Gaur hasiko da XXIII. Getxo&Blues Javier Vargas Blues Band taldeagaz
2011-06-02 14:20 MusikeaVargas jn.ak estilo propioa darabil, blues latinoa, hain zuzen; soinu anitzak buztartzen ditu (flamenkoa, tangoa…) erro afroamerikarra dauen musikeagaz. Nahasketa horri esker artista handiakaz lankidetzan jarduteko aukerea izan dau, besteak beste, Lonnie Broks, Larry Graham, Sugar Blue, Larry McCray…
Aurten be Getxo&Blues jaialdia izango da udako jaialdietan goiztiarrena; blues, jazz eta folk doinuez beteko da udalerria bagilaren 17tik 19ra; Algortako Biotz Alai plazan izango dira kontzertu nagusiak; Edozelan be, aurten dobako bi saio be izango dira Algortako The Piper's Irish Pub lokalean.
Egitarauari erreparauta, hilaren 17an, barikuan, musika-mota hau gure herrialdetik kanpora esportatzea lortu dauen artista handi batek emongo deutso hasierea jaialdiari: Javier Vargas. Artista horrek estilo propioa darabil, blues latinoa, hain zuzen; soinu anitzak buztartzen ditu (flamenkoa, tangoa…) erro afroamerikarra dauen musikeagaz. Nahasketa horri esker artista handiakaz lankidetzan jarduteko aukerea izan dau, besteak beste, Lonnie Broks, Larry Graham, Sugar Blue, Larry McCray… Vargas Blues Band taldeak, oraingo honetan, Devon Allman gitarra jole eta abeslariaren laguntzinoa izango dau. Gregg Allman mitikoaren semea da bera, Allman Brothers banda famatuko kideetako bat, eta blues rock onenaren adibide argienetakoa.
Hurrengo egunean, zapatuan, jaialdiko egun nagusia biziko dogu, Otis Taylor-en eskutik; gaur egungo musika-eszenako artistarik garrantzitsuenetakoa da bera. Bere bluesak, erro afroamerikarretatik abiatuta, jazzaren eragina be badauka, bai soinu akustikoetan eta bai erritmo elektronikoetan. Sarritan, psikodeliari eutsiz, artisteak berak trance blues izena emon deutson estiloa sortu dau. Letrei jagokenez, konpromisodunak dira; arrazakeria eta pobrezia lako gaiak jorratzen ditue, gitarra riff-en bidez. Horrek guztiak, sensibilidade handia emoten deutso bere lanari.
Getxoko kontzertuan, beste artista handi bat izango dau lagun Taylor-ek: Corey Harris. Azken hau, 2001ean izan genduan Getxon, arrakasta handiagazn gainera. Sailkatzen erraza ez dan artistea da Corey Harris; izan be, abilezia handiz buztartzen ditu estilo desbardinak: blues, rythm&blues, reggae, folk edota afrikar doinuak. Ondorioz, folk blues eta erritmo tradizionaletara hurreratzen da, sarri askotan. Soinuak fusionetako dauen trebetasunak eta musika-ikerketearen alorrean erakutsi dauen interesari esker, Henry Butler edo Ali Farka Toure (afrikar artista garrantzitsuenetarikoa) lako artistakaz kolaborau eta musika tradizionalaren ikerketan lagundu dau.
Azkenik, hilaren 19an, domekan, Blues Jaialdiko kontzertu handiakaz amaitzeko, Charmaine Neville izango dogu, Mardi Gras erregina, New Orleans Mardi Gras izeneko bere ikuskizunagaz. Neville Brothers taldeko saxofoi jotzaile Charles Neville mitikoaren alabeak New Orleans-eko musika tradizino onena ordezkatzen dau. Getxon, gainera, bere alderik onenaz gozau ahalko dogu gainera: zuzenekoa. Oraingoan, konbidatu berezi baten laguntzinoa izango dau, bere aita. Alkarregaz, aitatu uriko tradizino onena eskainiko deutsee ikus-entzuleei.
Kontuak kontu, Biotz Alai plazako eskaintzaz gan, ikus-entzuleek beste bi kontzertu izango ditue Algortako the Piper's Irish Pub lokalean; bertan, gaueko 23:00etatik aurrera izango dira blues kontzertuak. Beraz, hilaren 17an eta 18an Los Blues Morning Singers eta Maraya Zydeco izango dira bertan; esperientziadun talde elektroakustikoa lehenengoa, eta cajun erritmoen bidez publikoa Louisiana bertara eroateko gai dan akordeoi jolea, bigarrena.
XXIII. Getxo&Blues. Egitaraua
- Bagilak 17, Algortako Biotz Alai plazan, 21:00etan, JAVIER VARGAS BLUES BAND + DEVON ALLMAN (artista konbidatua). Sarrerea: 5 €
The Piper's Irish Pub (Algorta), 23:00etan, LOS BLUES MORNING SINGERS. Sarrerea doban.
- Bagilak 18, Algortako Biotz Alai plazan, 21:00etan, OTIS TAYLOR BIG BAND & COREY HARRIS. Sarrerea: 5 €
The Piper's Irish Pub (Algorta), 23:00etan, MARAYA ZYDECO. Sarrerea doban.
- Bagilak 19, Algortako Biotz Alai plazan, 20:00etan, CHARMAINE NEVILLE BAND: NEW ORLEANS MARDI GRAS + CHARLES NEVILLE (artista konbidatua). Sarrerea 5 €
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!