Itziar Aramaiok, 'Berriatuko euskararen zenbait alderdi' liburua nahiz 'Ze dinozu?' dokumentala aurkeztuko ditu Berriatuan

Bizkaie! 2011-06-02 12:19   Euskerea berbagai

Berriatuko euskararen zenbait alderdi liburua orain 14 urte hasi zan bere lehen hatsak hartzen, egilea, Deustuko Unibersidadean euskal filologiako ikasle zala. Atsotitzak herrian batu eta unibersitateko lan xume bat izatekoa zana, ia 2000 atsotitz batzen zituan lan handi bilakatu zan.

Bagilaren 3an, iluntzeko 20:00retan, Berriatuko bideo gelan, Itziar Aramaiok, Berriatuko euskararen zenbait alderdi liburua nahiz Ze dinozu? dokumentala aurkeztuko ditu, Berriatuko Udalak eta Urepel Aldizkaria Kultur Elkarteak babestuta.

Berriatuko euskararen zenbait alderdi liburua orain 14 urte hasi zan bere lehen hatsak hartzen, egilea, Deustuko Unibersidadean euskal filologiako ikasle zala. Atsotitzak herrian batu eta unibersitateko lan xume bat izatekoa zana, ia 2000 atsotitz batzen zituan lan handi bilakatu zan. Errefrau hareetan, hainbat berba ezezagun agertzen ziran bere ikaskide nahiz herriko gazte askorentzat (Laixaketan estu eta maixen nasai; Praka sarrak arabasañek ueri; Etxeko latzak berebetan baleki, se esan aukiko leuke…). Holan bada, esakera zahar hareetan agertzen zan lexikoaren hiztegitxu bat egitea otu jakon. Apurka-apurka, esaera zuhurretan oinarritutako lantxu bat izatekoa zana, ia bi mila esalege, ehun esamoldetik gora, Berriatuko euskerearen hiztegi zabala (diru, neurri, arrain, txori, haize, sagar mota eta abarren zerrenda luzeak barne) nahiz lexiko honen azterketea, Berriatuko aditz laguntzailea Ondarroakoagaz eta Markinakoagaz konparatua, Berriatuko euskerearen azentu sistemea, Berriatuan lekutzen diran kondairak eta abar batzen dituan liburu potolo bihurtu da.

Aitamen berezia merezidu dabe liburu honetan agertzen diran argazki zaharrek be. Gehienak, danak ez esatearren, Berriatuko jentearen antxinako irudiak dira, herriaren nortasun, ohitura, fede eta egunerokoaren adierazgarri. Argazki horreetako askok, ia 100 urte ditue. Zaharrena, 1892. urtekoa da.

Ze dinozu? dokumentala, hasiera batean, liburu honen aurkezpen egunari begira sortu eban Itziarrek. Bertan, Saioa Lopez berriatuarrak eta Pablo Olabarriak parte hartzen dabe; eta grabaketa nahiz maketazino lanak, Juan Bidegain Ondarrutarrak egin ditu.

Berriatua-Ondarroa (Bizkaia) inguruan lekutzen dan dokumental honetan, alde batetik, euskalkiek eskaintzen deuskuen aberastasuna eta honeen egoerea islatu nahi da; baina bestetik, eta berenberegi, euskalkiz nahiz azpi-euskalkiz josiriko lurralde honetan, izan be, 7 kilometroren barruan hiru berbakera desbardin dagoz.

Hasiera batean lan hau liburuari lotuta jaio bazan be, preparetan hasi eta berehala, beste helburu batzuk lortzeko be baliogarria izan eikeala jaubetu ziran. Ondarroa eta Markina herriak, bai Bizkaian, bai Euskal Herrian, ezagunak dira. Bizkaierearen barruan be, Ondarroako eta Markinako euskerak entzute handikoak dira, nortasun handiko bi berbakera. Berriatua, bi herri horreen erdian dago, baina inork ez dau ezagutzen Lea-Artibai eskualdetik kanpo, ez herri moduan, ez eta bertan berba egiten dan euskereari lotuta. Berriatuko euskereak bi herrietako eragina hartu dau urteen poderioz, eta badauka zer aztertu, baina inork ez deutso sekula atentzinorik jarri orain arte. Esan daiteke, nortasun handiko bi herri nahiz berbakera horreek, Berriatukoa ia-ia jan egin dabela.

Arrazoi horreek bide, lan honegaz, euskalkien alorra ukitzeaz gan, honeek atxakitzat hartuta, Berriatuko herria, Bizkaiko eta Euskal Herriko jentearen mapetan kokatzeko erabili nahi da, BERRITXU ba dala HERRITXU adierazi! Horretarako dokumental hau zabaldu egin nahi da, Berriatuko herriaren izena, izana eta esana, ezagun egin asmoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu