Txaber Altube eta Nerea Ibarzabal txapeldun

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2011-06-06 10:46   Bertsolaritzea

Puntu guztiak batuta, Txaber Altube -14 urtera artekoetan- eta Nerea Ibarzabal -16-18 urte bitartekoetan- izan ziran txapeldunak. Eurak eta euren ataleko bigarrenek be -Arrate Gaztelu eta Imanol Uria- kantauko dabe Agurainen hilaren 18an, Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan.

Bizkaie!-k tertzioz abisau eutsuen legez, barikuan jokatu zan Indautxuko El Carmen Aretoan Bizkaiko Eskolarteko XXVIII. Txapelketea. Bermeo, Markina-Etxebarria eta Ondarroako kanporaketen ostean ebatzi ziran finalistok:

14 urtera artekoak

Kattalin Arriola (Mungia).
Txaber Altube (Abadiño).
Leire Amenabar (Larrabetzu).
Jon Larrabide (Derio).
Arrate Gaztelu (Larrabetzu).
Iker Garitagoitia (Arrigorriaga).

15-18 urte bitartekoak

Nuria Cortada (Muskiz).
Malen Amenabar (Larrabetzu).
Nerea Ibarzabal (Markina).
Imanol Uria (Algorta).
Ane Alegria (Zornotza).
Aitor Bizkarra (Abadiño).
Txaber Ormazabal (Arrigorriaga).
Olatz Ipiña (Ugao).

Onintza Enbeitak egin zituan gai-jartzaile beharrak eta idazkaria Beñat Gaztelurrutia izan zan. Epaileak, barriz, Arkaitz Estiballes, Matxalen Zabaljauregi eta Gorka Intxaurbe.

14 urtera arteko gaztetxuak izan ziran lehenengoak oholtza ganera igoten eta entzuleen animoak eta eurentzat egindako kartelak gitxi ez ziran izan. Seguru eta bizkor kantau eben; izan be, ordubete inguruko saioa izan zan eurena.

Seiko taldeak lau oinakaz bertsoa osotu, ofizioka zortziko txikerrean bina bertso eta gai baten ganean bertso bat kantau behar izan eben. Behar horreek eginda, Txaber Altube eta Arrate Gaztelu pasau ziran azken fasera: bina bertso zortziko handian. Ariketa guztietatik 3-4 aukeratu behar izan dodaz eta hementxe dozuez:

Txaber Altube (oinak)
Gure iratzargailu
auto ta motorrak.
Gero klasera joan da
egunak gogorrak.
Irakasleekin be
faltak eta zorrak.
Ba, baretu gaitezan,
badatoz oporrak!

Gaia: Kurso amaierako urtenaldia euki dozue gaur. Bazkalorduan jesarri zarienean, Txaber, inbidi baten zagoz Kattalinen bokadiloari begira. Zurea baino askoz hobea dala iruditzen jatzu. Eskatzea pentsau dozu.

Txaber Altube

Esan gura dotsut nik
mezu honen bitartez:
oso maja zarela
amatxoren partez.
Ene! Bokata jaten
zauz kasualitatez.
emoistazu zati bat,
benga, bide batez!

Kattalin Arriola

Gaur goizean altxau naz
arrautzak frijitu.
Letxuga ta tomate
Sandwicha prestatu.
Baina gaurkoan Txaber
ez da lotu mutu.
Holakoa hurrengoan
amari eskatu.

Txaber

Betidanik izan naz
eskatzaile peto.
Ba hona etorri naz
bokata jateko,
baina esan dostazu
amari eskatzeko.
Zuk zeuk egingo dozu
hark baino hobeto.

Bakarreko gaia: Asteburuan ez dozue urten be egin gaurko azterketea preparetako. Gatxa dala-eta, ikasi eta ikasi ibili zarie. Zuzendaria etorri jatzue esaten irakaslea falta dala, berandutxoago etorriko dala.

