Bizkaiko Txakolina jatorri-deiturako bi upategi saritu ditue nazinoartean

Bizkaie! 2011-06-07 11:00   Jan edanak

Bizkaiko Txakolina jatorrizko-deiturako Balmasedako Egia Enea eta Durangoko Bikandi upategiak saritu ditue. Balmasedako upategiak Zilarrezko Bakoa izeneko espainiar saria irabazi dau, eta Durangokoak Zilarrezko Domina Bruselako Concours Mondial izeneko lehiaketan.

Bizkaiko Txakolina jatorrizko-deiturako Balmasedako Egia Enea eta Durangoko Bikandi upategiak saritu ditue. Balmasedako upategiak Zilarrezko Bakoa izeneko espainiar saria irabazi dau, eta Durangokoak Zilarrezko Domina Bruselako Concours Mondial izeneko lehiaketan.

Euskal Herritik kanpo hain ezagunak ez diran bi marka horreek jasotako sariek berretsi egiten dau Bizkaiko txakolinen batez besteko kalidadearen bikaintasuna, adierazo dabe Bizkaiko Txakolinaren arduradunek.

Bako Sariak Espainiako Dastatzaileen Batasunak antolatzen ditu eta Espainiako Ingurumeneko eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioaren onespen ofiziala dabe. Sarien 25. edizinoan urrezko, zilarrezko eta brontzezko sariak banatu dira lehiaketako hamar kategorietako bakotxean. Egia Enea upategiak Zilarrezko Bako saria irabazi dau bariedade ez-aromatikoetako ardao zuri gazteen sailean. Egia Enea txakolina Balmasedako Egia Enea mahastiko Ondarrabi Zuri Zerratia (% 80) eta Ondarrabi Zuri (% 20) mahatsakaz egiten da.

Concours Mondial lehiaketea 1994an hasi zan egiten Bruselan, baina azken edizinoetan beste uri eta herrialde batzuetan izan dau egoitza. Azken edizinoa Luxenburgon egin da eta 50 herrialdetako 7.000tik gora ardao aurkeztu dira bertara. Lehia horretan Bikandi upategiak zilarrezko domina bat irabazi dau (100 puntutik 84-87 jasoten dituen ardaoei emoten jakena). Bikandi upeltegia Durangon kokatua dago eta Ondarrabi Zuri mahatsagaz egiten dau izen bereko txakolina.

Bi sari horreek berretsi egin ditue Bizkaiko Txakolinaren 2010eko uztak sortu dituan aurreikuspenak. Ondo egindako lana saritzeko modu bat izateaz gan, albiste on horreek indartu baino ez dabe egiten Bizkaiko Txakolina Jatorri-deiturea Arautzeko Kontseiluak gure txakolinak Euskadin eta kanpoan ezagutarazoteko egiten dauen etenbako lana, adierazo dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu