaren 18an, zapatuan, lortu nahi dau. Horretarako, Bilbo lekurik aproposena iruditzen jako, eta zehatz esateko, Arenaleko Pasealekua.
Kontuak kontu, Zazpi Kaleetako Merkatarien Alkarteak gaiaren barri izan ebanean, sukaldariari laguntzea erabagi eban. Eta ez da bakarra izan, Kalitatea Fundazinoak 400 kilo Euskal Okela emongo ditu, Caritas Bizkaia anoen banaketaz arduratuko da, Amstelek garagardaoa emongo dau edateko eta Errioxa Arabako Lapuebla de Labarcak, barriz, urteko ardaoa ekarriko dau. David de Jorgek lan egiten dauen telebista ETB be ekintzaren laguntzailea da.
Hanburgeseak sekulako neurriak izango ditu: 15 metro koadroko azalerea, 400 kiloko pisua eta 2’5 zentimetroko lodierea. Kalitatea Fundazinoak ipiniko dau okelea, Euskal Okelea, bere kalitatea bermatuz. Arenalera Urkaiko kooperatibaren hiltegi homologatutik kamioi hozkailu batek ekarriko dau. David de Jorgek gitxienez 4.000 anoa atara nahi ditu. Anoak ogi zati banagaz salduko dira euro bateko prezioan. Ataratako diru guztia Caritas Bizkaiarentzat izango da. Erakunde horretako boluntarioek anoak preparau eta banatuko ditue. Ikaragarrizko bazkaritzar solidarioa bagilaren 18an, goizeko 12:00etatik aurrera preparauko da. Ordubete geroago, eguerdiko 13:00ean, pintxoen banaketea hasiko da.
Hanburgesa erraldoia egitea ez da zeregin erraza izango. Izan be, okelea behar dan moduan preparetako neurrirako eginda parrilla bat eregi da. Bere neurriak: 5 metroko luzerea, 3 metroko zabalerea eta 600 kiloko pisua.
Edariari jagokonez, aukera zabala izango da. Kalitatea Fundazinoak emondako Eusko Label sagardaoa, Amstelek erregalautako alkoholdun eta alkoholik bako garagardaoa, Lapuebla de Labarkatik ekarritako urteko ardaoa eta ura edan ahal izango dabe hurreratzen diranek.
Milaka pintxo eta edarien banaketea ticketen bidez egingo da. Arenalean jarriko dan ticket salmentarako postu batean salduko dira txartelak.
Bai garagardaoa bai ardaoa porroian atarako dira. Porroi bete baten prezioa 3 €koa izango da. Porroiak egun honetarako beren-beregi egin dira eta ekitaldiaren oroitzapenezko irudi bategaz apainduta dagoz. Zazpi Kaleetako Merkatarien Alkarteak hilaren 13tik aurrera hainbat flyer banatuko ditu Alkarturiko denda eta tabernen artean. Edozein preziotako erosketa bat egiteagaItik flyer bat emongo jako bezeroari. Flyer horregaz eta erosketearen ticketagaz txartel salmentarako postura hurreratuko diran lehenengo 1.200 lagunek porroi bana lortuko dabe. Soberako porroiak egotekotan bagilaren 18an bertan salgai egongo dira 4 euroan. Sagardaoak, barriz, euro bateko prezioa izango dau eta ura doban emongo da.
Bilboko Artzai - Gaztai Txapelketea
Egun berean Bilboko Idiazabal Artzai-Gaztai 2011 Txapelketea egingo da Arenalean. Zazpi Kaleetako Merkatarien Alkartea, Artzai-Gaztai Alkartea eta Idiazabal JD jardunaldiaren antolatzaileak dira. Horrezaz gan, BBK lehiaketearen babeslea da.
Goizeko 10:00etan 22 salmenta postu zabalduko dira. Bertan Idiazabal Artzai-Gaztaiaz gan, ogia, pastelak, patea, elikagai ketuak, txakolina, sagardaoa eta Arabako Errioxako ardaoak be salgai izango dira.
Hamarretatik hamar t’erdietara artzainek txapelketarako gaztaiak emon beharko ditue. Artzai-Gazta alkarteari atxikitako gaztandegiek eta kaseina plakeagaz identifikautako piezakaz dagozanek bakarrik parte hartu ahal izango dabe. Modu berean gaztaiak, bat gaztandegi bakotxeko, norbere esneagaz egindakoak izan beharko dira.
Eguerdiko 13:00ean ezagutuko da Bilboko Idiazabal Artzai-Gaztai Txapelketearen irabazlea. Orduan hasiko baita sarien banaketea. BBK-k hiru produktore onenak sarituko ditu eta Zazpi Kaleetako Merkatarien Alkarteak Bizkaiko gaztai onenari Sari Berezia emongo deutso.
Idiazabal JD dauen Artzai-Gaztai alkartearen gaztaiak entzute handikoak dira eta bai gurean eta bai atzerrian be lehiaketa desbardinetan sarituak izan dira (Ministerioren sariak, Cincho, Gourmet, Mendiko Olinpiadak, Austriako Käsiade eta World Cheese Awards, besteak beste).
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!