Jon Larrabide

Irakasleak bariku hartan
esan zidan ikasteko,
ta horregaitik asteburuan
ni egon naiz lanez lepo.
Oin estutxea poltsan sartuta
prepareu hauxe eiteko.
Nork esan dotso maisu horreri
atasko hortan sartzeko?

Arrate Gaztelu

Asteburuan pegatu dot nik
mahaira gogor azala,
eta seguru egon naz ni, bai,
hau gatxa izengo zala.
Ta istripu bat, ataskoa edo
bestela ezebez ojala!
Fijo parrandan ibili eta
gaur lokartu egin dala.

Gazteenek kantau ostean, 15-18 urte bitarteko bertsolariek ekin eutsien beharrari. Zortzi bertsolariek egin beharrekoa: gai baten inguruan bertso bat, ofizioka zortziko handian bertso bi eta txikerrean hiruna bertso. Edade horretan igarten da segurtasun handia daukiela bertsotan eta edozein plazatan ederto kantauko leukiela.

Lehenengo atalean bardintasuna izan zan nagusi, baina bigarren fasera pasau ziranak Nerea Ibarzabal eta Imanol Uria izan ziran. Hortik aurrera kartzelaren ordua ailegau zan, puntuari erantzuna eta, amaitzeko, gai baten inguruan bertso bana kantau behar izan eben.

Bakarreko gaia: Batxilergoa amaitzen dozuenean zer egin nahi dozuen galdetu deutsue gaur klasean. Konturatu zarie zuon inguruko guztiek karrera irabazten dan diruaren arabera aukeratzen dabela.

Nerea Ibarzabal

Harri eta zuhur utzi nau gaurko
sistema honen zirkoak,
ta, antza, danek izan nahi dabe
bertan pailazo finkoak.
Bat enpresari ta notario
edota politikoak.
“Zorion hori da bizipoza”,
guztiak dira mitoak.
Irribarreek ez ei dituzte
inoz bete poltsikoak.

Gaia: Nerea eta Ane, zuek asteburuan lonjan egoten zarie. Nerea gogaitzen hasi da bertan egoteagaz eta Ane konbenzidu guran dabil herrian zehar ibilteko. Ane lonjan egoten da gustura.

Nerea Ibarzabal

Hemen sartuta zigarroagaz
beti ekin eta ekin;
beti berbera esaten gabilz,
beti jende berarekin.
Benga, kalera goazen apur bat,
pare bat bizikletakin.
Banpiro itxura hartu behar dogu
kolore zuri honekin.

Ane Alegria

Play-ra jolastu ta ping-pong-era
ta pitilloa tarteka.
Kanpora urten arnasa hartu,
barriro hona ein buelta.
Etorri zara apal-apal da
ein dostezu errieta.
Amortizatu ein biko dogu,
pagau eiten dogu-eta.

Nerea

Lokala hartzeko erabakia
akats handi bat izan zen.
Behin sartu ginen barruan eta
ez gara inoz ateratzen.
Goazen kalera zerbait ikusi
ta jendea ezagutzen.
Gero kejatu egiten gara
ez dogulako ligatzen.

Kartzelea: Orain arte ez zara sekula ausartu, baina gaur esan egingo deutsazu asko maite dozula.

Nerea Ibarzabal

Nahiz ikustezin nazen zuretzat
ta nahiz enozun ikusten,
behingo batean hasi behar naz
barruko guzti hau husten.
Gauzak barruan usteltzen dira
ez badira altu esaten.
Igual hile bat pasa beharko dot
kalabaza danak jaten,
baina arriesgatu ezean ez da
sekula be irabazten.

Puntu guztiak batuta, Txaber Altube -14 urtera artekoetan- eta Nerea Ibarzabal -16-18 urte bitartekoetan- izan ziran txapeldunak. Eurak eta euren ataleko bigarrenek be -Arrate Gaztelu eta Imanol Uria- kantauko dabe Agurainen hilaren 18an, Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan. Bizkaiko orkezkariakaz ez daukagu ardurarik: elegante egingo dabe seguru. Zorionak txapelketa guztian parte hartu dozuen guztioi.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu